Barkaidazue. Etzi.pm blogean idazteko lehen gaia Elon Musken azkenak sortutako pentsamendu bat izango da. Bai, badakit… barka, mesedez.
Atzo Muskek diru gehiago lortzeko ohiko aurkezpen horietako bat egin zuen. Kasu honetan kotxeekin. Bere ke-salmenta estrategia tipikoa egin zuen. Aurretik jada esan zigun 2025rako ez genuela hizkuntza erabiliko, gure mugikorrekin telepatikoki komunikatuko ginelako. Edo lau urte barru Marte kolonizatzen hasiko garela. Edo trenak eraiki beharrean, Hyperloop bezalako proposamena sortu (eta ondoren hiltzen utzi zuen).
Atzo hiru gauza berri aurkeztu zituen: bakarrik dabilen kotxe bat, minibus bat eta robotez mozorrotutako dantzari bat. Bai: bere ustez pertsona bat mozorrotzea da etorkizunerako ametsa.
Albo batera utziko dut bi pertsonentzako kotxearena. Eta albo batera utziko dut Gasteizen aspaldi ditugula autobus elektrikoak, euren karril propioarekin. Ulertzen dut AEBtan aho bete hortz geratzea garraio publikoaren kontzeptuarekin, hala ere. Robotaren inguruan kontu labur bat idazteko berrabiarazi dut blog hau.
Zifian etengabeak dira robot antropomorfoen inguruko aipamenak. Gizakien antza duten robotak eraikitzea omen da robotikaren azken helburua. Nolabait, gizakia izango balitz bezala diseinuaren gailurra, gaindiezina den forma, Jainkoak berariaz akatsik gabe sortua. Xiterren ere norbaitek esan du amets bat dela giza forma duen robot bat jartzea “aspergarriak edo nekezak diren lanak egiten”, adibidez (hau testuala da), “zurgindegian ateak furgonetan sartzen edo hanburgesak egiten”. Hanburgesena zurgindegitik kanpo, ulertzen da. Baina… zertarako behar dut giza forma duen zerbait ateak sartzen, Fenwick bat izan badezaket? Zertarako nahi dut giza forma duen zerbait hanburgesak katean egiten, horretarako labe batetik pasatzen den kate bat askoz azkarragoa baldin bada?
Gizakiak ez gara dagoen formarik eraginkorrena gauza gehienak egiteko. Film distopiko-futurista askotan agertzen zaizkigu robotak armak heltzen, euren eskuekin. Baina ez al da eraginkorragoa besoaren ordez zuzenean arma bat izatea? Eta bi hanken gainean ibiltzea baino, ez al da hobea tanke baten mugimendua izatea? Eta, orduan, zertarako behar dut armak eskuetan duen robot bat, tanke bat automatizatu badezaket? Zertarako behar dut giza forma duen sukaldari bat, bere lapiko, aizto eta labeekin, Thermomix bat erosi badezaket?
Eta hori formari dagokionez. Ze, ekonomikoki… nolatan erosiko ditu McDonald’s bezalako enpresa batek milioi bat robot gauza pare bat egiteko prest daudenak (janaria prestatu eta zerbitzatu, adibidez), gaizki ordaindutako langile ez-kualifikatu kopuru ia mugagabea baldin badu, aldi berean dena egiteko gai direnak? McDonald’seko langile batek berdin frijitzen ditu patatak, gaztaren bila doa biltegira edo, gauzak okertzen badira, komuna garbitzen du. Merke. Eta, gainera, hondatzen badira, ez ditu zertan konpondu behar, robot batekin egin beharko duen bezala. Kalera bota, eta etorriko da beste norbait.
Horrelako eztabaidetan beti atera ohi da “tekno-optimistak” kontzeptua. Mundua hobea izango da teknologiari esker, eta teknologiak konponduko dizkigu ditugun arazo guztiak. Baina Musken robotez-jantzitako-dantzariak erosten dituztenak ez dira tekno-optimistak. Teknoxaloak dira: euren idoloak aurkezten duen edozein tontakeria laudatzeko prest.