Gaur, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazioa arautzeko Foru Dekretua onartu du, Merezimenduen Dekretua izenez ere ezaguna. Arau honek Nafarroako ehunka edo milaka lanpostutan euskararen ezagutza meritu gisa baloratua izatea ere debekatuko du. Martxoan, «euskara eta euskaldunak mespretxatzen dituela» adierazi zuten Nafarroako 60tik gora osasungintzako langilek, gizarte eragileetako ordezkarik eta norbanako ezagunek.
2019ko urrian, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak legeak ezarritako eremu mistoan, ez-euskaldunean eta administrazioko zerbitzu zentraletako lanpostuetan euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzea ahalbidetzen zuen 103/2017 Foru Dekretuko 31., 35. eta 39. artikuluak eta laugarren xedapen iragankorra baliogabetu zituen, “diskriminatzaileak” eta “neurriz kanpokoak” zirela argudiatuz.
Horren ondorioz, 2019tik aurrera, eremu “misto” eta “ez-euskalduneko” ehunka lanpostu publikotarako deialdietan alemana, frantsesa eta ingelesa bezalako atzerriko hizkuntzak meritu gisa baloratu dira, ez ordea euskararen ezagutza, Nafarroako berezko hizkuntza dena. Printzipioz, urteetan luzatu den hutsune hori betetzera letorke Merezimenduen Dekretu berri hau baina, tamalez, 2017ko Foru Dekretuaren jatorrizko neurriak edukiz hustu dira. Ondorioz, nafar herritarren eta euskal hiztunen eskubideak alboratu eta zerbitzu publikoetan euskara erabili ahal izateari zein Nafarroako Gobernuaren euskararekiko aitortzari muga eta oztopo sendoak ezarriko dizkio.
Euskalgintzaren Kontseiluaren balorazioa
Euskararen aldeko eragile garrantzitsuenak batzen dituen Euskalgintzaren Kontseiluaren iritziz, dekretu berri honek ezartzen duen atzerapausoa oso larria da. Orain arte, legeak ezarritako eremu “ez-euskaldunean” euskararen ezagutza baloratu ahal izan da lanpostu batzuetarako. Dekretu berriarekin, berriz, hori ere ezabatu da eta Nafarroan ofizialak edo berezkoak ez diren atzerriko hizkuntzak baloratu ahal izan dira. Eremu “mistoan” berriz, 1994an euskararen ezagutza % 10 eta % 5 baloratzen zen, 2009tik aurrera lanpostu batzuetan % 3 eta besteetan % 6. Orain ordea, gutxieneko balorazio orokortu hori ere baztertu dute Dekretu berri honekin eta lanpostu jakin batzuetan soilik baloratu ahalko da euskararen ezagutza. Gobernuari deialdiz deialdi balorazio hori nola egingo den eta zein jarraipen izango duen galdetu zioten arren, ez du erantzunik eman oraindik.
Eremu euskaldunean bertan ere, dekretu honek epaitegietan baliogabetu ez ziren neurriak baino atzerakoiagoak ezartzen ditu. Horrek argi uzten du dekretu berriaren helburua ez dela auzitegiak baliogabetutakoari irtenbidea ematea, baizik eta euskal hiztunen eskubideak zokoratzen jarraitzeko intentzionalitate osoa duela eta, finean, gutxiagotutako hizkuntza eta hiztunen diskriminazioa betikotzeko.
Kontseiluarentzat atzerapauso onartezina da eta oldarraldi euskarafobo, atzerakoi eta erreakzionarioaren baitan kokatzen du erabaki hau. Era berean, nabarmendu du parametroak aldatzeko garaia dela: ez dezagun hitz egin puntuazioez edo merituez, hitz egin dezagun herritarrek beren hizkuntzan administrazioarekin jarduteko duten eskubideaz. Ez da gauza abstraktu bat, administrazioan euskaraz jarduteko eta erantzuna hizkuntza berean jasotzeko eskubideaz ari gara. Eta hori gauzatzeko bide bakarra dago: langile elebidunak hartzea. Horregatik, ezinbestekoa da urgentziaz zerbitzu zentraletan hizkuntza-eskubideak bermatzeari begirako lanpostu elebidunak eta dagozkien neurri eraginkorrak martxan jartzea. Izan ere, merezimenduetatik harago, beharrezko euskarazko lanpostuak bermatu ezean, hizkuntza-eskubideen urraketak betikotuko dira. Bide horretan berriki argitaratutako hizkuntza-planak pauso bat izan daitezkeen arren, plan horietako helburuak zonifikazioan oinarritzeak eta merezimenduen dekretua aipatutako parametroetan onartzeak egungo egoera gainditzeko oinarrizko zutabe gabe jarraitzea suposatuko du.
