Gure Eskuren bozeramaile Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Bakartxo Tejeriarekin bildu gara gaur. Eusko Legebiltzarreko lehendakariaren bidez, Gure Eskuk Legebiltzarrari dei egin dio erabakitzeko eskubidea arautzeko bidean hainbat konpromiso har ditzan. Bileraren ostean, konpromiso horiek zeintzuk diren azaldu dute prentsaurrean:
“Azken aldian, bateko eta besteko ordezkari politikoak entzun ditugu, han eta hemen, erabakitzeko eskubidea hizpide hartuta. Hitzetatik harago baina, ikusten dugu ez dagoela ekimenik. Zain dirudite, beste agertoki batzuetan zer gertatuko zain, hauteskunde zikloak noiz pasako zain. Nahiago genuke adierazpen gutxiago entzun, eta ekintza gehiago ikusi. Uste dugu gizartea nekatuta dagoela une egokia ez dela entzuteaz. Herri honek anbizio handiagoa merezi du. Herri honen burujabetza nahia ez baita itzali; alderantziz: burujabetza nahi horrek Pirinio osoko 400 gailur piztuko ditu uztailaren 2an.
Herri bat gara, eta herri gisa, gure etorkizun politikoa gure esku nahi dugu. Zazpi lurraldeetako herritarren %70a erreferendum bidez erabakitzearen alde agertzen da. 10etik 7: badago hori baino adostasun zabalagorik? Nola liteke parlamentu honek, legealdiz legealdi, gaia atzeratzen segitzea? 2018ko akordio politikoak erantzuten zion gehiengo zabal horri; ordutik hona, ordea, alderdiak gehiengoarengandik urrundu dira. Ez dezagun erabakitzeko eskubidea ibilbide laburreko adierazpen eta titularretara mugatu: erabakitzeko eskubideak herri eztabaida serio bat merezi du.
Errealitatea tematia baita, eta behin eta berriz erakusten dizkigu burujabetza gabeziaren ondorio larriak. Osasun krisiaren kudeaketak agerian utzi du zein ahula den gure herriaren autogoberna, eta zein erraz ken diezazkiguketen Madrildik eta Paristik gure eskumen mugatuak. Gure erakundeei herritarrok zaintzeko tresnak falta zaizkie, beharrezko neurriak hartzeko gaitasuna falta zaie. Horregatik, bizitakoak bizi ondoren, burujabetzan sakontzeko determinazioa izan beharko genuke, unean-uneko urjentziek zerikusi handia baitute etorkizuneko erronkekin. Ipar Euskal Herrian brebeta euskaraz egin eta zuzentzeko ikasle, irakasle eta herritar askoren borroka adibide ederra da: Euskal Elkargoak aldarrikapen hori jaso eta bideratzeko konpromisoa bere gain hartzea lortu dute.
Euskal herritar gehienok ez dugu indarrean dagoen marko juridiko-politikoa berresteko edo aldatzeko aukerarik izan. Guk ez dugu aukeratu hiru eremu administratibotan eta bi estatutan banatuta bizitzea. Ezin dugu halako erabakiak beste inoren eskuetan egotea onartu, guk geu hartu behar ditugu, gure esku behar ditugu. Herriari hitza emateko garaia da, edo beharbada, herritarrok hitza hartzekoa. Euskal herritarrok gure erakunde politikoak, gure estatus politikoa eta autogobernu-maila eta gure lurraldeen arteko harremanak zuzenean, mugarik gabe eta libre erabakitzeko eskubidea dugu. Munduko nazio guztiek bezala, gure etorkizuna autodeterminatzeko eskubidea dugu. Honenbestez, erabakitzeko tresnak behar ditugu herritarron eskura, besteak beste, erreferendumak.
