2024-09-26 19:43

X bezalako espazioetan, gaur-gaurkoz, eztabaida publikoa eta borroka kulturala ematea, ezinezkoa dela onartu beharko dugu noiz edo noiz. Zentzu horretan, akats bat da ezkerreko aldaketa bat gidatu nahi duten proiektu politikoek X bezalako plataformak uztea, soilik modu erabat bertikalean kudeatzen diren sare sozialetara salto egiteko. Erraldoi teknologikoek kontrolatutako plataformak aukeratzean, arazo berberetan erortzeko arriskua dute: boterearen zentralizazioan, gobernantza erabat bertikalean eta beraien datuen komertzializazioan, besteak beste. Horrelako plataformak garatzen dituzten pertsonak eta enpresak interes ekonomikoek bultzatzen dituzte, eta interes horiek, gehienetan, ez datoz bat gizartea eraldatzeko helburuekin. Horrelako pausuak ematea, mugatu egiten du, beste behin ere, benetako aldaketarako aukera. Izan ere, beraien gobernantza komunitatean bertan delegatzen ez dituen sareetara migratzean, mugimendu politiko aurrerakoiek tresna digital demokratikoagoak eta deszentralizatuagoak sustatzeko aukera baliotsua galtzen dute, parte hartzeko eta autonomiarako balioekin koherenteak direnak.

Artikulu honetan ideia horretan sakondu nahi dut, hain zuzen ere. Zenbait ahotsek proposatu duten bezala, Europar Batasunak X-ren klon zentralizatu bat sortzeak, erakargarria irudi dezakeen arren, ez die heltzen sare sozialetako gobernantzaren eta botere-zentralizazioaren funtsezko arazoei.

Artikulu honetan etorkizuneko beharrei ikuspegi kritiko batetik begiratzea dut helburu, datozen erronkei nola aurre egin aztertzeko, herritarren parte-hartzearen, berdintasunaren eta justizia sozialaren printzipioak alde batera utzi gabe. Eliteek edo korporazio handiek ezarritako irtenbideak onartu beharrean, boterea eta baliabideak modu bidezkoagoan banatzea ahalbidetuko duten proiektuak aztertuko ditugu, erabaki kolektibo eta gardenak hartzeko informazioa eskainiz.

Gogoeta egitera gonbidatzen zaituztet. Zer nolako etorkizuna eraiki nahi dugu mundu digitalean? Zer egin dezakegu pertsonak (eta eskubideak eta ongizate digitala) erabakien erdigunean jartzeko?

Zentralizazioaren arazoa

EBk babestutako plataforma batek alternatiba seguru eta demokratiko bat eskain liezaieke egungo sare sozial komertzialei. Hala ere, zentralizazioa zentralizazioa da, baita EB bezalako erakunde publiko baten pean ere. Eredu horrek ez ditu konpontzen sare sozialen egiturazko arazoak, hala nola moderazioan gardentasun falta eta moderazio horren diseinuan parte hartzeko ezintasuna, algoritmoen manipulazioa edo datu pertsonalen ustiapena.

Eraginkorragoa eta etikoagoa litzateke deszentralizazioaren aldeko apustua egitea, erabiltzaileek beraien datuen gaineko kontrol handiagoa izan dezaten eta moderazioa gardena eta parte-hartzailea izan dadin. Hor sartzen da jokoan software librean oinarritutako plataforma federatuen ekosistema, aukera ematen duena erabiltzaileei hainbat instantzien bidez elkarrekin aritzeko, agintaritza zentral baten mende egon gabe. Instantzia horiek beraien buruak kudeatu eta beraien arauak aplika ditzakete, eta espazio digitalen aferari dagokionez, horrek boterea indartzen du.

