2025-02-22 21:22

Tamalez, ezin dugu beste ezer esan. Aukera galdua baita, gure ustez.

2025ko otsailaren 19an (Busturialdeko Hitza) aurtengo Gernika Sariak nork/nortzuk jasoko duten berria ezagutu dugu: Antonio Guterresek NBEko idazkari nagusia eta Argentinako Antropologia taldeak.

Hasieratik, argi gera dadila: gure atsekabea adierazten dugu, nagusiki, nor ez den izan saritua adierazteko. Izan ere, UNRWA errefuxiatuen agentziaren proposamena mahai gaineratu genuen Gernika Memoriaren Lekuko, Gernika-Palestina eta Mundubat elkarteak, elkarlanean, sarien parte-hartze prozesuaren baitan. Eta, bistan denez, ez da onartua izan epai-mahaiaren gehiengoagatik.

Gogora dezagun zeintzuk ziren aldeko argudioak:

Palestinako ia 6 milioi errefuxiaturi laguntza eta babesa ematen die, Sirian, Libanon, Jordanian, Gazan eta Zisjordanian (Jerusalem ekialdean ere bai).

75 urte daramatza biztanleria jakin bati bere zerbitzuak zuzenean ematen: hezkuntza, osasun-laguntza, gizarte-zerbitzuak, mikrofinantzak, kanpamentuen azpiegitura eta hobekuntza, errefuxiatuen eskubideak nazioarteko zuzenbidearen arabera babestea eta laguntza humanitario eta larrialdietakoa krisialdietan.

– Azpimarratzekoa da UNRWAk 3,5 milioi errefuxiaturi ematen diela lehen mailako osasun-laguntza bere 143 osasun-kliniketan.

– 2024ko urriaren 6an, Israelgo parlamentuak UNRWAren operazioak amaitzea helburu duten bi lege-proiektu onartu zituen. Horien ondorioz, UNRWA 70 urte baino gehiagoz izan dituen instalazioetatik kanporatuko lukete, eta, inmunitatea kenduta, milioika errefuxiatu palestinarrei osasun-laguntza eta hezkuntza bezalako funtsezko zerbitzuak eskaintzeko gaitasuna larriki oztopatuko diete. Legediok, 2025eko urtarrilean indarrean jarri dira jada.

Gernika Sarien deliberazioa egin bitartean, gogoratu behar dugu Eusko Jaurlaritzak 2024ko abenduan René Cassin giza eskubideen saria, eta egun batzuk barru -2025ko martxoan- Ignacio Ellacuria garapenerako lankidetzaren sariak eman/go die UNRWA Nazio Batuen errefuxiatuen agentziari. Eta positiboki baloratzen ditugu bi sariok.

Gaur egun su eten testuingurua dago. Haatik, giza hondamendiak bere horretan dirau Gazan. Horregatik uste dugu elkartasuna eta aitortza helaraztea aho batez orain, nondik eta Gernikatik, ezinbestekoa dela.

Honi gehitu behar diogu egoera erabat konplexua eta ezegonkorra dela, eta azken asteetan ikusi dugun bezala, adosturiko su etena uneoro kolokan dagoela. Alegia, Israelgo parlamentuak eskumena eman dio Netanyahuri bere aurka egiteko nazioarteko arautegi guztien aurka (bide batez esateko, azken hilabeteetan egin bezala NBEn begien aurrean bere agentziako kideak erail dituenean), horrek suposatzen duen guztiarekin.

Horregatik uste dugu, aurtengo apirilaren 26an, giza eskubideak eta justizia soziala sustatzen duten Gernika Sariek Palestinako herritarrei zuzeneko arreta eskaintzen dienari ematea zuzenena dela, eta Gernika-Lumoko biztanleriaren gehiengoak begi onez ikusiko lukeela.

Gernika-Lumon, 2025eko otsailaren 23an

The post Gernika Sariak 2025: aukera galdua appeared first on Guernica Gernikara.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
2017. urtean, Gernika-Lumoko Memoria, Kultura eta Giza Eskubideen alorretan dihardugun zenbait eragile eta elkarte batu ginen Gernikako Bonbardaketaren Urteurrenerako herriko taldeen jardueretan gutxieneko koordinazio bat lortzeko, elkarrekin lagundu eta ekimen komunak bultzatzeko.