Erabaki berri batean, Jaurlaritzak hezkuntzan izaera pribatiboko softwarea soilik homologatzea erabaki du eta, ondorioz, software libreari ateak itxi dizkio.
Horrek esan nahi du ikastetxeek Microsoft, Google edo Apple bezalako enpresen produktuak erabili beharko dituztela, software librean oinarritutako alternatibak alde batera utzita, software libreko sistemek seguruak, gardenak eta tokiko beharretara egokitzeko modukoak direla erakutsi duten arren. Erabaki horrek eztabaida sortu du, batez ere burujabetza digitala eta hezkuntzaren autonomia defendatzen ditugun pertsonen artean, eskolen aukerak mugatzen dituelako eta ikasleak korporazio handien sistema itxien mende jartzen dituelako.
Aurreikustekoa da homologazio-prozesuan, autoritateren batek irizpide jakin batzuk betetzen dituen softwarea hautatu duela hezkuntzan erabiltzeko. Irizpideak, oraingoz, ez daude argi. Hala ere, Jaurlaritzak software pribatiboa baino ez du homologatu, software librearen aukerak alde batera utzita, independentzia teknologiko handiagoa ahalbidetzen badute ere.
Ondorioz, ikastetxeek ez dute autonomiarik beren premia pedagogikoetara hobeto egokitzen diren edo ikasleen ezagutza teknikoa eta autonomia sustatzen duten softwareak aukeratzeko. Testuinguru digitalean irekitasun- eta lankidetza-printzipioetan oinarritutako ikaskuntza sustatu beharrean, Jaurlaritzak mendekotasun harreman bat ezartzen du, berriz ere, erraldoi teknologikoekiko.
Software libreak programa erabiltzeko, ikasteko, aldatzeko eta banatzeko askatasuna ematen die erabiltzaileei. Oinarrizko lau askatasun horiek aukera ematen dute erakundeek eta pertsonek softwarea beren behar espezifikoetara egokitzeko, enpresa baten baimenen edo baldintzen mende egon gabe. Software libreak sarbide gardena bermatzen du kodera, eta erabiltzaileei segurtasuna eta funtzionamendua egiaztatzeko aukera ematen die. Hori ez da gertatzen software pribatiboarekin, fabrikatzaileak bakarrik baitu kodearen gaineko kontrola.
Hezkuntza-testuinguru batean, software libreak are garrantzi handiagoa du. Eskoletan software librea erabiltzeak onura ugari eskaintzen ditu, eta horrek eragin positiboa izan dezake ikasleen ikaskuntzan eta trebetasun teknologikoen garapenean, mendekotasun teknologikoa murriztetik hasita.
Hiru hobekuntza aipatuko ditut:
Software libreak egokitzapen pedagogiko eta kultural malguagoa eta tokiko testuinguruarekin bat datorrena errazten du, bai hezkuntzari dagokionez, bai kulturari dagokionez. EAE-ren kasuan, softwarea euskarara itzultzea eta bertako behar izanetara egokitzea (hots, lokalizatzea) ahalbidetzen du, ingurune digitaletan euskararen erabilera sustatuz eta eremu teknologikoan euskararen normalizazioan lagunduz.
Ikasgeletan software librea erabiltzeak gaitasun digital aurreratuei buruzko prestakuntza bultzatzen du. Ikasleek tresna teknologikoak erabiltzen ez ezik, ulertzen eta hobetzen ere ikasten dute. Alderdi hori funtsezkoa da etorkizuneko belaunaldiak gaitasun tekniko eta digitaletan prestatzeko, etorkizunean beren lan- eta ikasketa-inguruneen gaineko kontrol handiagoa izan dezaten.
Epe ertainera software libreak ikastetxeentzako kostuak nabarmen murrizten ditu, eta, horrela, baliabideak beste hezkuntza behar batzuetan inbertitu daitezke, software pribatiboko lizentzia garestietara bideratu beharrean.
Beste funtsezko alderdi bat segurtasuna da, baina utzidazue horri bloke oso bat eskaintzea.