Burujabetza teknologikorantz jotzea (geopolitikatik haratago doala onartuz)

Burujabetza teknologikoa geopolitikotik harago doa; ikuspegi demokratikotik, esan nahi du pertsonek zer esan izan behar dutela beraien bizitzetan eragina duten teknologien garapenean eta erabileran. Testuinguru demokratiko batean, teknologiak hezkuntza- eta ahalduntze-tresna izan behar du, eta herritarrei aukera eman behar die erabakiak hartzen eta beraien balioak eta beharrak islatuko dituen ingurune digital bat sortzen aktiboki parte hartzeko. Horrek esan nahi du gardentasuna eta kontuak modu banatuan ematea lehenesten duten plataformak behar direla, teknologia eskuragarria dela eta komunitatearen zerbitzura dagoela ziurtatuz.

Teknologian ahalduntze kolektiboa, besteak beste, komunitateek beraien burua antolatzeko eta baliabide teknikoen gaineko kontrola eskatzeko duten gaitasunean islatzen da. Horren barruan sartzen da ez bakarrik tokiko errealitatera egokitutako irtenbide digitalak sortzea (termino geopolitikoetan), baita pertsonei trebetasun kritikoak garatzeko aukera emango dien hezkuntza teknologikoa sustatzea ere. Hau da, burujabetza teknologikoaren helburua ez izan behar batzuei boterea kentzea, beste erraldoi batzuek botere kuota hori irabaz dezaten, baizik eta botere hori herriari itzultzea. Lankidetza- eta partaidetza-kultura bat sustatuz, gure erronka espezifikoei erantzungo dieten teknologiak gara ditzakegu, kanpotik ezarritako irtenbideen mende egon beharrean.

Indibidualki, burujabetza teknologikoak pertsonei beraien datuak kudeatzeko eta pribatutasunaren gaineko benetako kontrola izateko eskubidea ematen die. Hori funtsezkoa da gero eta digitalizatuagoa den mundu honetan duintasuna eta autonomia pertsonala babesteko. Teknologiarekiko erabaki informatuak hartzeko: modu aktiboan eta kritikoan, norberaren eskubideak errespetatuko dituen eta ongizate digitala sustatuko duen ingurune digitala exijitzeko gai izango dena.

Hala, burujabetza teknologikoa funtsezko zutabea da demokrazia erradikal eta parte-hartzailerako.

Fedibertsoaren aukera deszentralizatua

ActivityPub sare sozial deszentralizatuetan erabiltzeko diseinatutako komunikazio-protokolo bat da, hainbat plataformari modu libre eta federatuan elkarrekin aritzeko aukera ematen diena. Estandar horri eta beste batzuei esker, komunitate eta software desberdinetako erabiltzaileek argitalpenak eta iruzkinak partekatu eta beste pertsona batzuk jarraitu ahal izango dituzte, sare zentralizatuetara mugatu beharrik gabe.

ActivityPub-en abantaila nagusia da ingurune digital irekiagoa eta demokratikoagoa sustatzen duela, non komunitate bakoitzak bere balioen, datuen eta pribatutasunaren gaineko kontrol handiagoa duen. Protokolo honekin bateragarriak diren plataformak, hala nola Mastodon edo Peertube, elkarrekin komunika daitezke, elkarri konektatutako sareen ekosistema bat sortuz, fedibertso izenekoa, hain zuzen ere. Hori ez dator bat erraldoi teknologikoekin, modu zentralizatuan jarduten baitute.

Fedibertsoak benetako konponbide demokratikoa eskaintzen dio sare sozial zentralizatuen arazoari. Enpresa edo erakunde bakar baten mende egon beharrean, erabiltzaileak hainbat instantziatara batu daitezke, horietako bakoitza komunitate independenteek kudeatuta, baina elkarreraginez. Egitura federatu horri esker, erabiltzaileek burujabetzari eusten diote, eta agintaritza zentralean konfiantza izateko beharra bertan behera geratzen da.