Azkenik, 2019tik lau urte luzez izan den utzikeria, epeen luzatzea eta euskararen aldeko eragileek zein Euskararen Nafar Kontseiluak berak emandako iritzi, gomendio eta ekarpenekiko entzungor egin izana salatu du. Proposamen guztiak gutxietsiz, eta hurrengo urteetan administrazio publikoan eta herritarrekiko zerbitzuetan euskararen erabilera mugatu eta oztopatuko duen dekretua onartuz. Urte guzti hauetako luzamendu eta ez betetzeek argi erakutsi dute Nafarroako Gobernuaren jarrera atzerakoia, bai eta 5 urte hauetako deialdietan euskara ez baloratzeko aurrera eraman duten estrategia ere. Euskaraz bizi diren edo bizi nahiko duten herritarren eskubideak kondenatu dituzte eta, beraz, horrek oinarrizko eskubideen zein Nafarroako herritarren berdintasunaren eta kohesio sozialaren kontrako jarrera erakusten du.
Horrekin batera, Kontseiluak argi utzi nahi du guzti honen muinean 1986ko Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioa dagoela. Horrek ahalbidetzen duela horrelako dekretu bat onartu ahal izatea. Izan ere, orduko zonifikazioaren bidez ebatzi zen Nafarroan bi mailako herritarrak daudela; bizitokiaren arabera, herritar batzuei hizkuntza-eskubide guztiak aitortzen zaizkiela eta besteei ez. Hartara, Kontseiluak aldarrikatzen du egiturazko aldaketa bat behar dela: euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabalduko duen Euskararen Lege berri bat. Gutxieneko hori gabe, ezinezkoa baita herritar guztien eskubideak bermatuko dituzten politikak garatu ahal izatea.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren balorazioa
Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak azaldu duenez, «kontuan izan behar dugu dekretu honen garrantzia. Lanpostuen perfiletatik harago, euskara merezimendu gisa ezartzeak, zerbitzu horietan euskarazko arreta bermatuko ez duen arren, neurri egokiak proposatuaz, bultzada garrantzitsua eman diezaioke Nafarroako Gobernuko departamentu ezberdinak euskaraz lan egin eta zerbitzuak euskaraz eskaintzeko gaitasuna hobetzeko».
Bestalde, gaineratu du «dekretu berri honek ez du kontuan hartzen egun dagoen egoera bidegabea: 2023ko plantilla organikoan lanpostu publikoen % 2 inguru dira soilik euskararen nahitaezko ezagutzaren bat perfilatua duten lanpostuak, eta horietako gehienak legeak ezarritako eremu euskaldunekoak dira. Beraz, eremu mistoan ezarritako zerbitzu zentraletan euskara erabiltzeko edo euskaraz zerbitzuak jasotzeko dauden aukera murritzek Nafarroako herritar guztiei eragiten diete. Eta, nola ez, Nafarroako Gobernuaren administrazio osoan herritarrek bertoko hizkuntzan jarduteko edo informazioa eta zaintza jasotzeko aukera baldintzatua, mugatua edo ezeztatua dute».
«Nola izan daiteke, 2023an oraindik Gobernuaren webgune eta zerbitzu telematikoak euskaraz behar bezala eta informazio osoarekin gaitu gabe egotea? Nola izan daiteke Iruñerrian bertan osasun zerbitzuak euskaraz jasotzea kasualitate txikienaren ondorioz izatea? Larrialdi, polizia, suhiltzaile zein bestelako zerbitzuetako lanpostu gehienetan euskarazko hitz bakar bat ez ulertzea? Administrazioarekin eginbide bat euskaraz egiteagatik epeak mugarik gabe luzatzea? Euskaraz funtzionatzen duten udalek zerbitzu zentraletara euskaraz jotzean hainbat oztopo pairatzea? Ba horiek denak eta gehiago dira dekretu hau bezalako erabakien ondorio» esan du Behatokiko eledunak.
–