Euskararen etorkizun digitala, hizkuntza txikiek beren biziraupena eta garapena bermatzeko duten erronka globalaren adierazgarria da. Digitalizazioaren eremuan, hizkuntza handiak nagusitzen dira, eta teknologiak euskarari balio behar dio biziraupenerako eta, gainera, garapenerako tresna izateko. Artikulu honetan, etorkizuneko eszenatokiak eta euskal komunitate digital bat eraikitzeko zenbait ideia jaso ditugu.
Digitalizazioak abantaila ugari eskaintzen dizkie hizkuntza handiei, eta euskarak hainbat muga ditu sarean duen presentzia areagotzeko. Nahiz eta W3Techs-ek jasotako datuak ez izan oso fidagarriak, horren arabera, euskarak presentzia sarean %0,012-koa da eta horrek agerian uzten du bide luzea dagoela egiteko. Wikipedian euskarak toki duin bat eskuratu du eta 33. postuan ageri da estatistiketan. Hizkuntzen egoera teknologikoa aztertzen duen European Language Grid ekimenak plazaratutako datuetan faktore teknologikoei erreparatuz gero 25. postuan kokatzen du euskara. Aldiz, testuinguru orokorrari begirako faktoreak aztertuz gero 60. postura jaisten da.
1997an Wired aldizkariak “The Long Boom” artikuluan hurrengo hamarraldiarentzako arrisku nagusiak aurreikusi zituen, eta hauek ziren:
AEB eta Txinaren arteko tentsioak: Gerra Hotz berri baten arriskua AEBren eta Txinaren artean.
Teknologiarekiko frustrazioa: Teknologia berriek espero zen produktibitate eta ekonomi onura nahikorik ez emateko aukera.
Errusiako ezegonkortasuna: Errusiak kleptokrazia edo nazionalismo autoritario batera bihurtzeko aukera, Europako segurtasunari mehatxu eginez.
Europar Batasuneko arazoak: Mendebaldeko eta Ekialdeko Europako tentsioen ondorioz batasuna apurtzeko arriskua.
Krisialdi ekologikoa: Klima aldaketak janari horniduran eragina izatea, prezioen igoera eta gosete posibleak eraginez.
Kriminalitate eta terrorismoaren gorakada: Gizartean beldurra zabaldu eta askatasunari eragiten dioten neurriak hedatzea.
Osasun krisia kutsaduraren ondorioz: Kutsadurak minbizi kasuak areagotzea eta osasun sistema gainkargatzea.
Energia krisia: Energia prezioak goratzea, Ekialde Hurbileko gatazkek eta energia alternatiboen garapen motelak eraginda.
Pandemia global bat: Biztanlerian eragin handia izango lukeen izurrite edo gripea zabaltzeko arriskua.
Erreakzio kulturala: Gizarte erreakzionario baten ideien hedapena gizarte ezinegonaren erantzun gisa.
Zetorrena, ez da guztiz gertatu, baina eszenatoki hauek gaur egun irakurrita zentzu nahikoa dute oraindik. Etorkizuna asmatu ezin bada, zertarako etorkizunean jarri jomuga?
James A. Dator Hawaii Research Center for Futures Studieseko zuzendariak idatzitako Datorren legeak ekartzea otu zait; datorren etorkizuna asmatzen eta amesten has gaitezen.
1. Etorkizuna ezin da iragarri, existitzen ez delako. Etorkizuneko ikasketek ez dute etorkizuna iragartzeaz jardun behar. Etorkizunari buruzko ideiak (etorkizuneko irudiak) aztertzen ditu, norbanako bakoitzak (eta talde bakoitzak) dituen etorkizunari buruzko irudiak.
Etorkizuna ezin da iragarri, baina etorkizunean alternatiboak izan daitezke. Etorkizunen azterlanen zeregin nagusietako bat da edozein unetan eta tokitan dauden etorkizun alternatiboak identifikatzea eta aztertzea.
Etorkizuna ezin da iragarri, baina etorkizuneko desiragarriak, berriz, bistaratu, asmatu, ezarri, ebaluatu, berrikusi eta etorkizunera proiektatu behar dira. Horrela, Etorkizunen Azterlanen lanik garrantzitsuena, pertsona eta taldeei, beren etorkizun desiragarriak formulatzea, inplementatzea eta berrikustea da.
Erabilgarria izateko, etorkizuneko ikasketek plangintza estrategikoarekin eta hortik administrazioarekin lotuta egon behar dute.
2. Etorkizunaren inguruko edozein ideiak barregarria izan behar du. Teknologia berriek portaera eta balio berriak gaitzen dituzte, antzinako sinesmenei eta balioei erreparatuz lizunak, ezinezkoak, zientzia-fikzioa, barregarriak… dirudite hasieran, gero ezagunak izaten dira, eta azkenik, normalak.
Futuristak baliagarriak izatea espero badute, beren ideietako batzuk barregarriak eta errefusa merezi dutela ulertu behar badute ere, era berean, ideia horien arteko batzuk ideia baliagarriak direla ere ulertu behar dute. Egingarriak izateko beharrezkoak diren ebidentziak biltzea eta horien garapen posibleak bilatzea ere beren ardura da.
