Joan den ostiralean, Euskalgintzaren Kontseiluak ELEN–Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarearen (European Languages Equality Network) zuzendaritza batzordearen bileran parte hartu zuen, Bartzelonan. Besteak beste, hizkuntza minorizatuek Europako egungo testuinguruan duten egoera aztertu zen eta hizkuntza berdintasun eta askatasunean aurrera egiteko bideak eta elkarlanaren noranzkoa arakatu eta adostu zen.
Batzar Nagusia, Bilbon
Zuzendaritzak hartutako erabaki aipagarriena 2024. urteko Batzar Nagusia Euskal Herrian egitea izan zen, zehazki, azaroaren 8tik eta 10era Bilbon. Kontseiluaren ardura izango da 25 herrialdetik gorako ordezkariak batuko dituen batzarraren antolaketa, eta jada abiatu du erakunde publiko eta gizarte eragile ezberdinekin harreman erronda, lankidetzaren emaitza izan dadin.
ELEN Europako lurralde-hizkuntzak sustatzeko eta babesteko lan egiten duen nazioarteko erakundea da. Gaur egun 175 erakunde kide ditu, 25 estatutan 50 hizkuntza ordezkatzen dituztenak, Iberiar Penintsulako hizkuntza guztiak barne. Oro har, ELENeko kideek hizkuntza horietako 50 milioi hiztun baino gehiago ordezkatzen dituzte, Europar Batasuneko biztanleriaren ia % 10, eta gobernuen eta nazioarteko erakundeen aurrean hizkuntza horietako hiztunen ahotsa izatea du helburu. Euskalgintzaren Kontseilua sareko lehendakariordea da, eta hastapenetik da euskararen aldeko eragileak ordezkatzen dituen erakundea.
Batzar Nagusia da erakundearen bilgune gorena eta ikerketa eta lan ildo berrien aurkezpenerako, eztabaidarako, zein Europa mailan hizkuntza gutxituen biziberritze eta normalizazioan eragiteko proposamen eta politika berrien adostasunak lantzeko espazioa izan ohi batzarra. Aurten, besteak beste, honako gai hauek landuko dira hitzaldi eta mahainguru desberdinetan: hizkuntza gutxituak eremu digitalean, harrera politika eraginkorrak, Europa mailako ofizialtasuna eta nazioarteko legedia hizkuntza-eskubideen defentsan, politika publikoen garrantzia…
Itxaropenerako deia
Pasa den asteburura itzuliz, larunbatean, batzarraren biharamunean, hizkuntza minorizatuek hezkuntza arloan dituzten erronkei buruzko eta hizkuntza-eskubideen bermearen inguruko goi-mailako konferentzia egin zen, ELENek berak CATESCO –Unescoren Kataluniako adarra– eta Òmnium Cultural elkartearekin antolatuta. Besteak beste, Nicolas Levrat Minorien gaineko NBEren kontalariak, Petra Roter Europako Kontseiluko Gutxiengoen Babeserako Aholku Batzordeko presidenteak, Eva Pons legelariak zein Xavier Vila soziolinguistikan katedradun eta Kataluniako Gobernuko Hizkuntza Politikarako arduradunak hartu zuten parte konferentzian.
Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia hezkuntza arloari buruzko mahainguruan izan zen solaskide, katalanaren, bretainiarraren, gaelikoaren, galizieraren, okzitanieraren eta frisieraren ordezkariekin batera. Hezkuntza-sisteman euskarazko murgiltzeari dagokionez, lurraldeen artean dauden aldeetan eta euskararen normalizazioan dakartzan emaitza desberdinetan sakondu zuen Eskisabelek.
Jardunaldiko hizlarien ekarpenek argi utzi zuten hizkuntza minorizatuak kinka larrian direla egungo testuinguruan, batetik, globalizazioaren egungo aldaerak ekarritako aldaketa eta erronka handiengatik, eta, bestetik, estatuek, orokorrean, hizkuntza komunitate hauen babes juridiko oztopatzen dutelako. Nolanahi dela, azken hitzartzean Elin Haf Cruffydd Jones ELENeko lehendakariak itxaropenerako deia egin zuen, azpimarratuz hizkuntza minorizatuei eustea mundu hobe baten alde egitea dela, eta «esperantzaren lanketa» egungo testuinguru politikoan ariketa garrantzitsuenetako bat.