Euskalgintzaren Kontseiluak gogor salatu nahi ditu aste honetan ezagutu diren euskararen normalizazioan aurrera egitea oztopatzea helburu duten azken bi sententziak. Eusko Jaurlaritzak deitutako bitarteko udal-idazkarien lan-poltsaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko 100dik gora administrari-teknikariren deialdiaren hizkuntza-eskakizunen aurkakoak, hain zuzen.
Argudioen artean, euskararen ezagutza “zeharo baztergarria” dela adierazi dute epaileek. Horregatik diogu oldarraldi erreakzionario baten aurrean gaudela, aurrerapauso ororen aurrean oztopoak jarri eta atzera egitera behartu nahi gaituztelako.
Sententzia hauen ondorioz, euskaldunok egunero bizi ditugun eskubide urraketak betikotuko dira. Izan ere, administrazio publikoko langileek euskararen ezagutza izatea ezinbestekoa da herritarron zein langileen hizkuntza-eskubideak bermatu ahal izateko. Sententziek bete-betean eskubide hauek kontra egin dute. Halaber, udaletako idazkarien aurkako sententziaren ondorioz, euskaraz funtzionatzen ari diren udal ugariren jarduna baldintzatu dezakete, langileen eta herritarren arteko harremanak gazteleraz egitera behartuz. Euskararen normalizazioan atzerapauso garrantzitsua da, tamalez.
Guzti honen aurrean, gure babesa eta elkartasuna adierazten diegu sententziak jasan dituzten administrazioei, Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, helegiteak jarri eta prozesu judiziala azken burura eraman dezaten. Halaber, ELA eta LAB sindikatu euskaltzaleekin eta langileen ordezkariekin elkarlanean erantzun bateratu bat prestatzen hasiak gara. Euskararen eta hizkuntza-berdintasunaren alde dauden norbanako eta eragile guztiak deitzen ditugu herritar guztion eskubideen alde egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.
The post Erantzun bateratua prestatzen ari gara euskara “zeharo baztergarria” dela dioten sententzien aurrean first appeared on Euskalgintzaren Kontseilua.