2025-01-02 14:04

1937ko urtarrilaren 17an (aurten, 88 urte betetzen dira, beraz) Gernikako udalean ikurriña altxatu zen ofizialki, lehen aldiz. Jose Labauriak -handik gutxira, otsailaren 13an alkate izendatua eta bonbardaketa egunean herriko ordezkari-burua izandakoak- bultzatu zuen ekimena, garai aztoratu batean.

Gure ustez, egun esanguratsua eta garrantzitsua da, azpimarra berezia izatea merezi duena. Gure herriaren ikurra, euskal herritarron sinboloa, herritarrak ordezkatzen duen eraikinean zegokion/dagokion lekuan zegoelako/dagoelako, horrela.

Luzea da ikurriñak izan duen jazarpena, eta, bere bitartez, gu guztiok pairaturikoa. Ezinbesteko eztabaida sustatu beharra dago gaur egun inposaturiko ikurrek udaletxean duten lekuaz. Sinboloek garrantzia dute, zalantzarik gabe; eta bandera arrotzen derrigortasunak, demokraziaren kontra joateaz gain, existitzen diren gehiengo sozialen eskubideak urratzen ditu. Are gehiago herri libre bat izatea desio dugunontzat.

Horregatik, zera adierazi nahi dugu:

1.- Gaurdanik egun honek izan beharko lukeen herritarren ezagupena, zabalpena eta parte-hartzea sustatzen saiatuko gara.

2.- Egungo udal taldeei (are gehiago abertzaleak izanik hirurak) aktibo izatea urterik urte egun honek dagokion aitortza instituzionala izateko. Eta eskertzekoa litzateke, aho batez eta modu bateratuan egitea, gainera.

3.- Zinez, efemeride honek izan behar duen garrantziaren lekuko, denon artean adosturiko ekimena bultzatzea beharrezkoa dela deritzogu. Gure prestutasuna azaltzen dugu, horretarako, eta, udal ordezkariak partaide izatera animatzen ditugu.

Gernika-Lumon, 2025ko urtarrilean

The post 1937.eko urtarrilak 17, ikurriña lehen aldiz Gernikako udalean appeared first on Guernica Gernikara.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
2017. urtean, Gernika-Lumoko Memoria, Kultura eta Giza Eskubideen alorretan dihardugun zenbait eragile eta elkarte batu ginen Gernikako Bonbardaketaren Urteurrenerako herriko taldeen jardueretan gutxieneko koordinazio bat lortzeko, elkarrekin lagundu eta ekimen komunak bultzatzeko.