2023-06-14 11:59

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak Hezkuntza Lege-Proiektua bertan behera uzteko eskatu du bertan behera uzteko eskatu du –

Joan den ostiralean, ekainaren 9an, milaka pertsona (6000 bat) bildu ziren EAEko hiru hiriburuetan, eskola publikoa baztertuko duen hezkuntza-lege pribatizatzaile eta bidegabeari ezetz esateko. Mobilizazio horiek sare publikoa osatzen duten eragile gehienen babesa izan zuten, baita zerbitzu publikoak defendatzen dituzten beste eragile batzuena ere.

Mezua argia izan zen: egungo hezkuntza-sistema hobetuko ez duen lege proiektua dugu mahai gainean. Orain arteko pribatizazio-politikek hezkuntza sistema publiko-pribatu desorekatua, diskriminatzailea eta segregatzailea sortu dute eta lege berriak horri eutsi nahi dio. Ez du segregazioaren aurkako neurri eraginkorrik eskaintzen, ez du laikotasunean aurrerapenik suposatzen eta atzerapausoak ematen ditu euskalduntzean eta kultura parte-hartzailean, eta lehiakortasuna sustatu nahi du ikastetxeen artean.

Lege proiektu horren kontra lan handia egin dugu eskola publikoko hezkuntza-komunitatea osatzen dugun eragile gehienok lehen zirriborroa ezagutu genuenetik: Legebiltzarreko agerraldiak, manifestazio jendetsuak Bilbon, sare publikoaren gehiengo sindikalak deitutako grebak, elkarretaratzeak, eta hiru hiriburuetan egin berri diren manifestazioak… Azpimarratzekoa da, gertuko errealitatetik abiatuta, gero eta ugariagoak diren tokian tokiko plataformen lana. Uste dugu ezin dela aurrera atera irakaskuntza publikoaren gehiengo zabalaren gaitzespena duen lege bat.

Lan horietan guztietan jarraitzeko asmoa dugu, kohesioan oinarritutako gizarte bat eraiki nahi baitugu, ikasle guztiei aukera berdinak eskainiko dizkiena diskriminaziorik gabe, gure hizkuntza eta ondare kulturalaren transmisioa bermatuko duena, gure artean dauden gainerako hizkuntzei eta kulturei errespetuan oinarrituta. Horregatik, hezkuntzari buruzko lege-proiektua bertan behera uzteko eskatzen dugu. Hezkuntza zerbitzu publiko bakarra, euskalduna, laikoa eta modu demokratikoan kudeatzen dena defendatzen jarraituko dugu: Euskal Eskola Publikoa.

 

 

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO TOPAGUNEA

Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Astigarragako, Donostialdeko, Lasarte-Oriako, Aiztondoko eta Urola kostaldeko plataformak; Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak, Amurrioko Hezkuntza  PublikoarenSarea eta Debagoieneko Goieskola; EHIGE, HEIZE, Ikasle Sindikatua, Ikasle Ekintza, Gazte Komunistak, STEILAS, CCOO Irakaskuntza, ESK

Euskal hezkuntza publikoa bultzatzen duen plataforma. Denona eta denontzat. Euskalduna, feminista, laikoa, era demokratikoa - Nahi dugun eskola sare publikoa indartuz eta zabalduz, eta publifikazio prozesuak bideratuz baino ez dugu lortuko. Apustu sendoa egiten dugu herritar guztiontzako hezkuntza inklusiboaren alde, hau da, eskola publikoa guztiontzat izan dadila. Halaber, gure ustez hezkuntza publikoa kohesio sozialaren funtsezko elementua da eta beharrezkoa da lan egitea pertsona guztien inklusioaren aide gizarte honetan.