COVID-19aren pandemiak Euskal Herrian eta mundu osoan eragin duen ezohiko errealitateak agerian utzi du kohesio sozialeko eta zaintzarako mekanismoek gizarte osoarentzat duten garrantzia. Bidasoa ibaiaren bi aldeetan ezarritako osasun-larrialdi egoerak agerian uzten du norbanako bakoitzak komunitate oso baten ongizatearen eraikuntzan duen garrantzia. Une erabakigarria eta tentsio handikoa da osasun-sistementzat. Euskal Herrian osasungintza sistemen indarguneak eta ahuleziak patxadaz aztertzeko aukera izango da aurrerago ere, baina dagoeneko marrazten ari den COVID-19 osteko agertokiak gizarte-babeseko sistemak tentsioan jarri eta jarriko ditu, bere jarduera-eremu guztietan.
Ingurumari honetan, etorkizuneko erronkei aurre egiteko Euskal Herrian indarrean diren gizarte-babes sistemei neurria hartzea ariketa garrantzitsua da. Gizarte-Babeserako Estatistika Integratuen Europako Sistemak (GBEIES) Europako beste herrialdeekin alderatzea ahalbidetzen du. 2017 urteko datuen arabera Euskal Herriko BPGren %24,5a gizarte babesera bideratzen da. BPGrekiko proportzioan gizarte babeseko gastu handiena 2013 urtean gauzatu zen eta, egungo gastua duela hamar urte baino handiagoa bada ere, azken urteotan gastu-maila arintzeko joera nagusitu da.
Euskal Herriko gizarte babes-maila egun Portugalen parekoa da (%24,6) eta urrun da Europar Batasunean (%28,2), Danimarkan (%232,2), Finlandian (%30,6), Alemanian (%29,7) edota Italian (%29,1) bideratzen den gastu-mailatik. Hiru administrazio nagusien artean Ipar EHko gastu-maila Frantziari dagokiona da (%34,1) eta Hego EHkoa baino nabarmen handiagoa da. Beraz, alderaketa egin nahian Euskal Herriko bataz bestekoa aipatzen ari bagara ere, aldea nabarmena da, Bidasoa ibaiaren bi aldeen artean.
Gizarte-Babeserako Estatistika Integratuen Europako Sistemak gizarte babeseko gastua zortzi funtzioen arabera egituratzen du:
Egungo osasun larrialdi egoeran gaixotasuna eta osasun-atentzioaren funtzioari erreparatzeko une egokia da. Euskal Herrian funtzio horretara bideratutako gastua BPGren %6,4koa da. Kasu honetan ere gastua handiagoa da Ipar EHn (%9,1) Hego EHn baino. Euskal Herrian gaixotasuna/osasun-atentzioari bideraturiko gastua Espainia eta Italiaren parekoa da, baina Europar Batasunekoa eta erreferentziazko beste lurraldeena baino apalagoa. Hego Euskal Herriko administrazioek, beraz, Ipar Euskal Herrira begira dezakete eta handik ikasi. Are gehiago, Europako Batasunaren baitako muga administratiboa izanda, politikak harmonizatu eta gizarte babeseko eremu lankidea osatze aldera.