2025-01-24 11:37

Euskal Herriko zortzi hiri kondaira biltzen dituen bideoa argitaratu du gaur Ikusgelak, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak bultzatzen duen ikus-entzunezko libreen atariak. Gasteizko Ogasun Bulegoetako Andresito; Itziarko bihurguneko neska; Otxate herriko OHEak; Aiurdingo tuneleko mamua; Zarauzko Narrosko gela urdina; Lemoizko pantera; Ezkabako tunelak eta existitzen ez den euskal abizenik luzeena dira zortzi hiri-kondaira horiek. Batzuek jakingo duzue tesia egiten ari naizela entziklopedismoaren inguruan, eta azken aldian buruan dudan galdera batekin guztiz lotuta dago bideo hau. Izan ere, zer leku izan behar du hiri-kondairak, bitxikeriak, marabillak entziklopedia batean?

Alexandro Handia eta bere armada gaur egungo Uzbekistan eta Indiara iritsi zirenean, greziarren ezagutzatik kanpo zeuden munduak ezagutu zituzten. Unibertsoa hedatzen den guztietan bezala, kanona apurtzen da, eta jada ezarritako egiekin lehia sortzen da. Ondorioz, Antzinako Grezian genero literario berria sortu zen, paradoxografia izenekoa, paradoxikoak ziren elementuak islatzeko. Aristotelesek esaten zuen fenomenoak (“egiantzeko diren gauzak”) endoxa (“zentzu komunaren arabera ezagutu”) bazitezkeen, baliagarri zirela. Kontrakoa, paradoxa zen, para-doxa, bidetik alde egiten zuena. Paradoxografiaren elementuetako bat da tradizio orala, kondaira edo “han diotenez” elementuak sartzen dituela ezagutzaren bilduma sistematiko batean, literaturako fikzioaren eremutik at.

Hiru dira paradoxografian erabiltzen diren teknikak bilketa sistematiko hori “miragarri” egiteko irakurlearentzat. Alde batetik, eskematizazioa erabiltzen da: alderagarriak izan daitezkeen antzeko prozesuak kentzen dira, berezitasuna argiagoa izan dadin; bestetik, modalitatea kentzen da, jatorrizko iturria ezkutatzen da, ziurtzat ematen akaso jatorrizkoak aukera gisa aurkezten duena; azkenik, kausalitatea eta azalpenak kentzen ditu, soilik bitxikerian eta sorpresan utziz albistea. Entziklopedia fantastiko horren publikoa jada hirian errotuta zegoen irakurle mota bat zen, beranduago burges deitu genezakeena, naturarekin harreman txikia zuena baina foroan hitz egiteko bitxikeriak nahi zituena. Literatura irakurtzeko zailtasunak kendu eta bitxikeriara zuzenean joan nahi zuen bezeroa zen paradoxografiarena. Aristokraten artean egiten ziren bilera sozialetan (sinposioak) pertsona interesgarri gisa agertzea (hau da, ez kakós, ez deilós) funtsezkoa zen: aintzinaroan lirismoa izan zena, klasizismoan erretorika izan zen eta, garai helenistikoan, ezagutza. Eta ezagutza horretarako, zer hobea bitxikeria baino.

Erdi Aroan generoak jarraitu zuen, maiz ere unibertsoaren hedapenarekin lotua. Marko Poloren bidaiek urruneko kondaira berriak sortzen zituzten, eta genero literario berria hedatu zen: bidaia-liburuak. Sir John Mandevilleren bidaia liburuan agertzen dira zinozefaloak, ziklopeak eta esziapodoak, adibidez.

Erdi Aroko entziklopediarik ezagunenetako batek, Isidoro Sibiliakoaren “Etimologiak” lana, aipatzen ditu ere esziapodoak:

Esziapodoen arraza Etiopian bizi dela esten da; hanka bakarra dute, eta oso azkarrak mugitzen dira. Greziarrek σκιαπόδες deitzen dituzte (“itzala ematen duen hankadunak”), oso bero denean, bizkarraren gainean etzaten direlako lurrean, eta euren hanka handia altxatuta, itzaletan babesten direlako

