2024-09-11 09:32

Irailaren 26rako Zaintza eta euskara. Sareak eraikitzen mintegia antolatu du Euskalgintzaren Kontseiluak, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin. Izenematea ireki da.

Kontseiluan aspaldian ohartuta gaude lan eremua, eremu sozioekonomikoa euskalduntzea ezinbestekoa dela gure hizkuntzaren biziberritze prozesuan, eta, era berean, zaintzaren sektorea estrategikotzat dugu, nahiz eta sarri euskalgintzak berak eremu sozioekonomikoaz ari denean prekarizatutako eta feminizatutako sektore hau bazter uzten duen. Baina, badakigu euskararen gaiak tentsioak ere sortzen dituela. Izan ere, zaintza egokiaren parte da norbera ardazten den hizkuntzan zaindua izatea. Baina, besteak beste, arestian aipaturiko prekarizazioaren ondorioz, zaintzan aritzen diren langilek dira gure gizartean euskararako irisbiderik zailena dutenak.

Hori horrela, egoera ezagutu eta euskalgintzatik eskaini daitekeena aztertzeko mintegi hau antolatu du Kontseiluak.

Batetik, gogoetarako gunea izango da, esaterako, aholkularitzen sektoretik zein bide urratu diren hausnartzeko. Bestetik, etxez etxeko eta zaintzaren alorreko langileen sektorearen erradiografia bat egiten saiatuko gara, irakurketa feminista bat eginez, eta, nola ez, sektoreko langileei eurei ahotsa emanez. Era berean, helduen euskalduntze-alfabetatzeari zer nolako erronkak dakarzkion ere aztertuko dugu. Arlo sozialean, ostera, korapiloa askatzen saiatzeko martxan jarritako hainbat esperientziaren berri ere jasoko dugu.

Mintegia irailaren 26an, goizez, egingo da, Donostiako Santa Teresa Komentuko KMK aretoan. Parte hartzea doakoa da, baina, aurretik izena eman behar da, irailaren 23a baino lehen.

 

KONTSEILUA.EUS

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskalgintzaren Kontseilua euskararen normalizazioan diharduen erakundeen bilgunea da. Euskararen lurralde osoan dihardu lanean bertako erakunde, instituzio, eragile eta agenteen arteko elkarlana eta inplikazioa bultzatuz.