Begien aurrean duzun hau ahalegin esperimental jakin baten emaitza da. Galdera nagusi bati erantzun nahi izan diogu honekin: zein da udalerri bakoitzaren gaitasuna elikagaiak sortzeari dagokionez? Galdera horren erantzuna, ordea, norabide jakin batean marraztu nahi izan dugu. Udalerriaren egitasmo estrategikoetan lurrak komunitatearen zein pertsonen ongizaterako duen balioa azaleratzeko eredua garatzen hasteko norabidean, alegia.
Hartara, Gaindegiaren eta Bizkaiko EHNEren artean Errigoiti, Elorrio, Karrantza eta Larrabetzuko udalerrien azterketa egin dugu.
Hirigintza Plan Orokorren moduko eragiketek (HAPO) biotopo eta gainerako natura berezitasunak betikotzeko ahalegina egiten duten moduan, udalerriek landa-lurra betikotzeko ahalegina egin beharko lukete, galerak ahalik eta gehien murriztuz eta dagoeneko eraikita dagoena berrerabiliz. Baina, horrek herriz herri herritarren zein tokiko eragileen bultzadaz gehiengoak osatzea eskatzen du.
Azterlan honek udalerriko dimentsio sozioekonomiko nagusiak (eskaria eta sektorearen desmartxa) eta lurraren ezaugarriak (berez dituen ezaugarriak eta gaur egun ematen zaion erabilera) biltzen ditu. Honelako tresnen bitartez, HAPO-aren prozesuan parte hartzen duen herritarrak bere esku izango ditu elikagaien kontsumo eta ekoizpenari lotutako balio nagusiak.
Esandakoak agerian jartzen du gure hirigintzaren gabezia handi bat: lurrari eta elikagaien ekoizpenari eskaintzen zaion arreta eskasa. Hori bera, ordea, erronka ilusionagarri bat bihurtu zaigu bizi ditugun garaiotan. Udalerri eta eskualdeak gai izango ote dira bere landa lurra ongi kudeatuz bere biztanleak hornitzeko?
Bide horretan baliabide metodologiko bat eskaini nahi genuke, ibilian eta elkarlanean indartuz joan beharko lukeena.
Lan esperimental honek hainbat erakunderen babesa izan du gauzatzera iristeko, horien artean, Garapenerako Lankidetzarako Euskal Agentziarena1, Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Mundubat Fundazioarena. Halaber, eskertzekoa da Elorrio, Errigoiti, Karrantza eta Larrabetzuko udalek emandako erraztasunak proiektua gauzatu ahal izateko.
OHARRAK
1) Garapenerako Lankidetzarako Euskal Agentziak babestutako proiektuaren erreferentzia zenbakia:PRO2017k3/0003