Softwarearen segurtasuna funtsezko kezka da tresna digitalen mende gauden aro batean, eremu guztietan, lanean eta hezkuntzan hasi eta bizitza pertsonalean amaitu arte. Eta aipatzekoa da, funtsezko aldeak daudela software librearen eta software pribatiboaren artean segurtasunari dagokionez. Desberdintasun horiek gardentasunaren eta lankidetzaren ondorio dira nagusiki, eta, hala, software librea aukera seguruagoa da.
Nahi adina luza ninteke, baina ideia orokor bat eman nahi dizuet, besterik ez.
Software librea garatzeko ereduan, ahultasun bat aurkitzen denean, komunitateko edozein pertsonak egin dezake lan hori zuzentzeko, eta aldaketa azkar inplementatu daiteke. Zentzu horretan, behin eta berriz ikusi dugun moduan, software librearen eredua askoz eraginkorragoa da arlo horretan software pribatiboa garatzen duen ezein multinazionalena baino.
Askotan errepikatu dut artikulu honetan, software libreak aukera ematen duela edozein pertsonak iturburu-kodera sartzeko, hau da, kode hori osatzen duten jarraibideen multzora. Bere izaera irekia dela eta, software libreak hirugarrenei segurtasun-auditoriak egiteko aukera ematen die, eta horrek bere fidagarritasunaren bermea eskaintzen du. Komunitatearen “ziurtagiri” hau etengabeko berrikuspenean eta mundu osoko zibersegurtasuneko adituen ekarpenetan oinarritzen da, eta hori abantaila handia da software pribatiboaren aldean.
Jaurlaritzak eskoletan software librea baztertzeko erabakia hartzean, aukera teknikoa egiteaz gain, euskararen garapen kultural eta linguistikoari eragiten dion jarrera ere hartzen du. Software librea funtsezko tresna da euskara bezalako hizkuntzak zaintzeko eta indartzeko, ingurune teknologikoan protagonismoa emanez.
Software libreari esker, erabiltzaileek beren hizkuntzetara eta kulturetara lokalizatu eta egokitu dezakete softwarea, mugarik gabe, eta hori kritikoa da aro digitalean euskara normalizatzeko. Software librearen komunitateek euskararen erabilera errespetatu eta sustatuko duten softwareak sortzen dituzte, sistema eragileetatik hasi eta hezkuntza-aplikazioetaraino. Aldiz, software pribatiboak aukera horiek mugatzen ditu eta, esan gabe doa, multinazional horiek hizkuntza nagusiak lehenesten dituzte.
Azken batean, EAE-ko eskoletan software librea ezartzeari buruzko eztabaidak hemen jorratu ditudan baino gai gehiago hartzen ditu bere baitan, hala nola zaharkitze programatua. Baina ideia nagusia, hurrengo hau da:
Jaurlaritzari deia, gogoeta egizue.
Hezkuntza burujabea, inklusiboa eta kultura-aniztasuna islatzen duena lortu nahi badugu, Jaurlaritzak berriz ebaluatu behar du eskoletan software librea erabiltzea. Azaldu dudan moduan, hezkuntzan software librearen aldeko apustua egiteak, autonomia teknologikoa ez ezik, euskal kultura eta hizkuntzaren nortasuna indartzeko aukera ere ekarriko luke. Jaurlaritzak korporazio handien mendeko erabiltzaile bihurtuko ez dituzten tresnak eskaini beharko lizkieke ikasleei eta ez bezeroak multinazionalei.
Ez da berandu, Jaurlaritzak aukera du hezkuntzan duen software politika birplanteatzeko eta software libreari ateak irekitzeko. Helburua euskal gizarteari benetan balio dion hezkuntza bada, euskarak eta burujabetza teknologikoak funtsezko lekua izan behar dutelako etorkizuna zehaztuko duten erabakietan.
Goiburuko irudia: Libreravi, CC BY-SA 4.0.
Hezkuntzan software librea erabiltzeari ateak itxi dizkio Jaurlaritzak - etzi.pm.