2022-03-25 06:00

Pasa den asteartean, martxoak 22, GOIENER, S.COOP.-eko Aparteko Batzarra egin genuen, argindarraren merkatuan izan den igoera izugarriak kooperatiban eragin duen krisi-finantzarioa dela-eta. 50 bazkide inguruk bertatik bertara parte-hartu zuten Batzarrean, eta ia 400 izan ziren modu telematikoan jarraitu zein bozkatu zutenak. Aparteko Batzar Orokor honetan, egoera ekonomikoari irtenbidea emateko onarpena behar zuten neurriak luze eta zabal azaldu ziren.

Finantzaketa handitzeko neurriak

Erika Martinez lehendakaria arduratu zen bazkideak agurtu eta Batzarrari hasiera emateaz, eta ondoren, Olatz Azurzak -gidari eta moderatzaile lanetan- Batzarra jarraitzeko xehetasunak eta gai-zerrenda azaldu zituen.

Mundu-mailako krisi ezberdinek kooperatibari nola eragin dioten, eta azken boladan ezarri diren merkatal-neurriek GOIENER-en merkaturatzaile-jarduera arriskuan nola jarri duten ohartarazi zuten Santi Ochoa de Eribek eta Jon Ruiz de Loizagak. Kooperatibaren finantzaketa indartzeko helburuz proposatutako neurriak azaltzeaz, Naroa Elortza, Maria Arretxe eta Isis Sansiñena arduratu ziren.

Aurkezpen txandak amaituta, eta bazkideei zalantzak argitzeko tartea eman ondoren, ondorengo puntuak bozkatu ziren Batzarrean:

1. Kapital Soziala handitzeko ekarpen berri bat baimentzea.
2. Etorkizuneko fakturak aurrez igortzeko aukera babestea.
3. COOP57 eta ACENEL elkarteetara atxikitzea.

Emaitzak

Bozketan parte-hartu zuten bazkideek (Demokratian bozka-sistema erabiliz), Batzarrean proposatutako puntu guztiak onartu zituzten. Emandako bozkak eta emaitzak esteka honetan egiaztatu daitezke.

Eta orain zer?

Batzarrean proposatutako neurriak aho-batez onartzeak, ez du esan nahi egun batetik bestera ezarriko direnik. Egoeraren arabera erabakiko da zein ezarri eta zein baldintzekin, uneoro bazkide bakoitzaren egoera kontuan hartu eta informazio gardena helaraziz.

Laburbilduz, bazkideen babesari esker, Goiener, S.Coop. indartuta atera da Aparteko Batzar honetatik eta erreminta eraginkorragoak ditu eskura merkatuaren gorabeherei aurre egiteko. Emaitza hauek, babes eta indar handiagoa emango digute lanean jarraitzeko, bizi dugun egoera geopolitikoarekiko, espekulazioekiko eta gure esku ez dauden merkatuaren mekanismoekiko askeago izaten jarraitzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko asmoarekin eratutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba