2025-01-08 18:50

Gernika Memoriaren Lekuko plataformak, Gernika-Palestina deialdi herritarra eta Mundubat elkartearekin elkarlanean, 2025ko Gernika Saria UNRWA elkartearentzat izatea proposatu nahi du, arrazoi hauek guztiagatik:

Zeregin paregabea betetzen du Palestinako ia 6 milioi errefuxiaturi laguntza eta babesa ematen, Sirian, Libanon, Jordanian, Gazan eta Zisjordanian (Jerusalem ekialdean ere bai). Gainera, ahalik eta giza garapenik handiena lortzen laguntzen die, haien egoera kritikoari bidezko eta behin betiko irtenbidea ematen zaion bitartean. Gernika-Palestina deialdi herritarraren partaidea naizenez, badut Palestinako errefuxiatuek bizi duten egoera dramatikoaren berri, eta badakite zein garrantzitsuak diren beraientzat UNRWAren presentzia eta laguntza.

UNRWAk ez du parerik Nazio Batuetako agentzien artean; izan ere, 75 urte daramatza biztanleria jakin bati bere zerbitzuak zuzenean ematen, behin eta berriro sortzen diren gatazka bortitzen testuinguru batean. Ematen dituen zerbitzuen artean daude: hezkuntza, osasun-laguntza, gizarte-zerbitzuak, mikrofinantzak, kanpamentuen azpiegitura eta hobekuntza, errefuxiatuen eskubideak nazioarteko zuzenbidearen arabera babestea eta laguntza humanitario eta larrialdietakoa krisialdietan. Nazio Batuen printzipio hauei jarraikiz ematen ditu zerbitzuok: gizatasuna, neutraltasuna, inpartzialtasuna eta independentzia operatiboa. 1949an sortu zenetik, ekarpen nabarmena egin die UNRWAk Palestinako hainbat belaunalditako errefuxiatuen giza garapenari eta babesari, autosufizientzia sustatuz eta krisialdietako sufrimendua arinduz. Aldi berean, eskualde osoa garatzen laguntzen du.

Gaur egun, UNRWAk 711 eskola kudeatzen ditu, non oinarrizko hezkuntza jasotzen duten Palestinako milioi-erdi haur errefuxiatuk. Giza eskubideen arloko hezkuntza eskaintzen du bere eskola guztietan. Horri esker, Palestinako ikasle errefuxiatuek aukera dute beren eskubideak erabiltzeko, tolerantzia eta indarkeriarik eza sustatzeko, giza eskubideei lotutako balioak defendatzeko, palestinar identitateaz harro sentitzeko eta beren gizarteari zein munduari ekarpen positiboa egiteko.

Azpimarratzekoa da UNRWAk 3,5 milioi errefuxiaturi ematen diela lehen mailako osasun-laguntza bere 143 osasun-kliniketan. Horrez gain, elikagaiak banatzen ditu, Gazan, baliabiderik gabeko milioi bat errefuxiatu baino gehiagoren artean, laguntza ematen die Siriako gatazkak eragindako 438.000 errefuxiatu palestinarri, gizarte-zerbitzuak ematen dizkie muturreko pobrezia-egoeran egonik oinarrizko elikadura beharrak asetzerik ez duten 250.000 errefuxiaturi eta bere konpromisoak betetzen ditu desgaitasunaren inklusioari eta genero-berdintasunari zein emakume eta nesken ahalduntzeari dagokienez (sektore anitzeko ikuspegia ematen dio bere jardunari, generoan oinarritutako indarkeriari aurre egiteko).

2024ko urriaren 6an, Israelgo parlamentuak UNRWAren operazioak amaitzea helburu duten bi lege-proiektu onartu zituen. Horien ondorioz, UNRWA 70 urte baino gehiagoz izan dituen instalazioetatik kanporatuko lukete, eta, inmunitatea kenduta, milioika errefuxiatu palestinarrei osasun-laguntza eta hezkuntza bezalako funtsezko zerbitzuak eskaintzeko gaitasuna larriki oztopatuko diete. Erabaki honek Gazako nazioarteko operazio humanitarioaren bizkarrezurra mehatxatzen du, dagoeneko bizi duen krisi larria areagotuz. Legediok indarrean jarriko dira 90 egunetara; hau da, aste batzuk barru.

Honek guztiak 1949an Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak agentziari ezarritako mandatua betetzeko gaitasuna geldiaraziko lioke, batetik. Bestetik, UNRWA lurraldetik desagertzea hondamendia litzateke palestinarrentzat; batez ere, Gaza eta Zisjordania, praktikoki, elikagaiak, ura, osasuna eta hezkuntzarako baliabiderik gabe utziko luketelako. Ondorio katastrofikoak ere izan ditzake Libano, Jordania eta Sirian dauden milioika errefuxiatu palestinarrentzat.

Bidegurutze historiko batean gaude. Humanitateak une erabakigarria bizi du. Eta guk etorkizuna eta itxaropena eraikitzearen aldeko hautua egin dugu. Ezin gara isilik geratu. Genozidioa STOP! Euskal jendartea historiaren alde onean dagoela ziurtatu nahi dugu.

Gernika-Lumon, 2025ko urtarrilean

Proposamenak prentsan izan du isla. Horren lekuko Busturialdeko Hitzak eta El Correok, idatzitakoa, eta Oizmendi TBk jasotakoa:

https://www.elcorreo.com/bizkaia/costa/gernika-busca-candidatos-premios-paz-reconciliacion-20250114152012-nt.html

https://www.oizmendi.eus/herriak/15-berriak/6505-gernika-memoriarn-lekuko-plataformak-2025eko-gernika-saria-united-nations-relief-and-works-agency-rentzat-izatea-proposatu-du

The post Gernika Sariak 2025 Gernika Memoriaren Lekukoren proposamena: UNRWA. appeared first on Guernica Gernikara.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
2017. urtean, Gernika-Lumoko Memoria, Kultura eta Giza Eskubideen alorretan dihardugun zenbait eragile eta elkarte batu ginen Gernikako Bonbardaketaren Urteurrenerako herriko taldeen jardueretan gutxieneko koordinazio bat lortzeko, elkarrekin lagundu eta ekimen komunak bultzatzeko.