2025-03-10 20:56

Orain egun gutxi batzuk ezagutu dugu Poloniak bertan behera utzi duela Pablo Gonzalezen aurkako zigor auzibidea, Varsoviako Barrutiko Auzitegiak jakin arazi duenez. Diotenez, erabaki hori hartu dute Pablo Gonzalez dagoeneko ez dagoelako Polonian (gogoratu behar dugu Errusian dagoela bizitzen iazko abuztuan espetxetik atera zenetik presoen trukaketa bat egin eta gero).

Ordura arte ia 900 egun (2022ko otsailetik 2024ko abuztura) igaro zituen Poloniako espetxean, muturreko bizi-baldintzetan, isolamenduan, senideekin ia inongo harreman barik eta akusazio zehatzik gabe. Espetxetik atera eta bi astera prozesu judiziala indarrean jarri zuen Poloniako epaitegiak.

Aste honetan jakin dugunez, bertan behera utziko du prozedura judiziala orain. Behin kalean egonda Pablok emandako elkarrizketa bakarrean atxiloaldian jasandako torturak salatu zituen, bere buruaz beste egitera bultzatutako presioak barne.

Honen aurrean zera adierazi nahi dugu:

1.- Hasieratik Pablo Gonzalezen askatasuna aldarrikatu dugu, eta orain, bakean uztea ozen adierazi nahi dugu.

2.- Elkartasuna helarazi diegu Pablori, bere senide eta hurbilekoei eta herrikideei. Beste herrialde bateko ezarpen judizial pean gatibu egotea muturreko egoera bat da, eta oinarrizko eskubideak urratu zaizkie denbora honetan guztian. Gaur ere ondoan gaituzue.

3.- Prentsa askatasunaren aurkako erasoa izan da hastapenetik. Horregatik diogu prentsa askatasuna oinarrizko eskubidea izanik, defendatu beharra dagoela. Eta, beraz, Pablo defendatzea zegokigula ere.

4.- Europar Batasunaren aurkako kritika zorrotzean berresten gara. Utzikeriaz jokatu duelako bere partaidea den herrialde batek oinarrizko eskubideak etengabe urratu dituenean.

Gernika-Lumon, 2025eko martxoak 10

The post Utzi bakean Pablo Gonzalez! appeared first on Guernica Gernikara.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
2017. urtean, Gernika-Lumoko Memoria, Kultura eta Giza Eskubideen alorretan dihardugun zenbait eragile eta elkarte batu ginen Gernikako Bonbardaketaren Urteurrenerako herriko taldeen jardueretan gutxieneko koordinazio bat lortzeko, elkarrekin lagundu eta ekimen komunak bultzatzeko.