Aldi honetan hiru ikastolek –Orereta-Oiartzo, Pasaia Lezo Lizeoa, Zarauzko Salbatore Mitxelena– eta Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkeak parte hartu dute bere teilatuak utziz autokontsumoko instalazioak ezartzeko.
Helburuak aurreko «Argi-Hezten» leihoko berdinak izaten jarraitzen du, alegia, energia sortzea modu lokal eta banatuan, herritarren partaidetzari garrantzia emanaz.
Teilatuetan instalazioak jartzeko aukera emanez parte hartu duten entitateek autokontsumoaz baliatuz euren argindarraren faktura murrizteko aukera izango dute. Gainera Orereta-Oiartzo, Salbatore Mitxelena eta Martin Ugaldeko instalazioak autokontsumo partekatuaz profitatuko dira hornidura puntu bat baino gehiago baitituzte autokontsumo partekatuak baimentzen duen 500 metroko erradioaren barruan.
Lehendik ere energia % 100 berriztagarria merkaturatu eta sortzen duen Goiener Taldea izango da proiektu hau aurrera ateratzeko eta finantzatzeko arduraduna. Helburua lortzeko, 4. ekarpen leihoa zabaldu dute 450.000 euro inguru biltzeko asmoz. Parte hartzea irekia izango da bazkide guztientzako eta eredu energetikoa aldatu nahi dutenentzako.
Instalazio guztiak fotovoltaikoak izanen dira eta sarera konektaturik egonen dira soberakinei probetxu ateratzeko. Guztira urtean 430 MWh inguru sortuz, gutxi gorabehera 300 etxebizitzak adina (Goienerreko kontsumo domestikoen batez bestekoan oinarrituta).
Sare elektrikoan energia % 100 berriztagarriaren kopurua handitzeaz gain CO2, NOx eta SOx emisioak murriztuko dira eta argindarraren garraioan eman ohi diren galerak ere bai, ondorioz 13.120 zuhaitzek urtean xurgatzen duten adina CO2 igortzea ekidinen da.