Erreferendum bidez erabaki nahi dugu, eta erabakitzera goaz. Eta prozesu horretan, instituzioen egitekoa herritarron borondatea arautzea eta bide ematea da. Hain justu, “erreferendumak egiteko ahalmen osoa beren gain hartu, arautu eta gara dezaten” interpelatu ditugu euskal erakundeak Hamaika Gara manifestuarekin, pandemia betean 21.389 sinadura bilduz. Eta norabide berean, abenduaren 18an, Arantzazuko Adierazpena plazaratu genuen Euskal Herriko 100 pertsona erreferenterekin batera, erakundeei “erabakitzeko eskubidea instituzionalizatu eta lege bilakatzeko konpromisoa har dezaten” dei eginez. Ez dira baina, zentzu horretan egindako aldarri bakarrak: gizarteak urte luzetan erakutsi ditu bere borondatea eta konpromisoa, bai Gure Esku sortu aurretik baita ondoren ere, bederatzi urtean egin ditugun herri-galdeketa, giza-kate eta askotariko mobilizazio masiboetan.
Euskal Herri osoko erakundeak interpelatu izan ditugu, eta horretan segiko dugu. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere bide instituzionalak urratzeko lanean dihardugu, baina gaur, Gasteizen gaude, eta Eusko Legebiltzarrari zuzentzen gatzaizkio.
Eusko Legebiltzarrari dei egiten diogu ondorengo konpromisoak har ditzan:
1. Gure etorkizun politikoa erabakitzeko prozesu bat abiarazi eta urratsak zehazteko eztabaida irekitzea, beranduenez, 2022-23ko ikasturte politikoan.
2. Eztabaida gardena eta irekia izatea eta herritarron hitza entzun eta aintzat hartzea.
3. Erabakitzeko prozesua herritarron parte hartzean oinarritzea, eta horretarako tresna eta mekanismoak aurreikustea, herritarron borondatea berresteko galdeketa bat barne.
4. Konpromiso hauek Eusko Legebiltzarrean bideratzea, eta dagozkion adostasunak lantzea, erabakitzeko eskubidea lege bilakatzeko.
Motzean esanda: erabakitzeko eskubidea lege bilakatzeko eztabaida udazkenean bertan berrartzeko eta herritarrok eztabaida horretan parte hartzea bermatzeko mekanismoak bideratzeko dei egiten diogu Eusko Legebiltzarrari.
Edonola ere, argi diogu: erakundeak interpelatzeak ez du esan nahi haien erantzunaren zain geratuko garenik. Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko gure konpromisoa sendoa da, atzeraezina, eta ez dugu onartuko ez blokeorik ezta gehiengoaren borondateari betorik ere, demokratikoa ez delako. Gure esku dagoena egingo dugu beti aurrera egiteko, Legebiltzarretan zein haietatik kanpo bidea egin daitekeelako. Horregatik, gaur dei berezi bat egin nahi dizuegu euskal herritar guztiei: uztailaren 2an, zatozte Pirinioetako Bidea argiztatzera! Katalan eta euskal herritarrok 400 gailur inguru argiztatuko ditugu Pirinio osoan zehar. Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatuko dugu Higer lurmuturretik Creusera, Kantauritik Mediterraneora.
Hiru ardatzetan kokatzen dugu Pirinioetako Bidea: batetik, nazioarteko komunitatearen arreta geureganatu nahi dugu herrion autodeterminazio eskubidearen alde, gure ustez garrantzitsua baita auziaren muinean arreta jartzea, hau da, estatuek herritarren aldarrikapen zilegiei erantzuteko duten ezintasun demokratikoan; bestetik, katalan eta euskal herritarrok mobilizazioa elkarrekin antolatuz, elkartasunetik elkarlanerako jauzia egingo dugu; eta azkenik, herri gogoa berpiztu nahi dugu burujabetzan aurrera egiteko mugarri berri bat jarriz, eta uste dugu mobilizazio berezi honek horretan lagun dezakeela. Mobilizazio ikusgarria izango da, esperientzia ahaztezina, gure oroimenean luze iraungo duen mugarria!
Orain da unea: sar zaitezte www.gureesku.eus webgunean eta eman izena!”
The post Adierazpen eta titularretatik herri eztabaida serio batera pasatzeko garaia first appeared on Gure Esku.