Aspaldi antzeman genuen mundu hau hankaz gora dagoela. Sistema neoliberal zisheteropatrialkalak ezarritako antolaketa sozial eta ekonomikoak mundua zibilizazio krisi bete-betera eraman du. Egoera honetan, elkarrekiko harremanetan dauden krisi eta zapalkuntzek kolpatzen gaituzte. Horien artean dago zaintza krisia, zeinetan, une erabakigarrian aurkitzen garen: Zaintzaren antolaketa kapitalismoa eta patriarkatuaren esku jarraitzea edo erroko eraldaketa feminista eta sozialistaren norabidean kokatzea.
Izan ere, zaintza gure gizartea sostengatzen duen praktika da. Zaintzak bermatzen ditu mundua aurrera eramaten dituzten jarduera guztiak. Ezinbesteko lana izanagatik, espero genezake aitorpen kolektiboa jasotzea. Alegia, jarduera balioetsia eta erremuneratua (bere zentzu zabalenean) behar luke. Alta, kapitalismoak eta patriarkatuak zaintza lanak ikusezin bilakatzea bultzatzen dute; horretarako, batez ere, zaintza lanak eremu pribatura bultzatuz. Horren ondorioz degradatuak eta aitortu gabeak bilakatu dituztelarik.
Era berean, emakume, trans eta bollerengan erortzen diren lanak dira. Hori horrela, gizonek eta emakume, trans eta bollerek garatzen dituzten lanen aitorpenaren artean disonantzia sortzen da.
Dualismoa hori gure jaiotzatik ezarria da. Emakume gisa sozializatu izanagatik dituzte haiengan zaintza lanak neska, trans eta bollera gazteek. Horrela, zaintza lanak betetzea oinarrizko zeregina bilakatzen da euren bizi garapenean zehar. Hori horrela, zaintza auzia neska, trans eta bollerengan zelan ezaugarritzen den aztertzeko bi plano bereizi behar ditugu. Alde batetik, zaintza krisiaren une honetako ezaugarritzea, eta bestetik datozen hamarkadetan auziak izan dezaken bilakaera.
Lehenengoari dagokionez, neska, trans eta bollerek zaintza lanak are modu prekarizatuagoan hartzen dituzte haiengan, merkantilizazio eta pribatizazioa prozesuari aurre egiteko mekanismo gutxiago dituztelarik. Bigarrenari dagokionez, joera demografikoei jarraiki geroz eta gizarte zaharrago baterantz trantsizioa egiten ari gara, horregatik zaintza eredua aldatu ezean gure belaunaldiak zaintza behar gehiagori bitarteko gutxiagorekin aurre egin beharko dion belaunaldia izango da.
Testuinguru honetan garatzen da Greba Feminista Orokorraren planteamendua. Zaintza krisi bete-betean alegia. Merkantilizazioak eta pribatizazioak ardazten duten egungo zaintza eredu prekarioak parez pare jotzen du bizitza beraren sostengarritasunarekin. Izan ere, zaintza bizitzak sostengatzeko ezinbesteko jarduera den heinean, zaintzaren bideragarritasun ezak bizitzei kontrajarria zaie. Horregatik, beharrezkoa da zaintza auzia erdigunean kokatuko duen borroka ziklo berri bat abiaraztea.
Borroka ziklo berri horren helburutzat kokatzen dugu Zaintza Sistema Publiko eta Komunitarioaren eraikuntza, hau baita egungo eredua irauli eta zaintza lanak kolektibizatu eta duintzeko tresna bakarra. Pertsona orori zaintzeko eta zaindua izateko eskubidea emango diona. Hori, sistemaren inpugnazio ariketa gisa ezaugarritzen da. Alegia, egungo antolaketa sozial eta ekonomikoa deusestatu eta klabe eraikitzailean pertsona guztien bizitzak erdigunea jarriko dituen alternatiba planteatzeko ariketa.
Era berean, Mugimendu Feministak abiarazi duen ziklo berria, independentziaren beharra eta nahiaren areagotzeari lotuta ulertzen dugu. Euskal Herria iraultzarako territorioa da, eta, Euskal Herria, bertan bizi, lan egin eta zaintzen dugun pertsonok osatzen dugu. Greba Feminista Orokorra Euskal Herrian gauzatzea ez da ausaz ematen, herri honetan hamarkadetan zehar garatutako borroka desberdinek eskaintzen diguten oinarriaren emaitza baizik. Gainera, Greba Feminista Orokorra, mugarri nagusiena izan daiteken arren, ez da ikasturte honetan garatzen den bakarra. Izan ere, trantsizio ekosozialaren borroka, euskalgintza eta sindikalgintza, besteak beste, urrats esanguratsuak ematen ari dituzte. Horiek guztiak, sistemaren inpugnazio ariketa orokorraren baitan beste adibide gisa ulertzen ditugu. Herri hau martxan da; erronka global zein propioei ikuspegi nazionaletik aurre egiteak Euskal Errepublika feminista eta sozialista erdiesterako aktibo izugarria suposatzen du.
Aukera guztiak zabalik ditugu, abagune historiko baten aurrean gaude eta une politikoari behar besteko erantzukizun eta anbizioz heltzea dagokigu. Ibilizazio krisiaren aurrean alternatiba egon badagoelako eta horren adibide nagusiena Greba Feminista Orokorra bera da. Alegia, zaintza krisi bete-betean egonda ere, egungo eredua irauliko duen alternatiba integrala proposatzea, eta hura gauzatzeko, herri aktibazioa garatzen duen prozesu bat abiaraztea da adibide ezin hobea.
Gazte eremuan, aurrera begirako gure erronka nagusiena izango da Greba Feminista Orokorra eta bertatik eratorria izango den borroka ziklo berria. Bertan perspektiba propiotik, belaunaldi gisako aldarrikapenak mahai-gaineratuz une politikoari erantzungo diogu. Hori, sistemaren kontraesan eta mugak ikustarazten eta borrokatuz zein horren aurrean alternatibak planteatuz egingo dugu.
Eta ikuspegi horretatik helduko diogu Greba Feminista Orokorrari, belaunaldi gisa aldarrikapen propioak eginez. Mugimendu Feminista abiarazten ari den olatu berriaren lehen lerroa hartzera goaz. Ziklo berrian ahots propioz eragiten zein honetan gazteria agente aktibo bilakatzen.
Beraz, Euskal Herria feminista eraikitzera bidean, azaroaren 30ean denok grebara!
The post Zaintza ez da pribilegio bat appeared first on Ernai.