2022-04-11 13:42

ELEN Europako hizkuntzen berdintasunerako sareak eta Kevre Breizh Bertainieraren aldeko erakundeen kontseiluak Etnozidioa: Frantziako Tabua izenburuko jardunaldia antolatu zuten pasa den martxoaren 19an, Bretainiako Gwened herrian. Bertan izan zen Haizpea Abrisketa Euskalgintzaren Kontseilua ordezkatzen, eta jardunaldien kronika egin du.

Jardunaldian zehar, Frantziar Estatuko hizkuntza-politikek hizkuntza gutxituengan izan duten eragina aztertu zuten adituek, ematen ari den etnozidio baten zantzuak argiki azalduz.

Yves Plasserand juristak etnozidioaren definizioa egin zuen, esanez, etnozidioa herri baten kulturaren borondatezko deuseztatzea dela. Bere iritziz, genozidioak populazioaren suntsiketa dakar berekin baian etnozidioak populazioa suntsitu gabe, populazio horren kultura suntsitzeko ezartzen den estrategia litzateke.

Pierre Klein Alsaziar irakasle, ikerlari eta Alsaziako Herritar Iniziatiba eta Alsazia Elebidun erakundearen presidenteak, hizkuntza mutazioen inguruan mintzatu zen eta linguizidio hitza erabili zuen estatu-nazioek hizkuntza gutxituen heriotza bilatzen dutela definitzeko. Kleinek azaldu zuen hizkuntzak ezin direla haien kulturatik berezi, eta frantsesaren adibidea eman zuen, azalduz Suitzako frantses hiztuna eta Frantziakoaren artean dagoen ezberdintasuna kultura dela. Adibide gisa, Alsazian mintzo diren alemaniar dialektalak onarpena behar duela adierazi zuen, bertako kulturaren isla den heinean eta gaur egun erabat frantsestua izan dena.

Rozenn Milin Sorosoro programaren zuzendaria, historialaria eta ikerlariak Iraultzatik gaur egun arte Frantziak izan dituen hizkuntza inposaketarako politikak ikertu zituen. Azalarazi zuenez, estrategia oso bat dago politika horien atzean eta horren adibide da kolonialismoan izandako jarrera. Ondoren, hexagonoan eta kolonietan izandako praktikak konparatu zituen: bietan frantsesa inposatu nahi izan da, baina hexagonoan etnozidio argi bat bultzatu egin da, aldiz kolonietan elite bat frantsestu nahi izan delarik, bertako aberastasunak hartzea baitzen helburua eta ez tokiko jendea asimilatzea. Halere, hexagonoan erabilitako praktikak baliagarriak izan zaizkie, Ferryren garaian landutakoak bereziki. Jules Ferryk hezkuntza unibertsala hedatu bazuen ere, kolonialismoan edukitako paper garrantzitsua azpimarratu nahi izan zuen ikerlariak, frantsesaren hedatzeko politika linguizida eta etnozidak martxan jarriz. Adibide gogorrak aipatu zituen, haurrei ematen zitzaizkien zigorren deskripzio zorrotza bezain bortitza eginez.

Jean-Jacques Monierek bere aldetik azaldu zuen nolatan Frantziar estatuko eraikuntza nazionala lurraldearen aniztasunaren aurka eraiki den.

Gwennyn kantari eta konpositoreak bretainiar kulturak duen babes falta eta zabalkunderako zailtasunak deskribatu zituen: nolatan frantziar administrazioak soilik folklorismo zaharkitu bat babestea eskaintzen duen eta kulturaren garapenerako etengabeko borroka etsigarrietan murgiltzera behartzen duen artista. Halabeharrez, egoera horretan artista bere nortasuna eta identitatea aldarrikatzen jarduten da, bere izaera egunero deuseztatzen duten administrazioetako teknokraten aurrean.

Arratsaldean, Paul Molacek bere izenez ezaguna egin den Legea nola atera eta zein ibilbide izan duen azaldu zuen. Ondoren, Elin Haf Gruffydd Jones ELENeko lehendakari eta Galeseko unibertsitateko galiar eta zeltiar goi ikasketetako zuzendariak Gales herriko autonomia eta galiar hizkuntzaren berreskurapenaren arteko erlazioak azaldu zituen, hizkuntza politikak garatzeko moduak deskribatuz.

Azkenik Parlemu Corsutik Michelli Leccia, Quinpereko hautetsi den Anne Vari Chapalain, Tifenn Siret Ar Redadegeko arduraduna eta Euskalgintzaren Kontseiluko Haizpea Abrisketa gizarte eragileen errolaz mintzatu ziren, eta politika etnozidioei aurre egiteko zein estrategia eta zein bide egin azaldu zuten. Anne Vari Chapalainek azaldu zuen udaletatik eta lurralde kolektibitateetan egiten den lana, eta Tifenn Siretek Ar Redadeg bezelako iniziatibek duten indarra azaldu zuen. Michelli Lecciak, bere aldetik, Korsikan Parlemu Corsu kolektiboaren lanaren berri eman zuen, eta Haizpea Abrisketak gizarte eragileen errola eta estrategiak azaldu zituen: nola sortzen dituzten tresnak eta eragiten duten gizarte eragileek alor sozialean zein politikoan. Horrekin batera, hizkuntza eragileetatik haratago joan beharra azpimarratu zuen Abrisketak, Batuz Aldaturen adibidea emanez. Hizkuntzaren berreskurapena gizartearen arazoa dela azpimarratu zuen, eta behar beharrezkoa dela aliantzak egitea gizarteko esparru guztiekin, euskalgintza iritsi ezin daitekeen guneetara iritsi ahal izateko eta guztiok batuz gauzak aldatzeko indar gehiago izateko. Zentzu horretan, 2016an Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloarekin Europako gizarte eragileen arteko elkarlana eta ELENek egiten den lan jarraikia goraipatu zituen, eta hizkuntza gutxituetako komunitateak batzea behar-beharrezkoa dela ere azpimarratu zuen. Aldi berean, erronka berriei erantzun bat emateko bide gisa, komunitate bakoitzean esparru askotariko eragileak batzea eta helburu berak adostea aurkeztu zuen.

Jardunaldia oparoak eta aberatsak izan diren Abriketaren ustez. Izan ere, modu dokumentatuan aztertu ziren Frantziar estatuak bere lurraldean dituen herriei egindako mendeetako erasoak, eta egoera horren aurrean, gizarte eragileen erantzunak eta hizkuntza berreskurapenerako bideak landu ziren.

Amaierako hitzaldian, Tangi Louarn Kevre Breizheko lehendakariak eta Elin Haf Gruffydd Jones ELENeko lehendakariak elkarlana bultzatuz hizkuntza gutxituen defentsan lanean jarraitzeko deia egin zuten.

Source

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskalgintzaren Kontseilua euskararen normalizazioan diharduen erakundeen bilgunea da. Euskararen lurralde osoan dihardu lanean bertako erakunde, instituzio, eragile eta agenteen arteko elkarlana eta inplikazioa bultzatuz.