Berriki, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. eta 3. zenbakiko epaitegiek Pasaiako Udalak 2023an egindako kale-garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko deialdian gutxieneko euskara mailaren eskakizuna baliogabetzeko bi epai eman dituzte. Deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren arabera, lanpostuak betetzeko beste hainbat eskakizunen artean, euskarazko 1. hizkuntza eskakizuna (B1 maila) jarri zitzaien 2015. urtean hamabost lanposturi. Bada, epai hauen arabera, diskriminatzailea da euskararen gutxieneko eskakizun hori ezartzea, argudiatzen baita lanpostu publikoetara baldintza beretan iristeko oinarrizko eskubidea urratu egiten dela.
Berriro ere, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren aurkako oldarraldi judizialaren agerraldi baten aurrean gaude. Epairik epai jurisprudentzia eratuz, gero eta sakonagoa da oldarraldiaren eragina; gero eta handiagoa euskararen eta hizkuntza-berdintasunaren aldeko politika publikoak egiteko zailtasuna. Hainbatetan esan dugu sententzia batetik bestera are eta larriagoa dela egoera, eta, tamalez, honetan berretsi beharrean gaude.
Horregatik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hurrengo Legebiltzarra aukeratzeko hauteskunde kanpaina betean gauden honetan, euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzearen alde dauden indar politikoei dei egiten diegu datorren legegintzaldira begira oldarraldiari aurre egiteko konpromisoak har ditzaten. Zehazki, azken asteetan legelari adituek egindako proposamenen bidetik, eta Kataluniako zein Galiziako ereduak aintzat harturik, administrazio publikoko hizkuntza-irizpideen paradigma alda dezaten, gaztelera izan ez dadin enplegu publikorako obligaziozko hizkuntza bakarra. Horixe da oldarraldiaren aurrean babesteko modua, eta hizkuntz berdintasunaren bermea abiatzekoa. Aurre egitetik aurrera egiteko urratsa.
Ildo horretatik, uste dugu euskararen normalizazioak orain arte izan duena baino leku eta indar gehiago behar duela euskaltzaletasunean kokatzen diren alderdien kanpaina eta programetan. Iazko azaroaren 4ko manifestazio jendetsuan herritarrek sendo erakutsi zuten gai honek eragiten dien kezka. Amaitu berri den Korrikan, gizarteak are eta sendoago erakutsi du euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko jarrera. Euskal hiztun komunitateak egunero-egunero erausten du konpromiso irmo bat. Jendarteak, orokorrean, praktika eta jarrera ugariren bidez behin eta berriro adierazten du euskara minorizaziotik ateratzea nahi duela.
Euskalgintzaren Kontseiluak bere babesa adierazi nahi dio Pasaiako Udalari euskararen normalizazio prozesuaren aurkako eraso honen aurrean helegitea jarri eta prozesua azken bururaino eramateko. Halaber, alderdi politikoei eskatzen diegu adostasun zabal hori aintzat hartzeko eta euskararen normalizazioa bermatuko duten proposamen eta neurri bihurtzeko. Ekarri dezatela euskararen normalizazio eta biziberritzea beraien agendetako lehen lerrora. Izan ere, euskararen normalizazioan aurrera egitea hizkuntza-eskubideak bermatzeko urratsak ematea da justizia soziala eta gizarte kohesioa sendotzea, bizikidetza indartzea, askatasunean eta demokrazian sakontzea. Gizartea erdiz erdi zeharkatzen duen lehen mailako auzi politikoa, hain zuzen.
Honenbestez, Hizkuntza Eskubideen Babeserako Protokoloa aktibatu ondoren, BOKALE Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak eta Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzea deitu dute ostiral honetan, hilak 12, 18:30ean Pasai Antxoko Biteri plazan. Halaber, ostiral goizean Udaleko langile batzordeak ere elkarretaratzea deituko duela jakinarazi du. Hauen aurrean, herritar guztien hizkuntza eskubideen defentsan sinesten duten eragile eta norbanakoak mobilizazioetan parte hartzera eta eraso hau salatzera gonbidatzen dituzte.