Gervasio Tilburykoaren Otia Imperialia (Enperadorearentzako Aisialdia) Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorearentzat idatzitako entziklopedia da. Hasi, ondo hasten da, zentzudun. Lehenengo hogeita bost ataletan munduaren historia aztertzen da Hasieratik Noerenganaino. Ondoren, beste hogeita sei ataletan, historia, geologia eta politika lantzen ditu. Baina azken ehun eta berrogeita bost (bai, 145) ataletan marabillara joaten da: “probintzia guztietako marabillak, ez marabilla guztiak, baina bai marabilla batzuk probintzia bakoitzetik”. Horrela aipatzen du India, adibidez: “badaude bertan hainbat izaki monstruoso (…) Badaude batzuk, adibidez, oinak atzerantz dituztenak, eta zortzi behatz dituztenak oin bakoitzean. Beste batzuek zakur burua dute eta atzaparrak; euren azala behiena bezala da, eta ahotsa zaunka egiten duten txakurrena. Badaude (…) emakume batzuk bost aldiz erditzen direnak, baina euren umeak ez direnak bizitzen zortzi urte baino gehiago. Badaude bururik ez duten izakiak: euren begiak sorbaldetan daude eta bi zulo dituzte bularrean, ahoa eta sudurra bezala. Badaude batzuk Ganges ibaiaren sorburuan sagar mota berezi baten usaimenetik bizi direnak. Bidaiatzen badute distantzia pixka batera eurekin daramatzate sagar batzuk, ez badituzte usaintzen gaixotzen direlako eta bat-batean hil daitezkeelako”.

Erdi Aroko marabillen bilaketa hau Aro Modernoarekin agortzen joan zen. Elkanok munduari bira eman zion eta idatziz utzi zuen horrelako izakirik ez zegoela han, kanela ez zela Fenix hegaztiaren habietan hazten, eta ez zutela Etiopiako trogloditek landatzen:

Ca es de saber que nuestros españoles que ahora volvieron que esta nao cargada de especiería […] recontaron al emperador y a muchos otros todas y cada una de las cosas de este viaje acaecidas, con tanta fe y sincera fidelidad, que según la manera de su reconocimiento pareció claramente a los que les oíamos de oír en todo verdad […] tenemos ahora conocimiento y de cierto creemos ser fabulosas y no verdaderas las cosas que los autores antiguos dejaron escritas; y que con la experiencia de los presentes pueden ser reprobadas. ¿Quién cree ya de aquí en adelante que hay los monoscellos, (o stripandas) spitameos (pigmeos) y otros semejantes, que son más monstruos que hombres, que los antiguos escritores nos dejaron por escrito […] estos nuestros españoles, que en esta nao ahora volvieron, habiendo dado la vuelta al universo orbe, nunca hayan topado, visto ni podido saber ni menos oír en todo lo que hayan andado, que ahora ni en tiempo alguno hay habido ni haya los semejantes hombres monstruosos? Así que todo lo que los antiguos sobre esto dijeron se debe tener por cosa fabulosa y falsa, y que como lo oyeron sin saber la verdad de ello lo escribieron, y así nos han venido las semejantes fábulas y mentiras de muy antiguo de unas manos a otras y de un autor a otro, sin haber un cierto auténtico autor de ello.

Ez zegoen jada, antza, “monozello” eta “spitameotan” sinistu beharrik. Baina errealitateak bestelakoa esaten digu. 1540ko hamarkadan, Margarita Nafarroakoaren Heptamerona editatu zuen Pierre Boaistuauk, Histoires prodigieuses liburu garrantzitsua argitaratu zuen. Bertan, Krakoviako munstroa izenez ezagututako izaki miragarria erabili zuen demonioen birsortzeko gaitasunari buruz hitz egiteko. Conrad Lychostenesek, protestantismoak behar zuen marko eskatologikoa sortzeko beharrarekin, bi mila urtez egondako gauza miragarri guztiak bildu zituen Chronicon lan entziklopedikoan, baina hamarretik bat 1550 eta 1557 bitartean gertatu ziren: munduaren amaieran ematen ari zen gauza liluragarrien hazkuntzaren seinalea . Modernitatea jaio zen, baina Erdi Aroa ez zen hil.

Azken finean, nola hilko da Erdi Aroa, publikoak oraindik lilura eta monstruoak nahi baditu? Paradoxografiak Antzinako Grezian foroan hitz egiteko balio zuen bezala, Modernitate goiztiarrean liburu genero berri bat agertu zen, lilura, munstroak eta bitxikeria batzen zituena. Lycosthenesen kronikak, Paréren Des monstres et prodiges edo Fortunio Licetiren monstruoen bilduma medikoak genero horren adibide dira, garaiko best-seller handiak. Baina bazegoen pentsamendu zientifikoaren historian garrantzia izango duen gertakari bat liburu sorta berri hauetan. Aurreko bildumak antzinaroko jakintsuen testuetan oinarritzen ziren bitartean (Herodoto edo Plinio aipatzea nahikoa zen), liburu berri hauek gertakaria bizi izan dutenen zerrenda luzeak egiten zituzten. Munstroak benetakoak ziren, aspertu arte hedatzen den iturrien segida batek hala ziurtatzen duelako. Ez dira imajinaziotik sortutakoak, ez dira jada ezagutzen dituzun betiko munstroak: erreferentzia berriak dituzten lilura berriak dira. Munstro berri hauen inguruan irakurtzeak plazerra sortzen zuen irakurleengan. Thomas Luptonen A Thousand Notable Things (1586) bitxikeriak zein munstroak tartekatzen ditu irakurlearen posizio soziala hobetzeko asmoz, konbertsazio instruktiboa zein entretenigarria aberasteko asmoz. Guillaume Boucheten Serées (1584) Poitierseko merkatariei dedikatua, azaltzen du plazerra dela familia zein lagunekin egoterakoan, konbertsazio gaiak izatea, izan ardoa, munstroak edo anekdota soilak. 