3. Gure tresnei forma ematen diegu, eta haiek forma ematen digute. Aldaketa teknologikoa gizartearen eta ingurunearen aldaketaren oinarria da. Testuinguru zehatzetan nola funtzionatzen duen ulertzea funtsezkoa da, etorkizun alternatiboei forma emateko eta etorkizun desiragarrietarako aukerak eta mugak zehazteko ere. Nahiz eta teknologia oinarria izan, behin balioak, prozesuak eta erakundeak teknologiek gaitu dituztenean, horiek bizitza propioa izaten hasten dira.
Datorrek proposatutako “Etorkizuneko Legeak” inspirazio iturri hartu daitezke adibidez. Etorkizuna aurreikusi ezin bada ere, eszenatoki batzuk irudikatzeko balia daiteke. Horretarako interesgarria izan daiteke “Etorkizuneko konoa” bezalako tresnak erabiltzea.
Etorkizunen Konoa gizartean etorkizuneko eszenatoki posibleak ulertzeko eta antzemateko erabiltzen den tresna da. Tresnak etorkizunera begira, probabilitate desberdinak kontuan hartuta, etorkizun aniztasuna eta horien mota desberdinak irudikatzen ditu:
1. – Etorkizun probableak: Gertatzeko litekeenak direnak egungo joeretan oinarrituta.
2. – Etorkizun sinesgarriak: Gertatzeko aukera dutenak munduaren ulermenean oinarrituta (lege fisikoak, prozesu sozialak, eta abar).
3. – Etorkizun posibleak: Gertatzeko daitezkeenak oraindik ez daukagun baina etorkizunean izan genezakeen ezagutza edo joera batean oinarrituta.
4. – Etorkizun desiragarriak: Gertatu beharko luketenak kolektibo jakin batek edo gizarteak desiratzen dituelako, eta lehen aipatutako etorkizun probable, sinesgarri edo posibleen barruan egon daitezke.
Datorren ideiak eta etorkizunen konoa tresna bezala hartuta lanketa interesgarriak egin daitezke, baina gauzak aldatzeko helburua duten ekimenek pentsamentu sistemikoa ere kontutan hartu behar dute. Aldatu nahi duten hori, zein nolako aldaketa suposatu dezakeen eta zein kapatan eragin behar den pentsatzea garrantzitsua da horretarako. Iceberg batez irudikatu ohi da askotan pentsamentu sistemikoa.
Posible litzateke horiek guztiak antolatu eta etorkizun desiragarriak aurreikusteko erabiltzea?
Datorrena bai, baina etortzea nahi duguna posible egitea da behar duguna. Etorkizuna ez da fenomeno atmosferiko bat. Datorrena guk idatzi behar dugu, begirada sistemiko eta konplexu batetik, baina eszenatoki desiragarriak irudikatuz. Tresna hauek baliagarriak izan daitezke, baina ez dugu tresnetan jarri behar konfiantza osorik. Horregatik etorkizunera begiratzeko perspektiba zehatz berri bat proposatzen dugu Etorkintza.
Etorkintzak, etorkizunaren sorkuntzan agente aktibo bihurtzen gaitu, beste hainbat eragileekin batera etorkizun desiragarri bat ekartzeko lan egingo duen agente batean hain zuzen ere. Ekintzatik, lokatzetatik, tripetatik hitz egiten duena eta ez pentsamentu soiletik. Etengabean gure burua berrikusi eta aztertzeko zaintza mekanismoak ezarriko dituen eredu bat ere bada, baina ekintzara bideratua eta etika bat ere barne biltzen duena. Hau da, ekintzetatik bere buruari zergatik, zertarako eta nola galdetzen dion etorkizuneko perspektiba konplexu bat.
Horretarako, begirada berriak ere beharko ditugu adibidez Bruno Latourren Aktore-Sare teoriak interesgarriak dira. Aktore-Sare Teoria, Latourren arabera, gizartearen eta teknologiaren arteko interakzioak aztertzen ditu, aktoreak (pertsonak, objektuak, ideiak) sare batean konektatuta daudela iritzita.
Beste arlo askotarako baliatu daiteke, baina etorkintza digitalari dagokionez hemen ideia batzuk. Lanketa oso bat beharko du, baina hemen etorkizuneko komunitate digital baten eraikuntzarako oinarriak ezartzeko aukerak irekitzen dituzten 10 ideia azkar.
• Burujabetza teknologikoaren perspektiban azpiegitura propioak eta ekosistema digital lurraldetuak beharko ditugu.
• Behar kultural espezifikoei lotutako modeloetan teknologia ikertu eta sortzeko garaian elkarlan erradikala ezinbestekoa da.
• Jakintza biltegi irekiak eta libreak sustatu behar ditugu, kulturalki egokiak diren baliabideak sortu ahal izateko.
• Tresna libreen kaxa erabili eta elikatu.
• Teknologiaren erraldoiak hurbil izan, beraiengan eragiteko diplomazia edo aldarrikapena estrategia guztiak eskura izateko.
• Hizkuntzak ikasi eta irakasteko modu eta lengoaia berriak aztertu eta landu.
• Bizitza osorako prestakuntza eta ahalduntzea sozioteknologia lotu hizkuntza ohituren eragitean.
• Hiztun komunitatea indartuko duten online eta aurrez-aurreko komunitateen sorrera eta sustapena.
• Federazioaren indarrean pentsatu. Egin handira, egin lokal.
• Konbergentzia transmedia, soziala, nahierakoa eta nonahikoa da. Batzuetan ez da garestia.
Etorkintza da bidea!
Josianitori eskerrak, Wireden artikulua gogoratu izanagatik