Deszentralizazioan oinarritutako eredu honek komunitateen arau eta ikuspegietan aniztasun handiagoa sustatzeaz gain, datu pertsonalak korporazio edo gobernu handien kontrolpean ez egotea bermatzen du. “X-ren klon europar” baten ordez, fedibertsoaren erabilera eta hedapena sustatu beharko genuke, sare sozial ireki, aske, demokratiko, plural eta inklusibo gisa.

Software librea funtsezko zutabe gisa

Software librearen onura handienetako bat auditoria banatua ahalbidetzen duela da. Agintaritza zentral batek plataforma modu etikoan administratuko duela itsu-itsuan sinistu beharrean, ezagutza egokia duen edonork berrikusi dezake kodea, eta plataformak behar bezala funtzionatzen duela ziurtatu. Ikuspegi hori funtsezkoa da erabiltzaileen eskubide desberdinak benetan errespetatuko dituzten sare sozialak eraikitzeko.

Software librea ezinbestekoa da fedibertsoa, inklusiboa eta bidezkoa izaten jarraituko dutela bermatzeko. Etorkizuneko sare sozialak gardenak eta arduratsuak izatea nahi badugu, komunitateak ikuskatu, hobetu eta mantendu ditzakeen zimenduen gainean eraiki behar ditugu. Horrela bakarrik ziurtatuko dugu plataforma horiek askatasunaren, autonomiaren eta demokraziaren balioak islatzen dituztela.

Plataforma deszentralizatu horiek epe luzera iraunkorrak izan daitezen, funtsezkoa da software librean oinarritzea. Sistema zentralizatu batean, askoz zailagoa da (kasik ezinezkoa), datuak nola erabiltzen diren edo edukiari buruzko erabakiak nola hartzen diren ikuskatzea; software librean oinarritutako sare batean, gorago azaldu dudan bezala, auditoria hori banatua da, eta komunitate osorako irisgarria.

Burujabetza teknologikoa funtsezkoa da testuinguru horretan, plataformen jabeen eta zerbitzu zentralizatuen mende bagaude, gure interakzio digitalen kontrola interes onenak izan ez ditzaketen erakundeei lagatzen diegulako. Aldiz, software librearekin eta plataforma deszentralizatuekin, kontrola berreskuratzen dugu, teknologiari eta gobernantzari buruzko erabakiak modu parte-hartzaile eta demokratikoan hartzen direla ziurtatuz. Hau bereziki garrantzitsua da aro digitalean, non informazioa eta datuak dira baliabiderik baliotsuenetako bat.

Gainera, software libreak tokiko ekonomia sustatzen du, enpresei eta komunitateei aukera ematen dielako soluzio teknologikoak garatzeko, egokitzeko eta mantentzeko, atzerriko hornitzaileen edo software jabedunaren lizentzia garestien mende egon gabe. Librea eta eskuragarria denez, tokiko enpresek haien behar espezifikoen arabera pertsonaliza dezakete softwarea, tokian-tokiko berrikuntza eta enplegu-sorkuntza sustatuz; izan ere, inguruko garatzaileek eta teknikariek softwarearen ezarpenean eta euskarrian parte har dezakete. Era berean, software librearen erabilerak tokiko ekosistema teknologiko baten hazkundea bultzatzen du, aholkularitza-, garapen- eta prestakuntza-zerbitzuen inguruan negozio-aukerak sortuz, eta, horrela, autonomia teknologikoa eta tokiko ekonomia bultzatuz.

Euskararen eta beste hizkuntza batzuen iraunkortasuna bermatu

Euskara bezalako hizkuntzak etengabeko borroka egiten dute mundu digitalean bizirik irauteko. Izan ere, ingelesa eta gaztelania bezalako hizkuntza nagusiak menderatzen dituzte. Behintzat, saiatzen dira. Etorkizuneko sare sozialetan euskara bezalako hizkuntzei lehentasunezko lekua ematea funtsezkoa da hizkuntza- eta kultura-aniztasuna bermatzeko. Sare sozial deszentralizatuek garrantzi hori aitortzen dute, milioika pertsona isilarazi beharrean haiei guztiei bozgorailu bana eskainiz.