Baina hor etorri ziren Ilustratuak, mirariak zapuztera. Encyclopédieko “Merveilleux” sarreran hala dio:

Iliada jainkoz eta batailaz beterik dago, dio Voltairek poesia epikoari buruzko saiakeran; gai horiek berez erakartzen dituzte gizakiak: ikaragarria iruditzen zaiena maite dute, izutzen dituzten sorginen ipuin horiek irrikaz entzuten dituzten haurrak bezalakoak dira. Garai guztietarako ipuinak daude; ez dago naziorik berea izan ez duenik. Hori da, dudarik gabe, miragarriak eragiten duen atseginaren kausetako bat; baina, hartaz jabetzeko, poetak bere mendean eta bere nazioan jasotako ideiez egiten duen hautuaren, erabileraren eta aplikazioaren mende dago dena, kolpatzen, harritzen eta atsegin dituzten fikzio horiek imajinatzeko; eta horrek esan nahi du, halaber, miragarriak ez duela egiantzarekin talka egin behar.

Miragarriak ez du egiantzarekin talka egin behar.

Miragarria. Egiantza.

Baina goiko bideoak esaten digu miragarria ez dela desagertu. Urruneko izaki miragarri horiek eraldatu dira, bai. Jada ez du inork monoscellotan edo esziapodoetan sinisten. (Beno, norbaitek ziur baietz). Orain mamuak, animalia arriskutsuak eta beste planeta batetik datozen izakiak ditugu imajinazioaren lekuak betetzen. Ez dira desagertu: eraldatu dira. Eta oraindik ere zirrara sentituko genuke esaten badigute Ganges ibaiaren iturburutik gertu sagarrak usaintzetik bizi den giza talde bat dagoela. Oraindik ere erosten ditugu horrelakoak: Errekorren Guinness Liburua fantasiazko datu absurduz beteriko liburua da, eta best-seller bat da. Entziklopediak inprimatzeari utzi diogu, baina Errekorren Guinness Liburua oraindik ere inprimatu eta nabarmen saltzen da. Bertan, epaileen sistema batek ematen dio egiantzekotasuna miragarria denari. Hori da gure garaiaren sistema: iturriak, erreferentzia bibliografikoak, fenomenoaren deskribapena.

Wikipedian miragarria ez da desagertu. Depths of Wikipedia kontua jarraitu bazenuten (uste dut oraindik Instagramen aktiboa dela), bitxikeriak eta arrarotasunak lekua dute. Eta Antzinako Grezian foroa zena eta Modernitatean kafeak zirenak gaur egun Whatsapp taldeak dira. Bitxia dena bidaltzen jarraitzen dugu, eta harritzen gaitu entziklopedia batek esaten digunean Lenin onddo bat zela, 27koen klubekoek pizgailu zuria zutela hiltzerakoan, edo monje baten itxura duten txibia erraldoiak agertu izan direla. Paradoxografia ez da hil, gizakiak jarraitzen duelako hitz egiteko gai bitxien bila. Paradoxografia ez da hilko goian ikusi duzun bideoa zure lagunei bidaltzen badiezu. Ah! Ez baduzu egiten kontuz gaur gauean buruki azpiko gaizkinarekin.

Paradoxografia - etzi.pm.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Etzi izan nahi duguna gaur eztabaidatzeko tresna Itsas nabigazioaren oinarrietako bat beti izan da aurreikuspenak egin eta ezezagunak diren itsas bideetan barrena nabigatzea, batzuetan aberastasunak, lurralde edo bide berriak aurkitu asmoz eta beste askotan ezezaguna zaigun horretan etorkizun hobeak bilatu eta eraikitzeko. Gaur egun ordea, dena ezaguna dela iruditzen zaigun garai hauetan, zeinetan batzuk ia historiaren amaiera aldarrikatu duten, etorkizun hobe edo ezberdinen bila ekiteko grina lausotu zaigu, eta horrekin batera etorkizuna helburu, aurreikuspenak egiteko gaitasuna. etzi.pm etorkizunak eraikitzeko bidean nabigatzeko tresna izateko asmoarekin jaio zen. etzi.pm Talaios kooperatibaren proiektu bat da.