2024-09-06 19:06

Erresumina kontzientziarik gabe, erreakzioaren gasolina da. Bideratuta ere, beti darama erreakzioaren marka bere baitan. Askatzen dugunean, bideratzen ez badugu, bere bide naturala hartuko du.

Erresumina da nagusi sareko zenbait txokotan. Lotsarik gabe esan genezake bilatutako erresumina ere badela. Hori izan da eskuinak bere mezuak zabaltzeko erabili duen estrategietako bat, adibidez. Erresumina bera, marko bat dela esan daiteke, eta marko horretan sartuz gero, galtzekoan gaude, begirada eraldatzaileago bat bilatzen dugunok.

Erresumina bideratu daiteke? Bai, baina horretarako jarrera, ezagutza edo kontzientzia maila bat eduki behar da. Horrek indar hori beste zentzu batera eraman dezake. «Nik ez dut zure berdina jasotzen» esan beharrean, «Biek berdina jaso beharko genuke» bihurtu dezake. Hala ere, erresuminaren logikan, bi esaldi horiek, ustez txarra lehena eta ona bigarrena, nahastu daitezke. Pentsa lehen esaldia gizarteak baztertutako pertsona baten ahotan entzuten dugula. Edota bigarrena, eroso bizi den pertsona batek esango balu, behar baten ondorioz laguntza publiko bat jaso duen norbaiti buruz.

Erlatibizatzen jarrai dezakegu aspertzeraino, baina laburbilduz: erresuminaren markoa aktibatzen denean, hortik irten ezean, EGOtik EKOrako bidea egiten ez badugu, jai dugu. Gure buruari begiratu ordez, begirada kolektiboago batean kokatu beharko genituzke pentsamendua eta ekintzak. Erresumin identitarioaren eta erresumin kontzientearen artean aukeratu beharko dugu. Erresumin horrek sortuko duen emaitza ez da bat eta bakarra izango, gradiente bat baizik, turkesa kolorearen antzera; baina markoa onartuta, hori bakarrik gelditzen zaigu.

Batzuek uste dute X sare soziala dela erresuminaren markoaren adibiderik argiena. Ustea baino, denok pairatzen dugun errealitatea da, baita ikusi nahi ez dutenentzat ere. Palestinako sarraskia genozidioa den bezala, X ultraeskuinaren erresuminaren zaborrontzi bilakatu izana errealitate bat da. Erabili dugunontzat zaila izan daiteke hau aitortzea; pentsa zenbat denbora, gogo eta eduki sortu dugun sare honetan (eta beste batzuetan), eta orain horrela amaitzea… Horregatik, doluaren antzera, gutako batzuk zenbait fase igarotzen ari gara:

  1. Ukazioa: Ez onartu hori horrela dela, eta berdin jarraitu.
  2. Haserrea: Onartu hori horrela dela, baina berdin jarraitu.
  3. Negoziazioa: Onartu hori horrela dela, eta erresumin horretatik aldentzen duten jarrera batzuk hartu.
  4. Depresioa: Onartu eta gauzak aldatzen saiatu ondoren etsi.
  5. Onarpena: Onartu eta erabakiak hartu.

Erabakiak anitzak izan daitezke, eta bosgarren fasera iritsi gabe ere hartzen ditugu maiz. Esango nuke askok horrela jokatzen dugula; ez da inoiz arre edo so. Artikulurako eskematiko jarri badut ere, ez da inoiz hain argia, ez eta hain azkarra, edozein erabaki. Markoa onartu baino, erabakia markotik irtetzea balitz, erresuminaren markoa onartu ordez, enpatiarena hauspotu?

Asko urrundu naiz, baina X sare sozialaren gaiari lotuta nator berriz. Fedibertsora salto egin beharko genukeen ala ez izaten ari da azken eztabaida. Talde, erakunde eta kolektiboentzat erantzun erraza daukat: nahi duzuena egin, baina Fedibertsoan egon behar duzue.

Norbanakoentzat, ordea, oraindik pentsatzen ari diren askoren artean fase desberdinetan dagoen jendea ikusten ari naiz. 1. eta 2. faseetan daudenentzat ez dut askorik esateko; 3. eta 4. faseetan daudenentzat, aldiz, RAP neurriak proposatuko nizkieke. 5. fasean eta hortik gora dauden animosoentzat, festan parte hartzeko gonbidapena luzatzen diet. Denetik dugu ondo pasatzeko; biziko dugun rave eder hau kontatzea besterik ez zaigu falta.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Etzi izan nahi duguna gaur eztabaidatzeko tresna Itsas nabigazioaren oinarrietako bat beti izan da aurreikuspenak egin eta ezezagunak diren itsas bideetan barrena nabigatzea, batzuetan aberastasunak, lurralde edo bide berriak aurkitu asmoz eta beste askotan ezezaguna zaigun horretan etorkizun hobeak bilatu eta eraikitzeko. Gaur egun ordea, dena ezaguna dela iruditzen zaigun garai hauetan, zeinetan batzuk ia historiaren amaiera aldarrikatu duten, etorkizun hobe edo ezberdinen bila ekiteko grina lausotu zaigu, eta horrekin batera etorkizuna helburu, aurreikuspenak egiteko gaitasuna. etzi.pm etorkizunak eraikitzeko bidean nabigatzeko tresna izateko asmoarekin jaio zen. etzi.pm Talaios kooperatibaren proiektu bat da.