2018ko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainan 13.000 saski eskaera jaso dira eta, honenbestez, beste 162.500€ bideratuko dira Nafarroa hegoaldean ahobizi eta belarriprest berriak sortzen jarraitzeko ahaleginera.
5. urteurreneko kanpaina genuen aurtengoa. 2013 eta 2017 artean bost kanpaina joanak ziren, eta Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara 800.000€ inguru bideratuta genituen jadanik. Hain zuzen, bost urte horiek eman dutenari buruz aritu gara kanpainan; diru horrekin guztiarekin lortu dugunaz. Eta seigarren kanpainarekin bide beretik segitzeko asmoa azaldu dugu, izan ere, urteotan lortutakoa garrantzitsua da, bai, baina askoz gehiago da oraindik lortzeko duguna.
Eta pasa dugu bost urteko langa. Erraza ematen du, baina ez da hain sinplea urtez urte 200 herri baino gehiagotan ehunka lagun bere borondatez kanpainari emanda ibiltzea. Dozenaka euskaltegi, ikastola, eskola, elkarte, denda txiki, taberna eta abarretan kanpainaren berri eman eta eskaerak jasotzeko ahalegina egitea. Ez da erraza auzolan ariketa erraldoi hau udazkenero errepikatzea. Milaka etxetan urtero Errigoraren saskia(k) hartzeko hautua egitea.
Ez da erraza, baina oso polita da. Oso polita da urteotan nolako ekoizleen familia osatu dugun ikustea. Kanpaina honetan 23 etxe izan dira haien produktua eskaini digutenak: dozenaka langile eta ehunka nekazari. Oso polita da helburuak konpartitzen ditugunen arteko elkarlana. Eta politagoa desberdinen artekoa; batzuei besteen irrikak eta ametsak itsastea.
Oso polita izan da, bost urteren ondoren, ziklo berria indarrez zabaltzen duguna ikustea. 13.000 saski banatuko ditugu datozen egunetan eta beste 162.500€ bideratuko dira Nafarroa hegoaldean euskarari hauspoa ematen segitzeko. Ikastolek, oinarrizko beharrei erantzuteaz gain, inbertsio berriei aurre egiteko aukera ere izango dute; AEKn izena ematen dutenek beka-sistema baterako sarbidea izango dute eta Sortzenek euskararenganako aurreiritzi eta diskurtso gezurtiei aurre egiten jarraituko du, sare publikoan D ereduaren aldeko hautua sustatuz. Labur esanda, Nafarroa hegoaldean ahobizi eta belarriprest berriak sortzen jarraitzera bideratuko da ekarpena, euskalgintzara haize berriak ekar ditzaketen proiektuei muzin egin gabe.
Mila esker eta zorionak nola edo hala kanpaina honen parte izan zareten guztioi. Biba gu!