2024-09-25 10:27

«Etzi izan nahi duguna gaur eztabaidatzeko tresna» izan zen etzi.pm, orain etorkintzara pasako gara. «Etorkintzan dihardugu» dio gure lema berriak, hori baita nahia, etorkizunak pentsatzetik harago idazten, zaintzen eta ekartzen saiatuko garelako artefaktu digital honetatik.

Etorkizun bizigarriagoei buruz idaztearekin batera, horietako batzuk ekartzen eta zaintzen saiatuko gara. Artefaktu digital honen muinean, astero etorkizuna ardatz edo aitzaki duten iritziak izango dira. Horretaz gain, noizean behin, zaintza-tresnen bidez gai zehatzei ere jarraipena egingo diegu. Etorkizun horietako zenbaitzuk, ekarri nahiko ditugunez, sustatzaile den Talaios Kooperatibako kideok eta parte hartzen dugun beste zenbait ekimenen laguntzarekin (Teks eta Torrekua adibidez), eztabaidak ere sustatuko ditugu: jardunaldi, hitzaldi, mintegi, artelan… formetan.

Aurreko fasean markatu genuen bidea berresten dugu, hauxe genion orduan historiaren amaiera aldarrikatu nahi zutenen aurrean: «etorkizun hobe edo ezberdinen bila ekiteko grina lausotu zaigu, eta horrekin batera etorkizuna helburu, aurreikuspenak egiteko gaitasuna. Etzi.pm etorkizunak eraikitzeko bidean nabigatzeko tresna izateko asmoarekin jaio da». Apustu horretan egile eta editore bikainak izan genituen, horien artean: Aiert Goenaga, Xabier Landabidea eta Nagore Vega… denei eskerrak.

Oraingoan, edizio-lan kolektiboan sakonduko dugu. Momentuz gure proiektuen inguruan dabiltzan pertsonei ireki diegu bertan idazteko aukera. Aurrerago, beste hainbat izen batuko zaizkie. Aurreago, kanpoko proposamenak jasotzeko aukera ere ireki nahi dugu, baina hori beranduago etorriko da. Etzi.pm ekintzari, etorkintzari, bide emango dion artefaktu izango da beraz. Gai anitzak landuko ditugu, aurrekoan ekonomia, teknologia, politika, jendartea… izan baziren nagusi, oraingoan horietaz gain, auskalo.

Bide batez, ez dugu hemen egiten dena, hemen bakarrik amaitzerik nahi, eztabaida ere hedatu nahiko genuke. Zabaldutako informazioa, iritziak eta eztabaidak leku gehiagotara iritsi daitezen, hedabide digital eta herritarrekin elkarlana ere sustatu nahiko genuke horretarako. Helburu horrekin, eduki ia guztiak (batzuk beren lizentzia propioa izan dezakete, adibidez liburuen portadak) lizentzia librearekin argitaratuko ditugu.

Esperimentazio teknologikorako tokia ere bada Etzi.pm. Fedibertsoaren aldeko apustua egiten dugu eta horregatik gure tresna automatikoki federatzen da ActivityPub protokoloari esker edozein fedibertsoko sarerekin. Horrek zera esan nahi du, hemen idazten den guztia automatikoki Mastodon edo fedibertsoko sare gogokoenetik jaso dezakezuela. Ez bakarrik hori, sare horietan ematen den eztabaida ere automatikoki jasoko da Etzi.pm barruan ere.

Beti izan da zaila ezezagunaren aurrean bidea egitea, eta horregatik karta nautiko zaharretan ezezaguna, oztopoak irudikatzeko itsas munstroak erabiltzen ziren bezala, Yeray Gascón-ek kraken bat marraztuz irudikatu du. Milaka esku eta buru izango dituen kraken honek emozionatzeko mila arrazoi emango dizkigula ziur gaude.

Izango garelako, gara!


Etorkintzan dihardugu - etzi.pm.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Etzi izan nahi duguna gaur eztabaidatzeko tresna Itsas nabigazioaren oinarrietako bat beti izan da aurreikuspenak egin eta ezezagunak diren itsas bideetan barrena nabigatzea, batzuetan aberastasunak, lurralde edo bide berriak aurkitu asmoz eta beste askotan ezezaguna zaigun horretan etorkizun hobeak bilatu eta eraikitzeko. Gaur egun ordea, dena ezaguna dela iruditzen zaigun garai hauetan, zeinetan batzuk ia historiaren amaiera aldarrikatu duten, etorkizun hobe edo ezberdinen bila ekiteko grina lausotu zaigu, eta horrekin batera etorkizuna helburu, aurreikuspenak egiteko gaitasuna. etzi.pm etorkizunak eraikitzeko bidean nabigatzeko tresna izateko asmoarekin jaio zen. etzi.pm Talaios kooperatibaren proiektu bat da.