Sare sozialek eragiteko eta nortasuna eratzeko ahalmen handia dute. Hizkuntza nagusiei lehentasuna ematen zaienez, espazio digitalean baliozkoak edo garrantzitsuak diren hizkuntza bakarrak direlako ideia indartzen dute. Hala ere, hizkuntza gutxituen erabilera sustatuko duten tresnak eta algoritmoak sortzean, inklusioa zabaltzeaz gain, hizkuntza horien bizitasuna indartzen da, ingurune digitalean hizkuntza horiek babesten lagunduz.

Euskarak ere, eztabaida teknologikoetan eta horien inplementazio teknikoan egon behar duela pentsatzen dut. Sare sozial inklusibo eta deszentralizatu bat nahi badugu, sare hori hizkuntza eta kultura guztietara zabaldu behar delako, eta ez hizkuntza jakin batzuk bigarren edo hirugarren maila batean uzten dituzten bazterketa-dinamikak erreproduzitu.

Plataforma benetan demokratikoak ahots guztiak entzuteko eta baloratzeko gunea izan behar du, hitz egiten duten hizkuntza edozein dela ere. Horretarako, etorkizuneko sare sozial deszentralizatuek ahalegin aktiboa egiten jarraitu behar dute haien teknologiak eta politikak egokitzeko, hizkuntza- eta kultura-aniztasunari leku egin diezaioten. Horrela bakarrik sustatu ahal izango dute komunikazio inklusiboagoa eta munduaren argazki adierazgarriagoa.

Aipatu behar da, praktikan, multzo honetan aipatzen den guztia ia osorik euskaraz jarduten duten fedibertsoko hainbat instantziatan jarri dugula abian. Plataforma deszentralizatu horiek euskarak eremu digitalean duen garrantzia aitortzeaz gain, erabilera ere lehenesten dute, ikusgarritasuna eta indartzea bultzatuz. Abaraska bezalako ekimenetan egindako elkarlanari esker, euskal hizkuntza eta kultura loratzeko guneak sortzen eta mantentzen ari gara, gaurdanik etorkizuneko ingurune digitalean euskararen presentzia sendo eta aktiboa bermatuz.

Bultzatzen laguntzen baduzu, are gehiago izan gaitezke.

Publizitatearen mende egoteari uztea eta osasun mentala elkarrizketaren erdigunean kokatzea

Sare sozialak, batez ere denbora eta erabiltzaileen arreta iragarleei salduz sortzen dituzte diru-sarrerak eta horretako erabiltzaileen parte-hartzea kosta ahala kosta maximizatzeko diseinatuta daude.

Sari-dinamikak sortu dituzte like kopuruan eta jarraitzaileetan oinarrituta, adikzioa eta polarizazioa sustatuz. Sare sozial deszentralizatuek aurrera egin ahala, funtsezkoa da, orain arte bezala, osasun mentalari lehentasuna ematea eta haien egiturak behin eta berriz birpentsatzea, elkarrizketa osasungarriagoa eta eraikitzaileagoa sustatzeko.

Pertsonak eta beraien ongizatea erdigunean jarriko dituzten sareak diseinatzea lortzen badugu, urrats garrantzitsua egingo dugu gizarte osasuntsuago eta eraikitzaileago baterantz.

Bide posible bat ireki da (eta, gaurkoz, azken hitza)

Artikulu honetan azaldu dudan guztia, edo gutxienez gehiena, existitzen da. Ez da ameskeria eskuraezina, utopia posible bat baizik, igarotzen hasi behar dugun horizonte bat. Tresnak, teknologiak eta komunitateak abian dira, eta orain borondateak batu eta bide hori eraikitzen jarraitu behar dugu. Urrutiko ideal bat izatetik urrun, loratzen ari den errealitate bat da, hainbat espaziotan hedatzen ikusten ari garena, eta gure erronka da errealitate hori haztea eta sendotzea.

X hazten ikusi dugun pertsona askok ere ikusi dugu erortzen, baina ilusioa galdu beharrean, zerbait hobea eraikitzera bultzatu gaitu. Espazio deszentralizatuak sortu ditugu, non komunitateak osatzen dituzten pertsonek beraiek duten boterea, ez korporazio eta algoritmo opako handiek. Espazio berri horiek eredu demokratikoago eta inklusiboago bat islatzen dute, non ahots indibidualek benetako pisua duten eta kontrola aktiboki parte hartzen dutenen esku dagoen. Sare sozial bidezkoago baten lehen urratsa da, non komunitateak erabakitzen duen.

Horregatik, “X-ren klon bat” garatzeko proposamenak asmo onak izan ditzake, baina, azaldu dudan bezala, plataforma zentralizatu bat sortzeak ez ditu sare sozialen arazo sakonenak konpontzen. Deszentralizazioan, gardentasunean, herritarren parte-hartze horizontalean eta software librean oinarritutako konponbideen alde egin behar dugu. Fedibertsoak burujabetza teknologikoa sustatzen duen eta etorkizuneko sare sozialak modu kolektiboan ikuskatu eta gobernatuko direla bermatzen duen alternatiba bideragarria eskaintzen duela frogatzen saiatu naiz.

Bada garaia erakunde publikoek sare sozialen gobernantzan duten zeregina berriz pentsatzeko. Izan ere, nire ustez, berandu gabiltza. Baina ezin gara erori egitura zentralizatuak betikotzearen akatsean, dagoeneko problematikoak direla eta herritarren interesei erantzuten ez dietela erakutsi baitute. Espazio digital inklusibo, demokratiko eta garden bat eraiki nahi badugu, software librean eta parte-hartze komunitarioan oinarrituta egin behar dugu. Bai ala bai.

Amaitzeko, burujabetza teknologikoa eta software librea hobeto ulertzeko irakurketa batzuk gomendatu nahi ditut. Richard Stallmanen “Software libre para una sociedad libre” liburuak software librearen mugimenduaren atzean dagoen filosofian sakontzen du, baita autonomia kolektiborako duen garrantzian ere. Halaber, Simona Levik “Digitalización democrática. Soberanía digital para las personas” liburuan artikulu honetan jorratu dudan burujabetza teknologikoari nik baino askoz hobeto heltzen dio. Azkenik, arretaz irakurri beharko genuke Marta G. Francoren “Las redes son nuestras“, software librearen komunitatean ere, badugulako zer hausnartu.

Liburu horiek aberastu egin dezakete etorkizun digital inklusiboagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko eztabaida. Eta hori da artikulu honekin desio dudana.

Eskerrik asko honaino irakurtzeagatik.


Goiburuko irudia: Jason Howie, CC BY 2.0.

X-ren (lehen Twitter) akatsak errepikatu ala, behingoz, burujabetza teknologikorantz urratsak eman? - etzi.pm.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Etzi izan nahi duguna gaur eztabaidatzeko tresna Itsas nabigazioaren oinarrietako bat beti izan da aurreikuspenak egin eta ezezagunak diren itsas bideetan barrena nabigatzea, batzuetan aberastasunak, lurralde edo bide berriak aurkitu asmoz eta beste askotan ezezaguna zaigun horretan etorkizun hobeak bilatu eta eraikitzeko. Gaur egun ordea, dena ezaguna dela iruditzen zaigun garai hauetan, zeinetan batzuk ia historiaren amaiera aldarrikatu duten, etorkizun hobe edo ezberdinen bila ekiteko grina lausotu zaigu, eta horrekin batera etorkizuna helburu, aurreikuspenak egiteko gaitasuna. etzi.pm etorkizunak eraikitzeko bidean nabigatzeko tresna izateko asmoarekin jaio zen. etzi.pm Talaios kooperatibaren proiektu bat da.