2023-11-01 17:36

Gazako herritarren aurka Israelek areagotutako erasoaldiek ezinegon eta kezka handia sortu dute Euskal Herrian. Era berean, nazioarteko komunitatearen konplizitatearen zein egoerak izaten ari duen geroz eta bilakaera bortitzagoaren aurrean, egoerari dagokion larritasuna aitortu eta erantzukizunez heltzeko unea da. Sinetsita gaude perspektiba horretan jardun izan duela Euskal Herriko jendartearen gehiengoak eta bide horretan txalotzen ditugu azkenengo asteetan Euskal Herriko hainbat txokotan burututako mobilizazioak. Berriz ere, herri honek Palestinarekiko duen elkartasuna eta konpromisoa adierazi du, inoiz baino garrantzitsuagoa den une batean.

Hori horrela, hurrengo lerroen bitartez egoera irakurtzeko zenbait gako mahai-gaineratu eta aurrera begira klabeak kokatu nahiko genituzke.

Une honetan auzia urriaren zazpiko gertakarietan ardazteak erabilera interesatu bati erantzuten dio. Gertakari horiek 75 urtez luzatzen ari den zapalkuntza-prozesu baten baitan kokatu behar ditugu. Horren oinarrian palestinar herriaren okupazioa, kolonizazioa eta autodeterminazio eskubidearen ukazioa kokatzen direlarik; nazio zapaldu bat da. Gainera, Israelgo estatu sionistak sistematikoki uko egin dio NBEren ebazpenak betetzeari, bide demokratikoak etengabe zapuztuz. Horregatik guztiagatik, palestinar herriak bizi duen apartheid egoera gainditu ezean, erabat saihestezinak dira gisa horretako gertakariak.

Era berean, “defentsarako eskubidearen” argudiopean Israelek abiarazitako oldartze eta sarraskia guztiz onartezinak dira. Azkenengo asteetan, Israelek palestinar herria sistematikoki zapaltzeko garatutako prozesuaren alderdirik gordinena ikusten gabiltza, dagoeneko milaka herritar hil, zauritu eta desplazatu dituena. Hain zuzen ere, sionismoaren ideologiapean Palestinaren aurkako genozidio bat garatzen ari dira, garbiketa etnikoa helburu.

Hori horrela, oso larritzat jotzen dugu nazioarteko komunitateak (Europak eta AEBk) eta, bereziki, estatu espainiar zein frantsesak hartutako posizioa. Israelen erasoak gaitzetsi ez, eta kontrara, horiek zilegiztatu, babestu eta indartu dituzte. Posizio hori ulertzeko Israelek NATOk ordezkatzen duen bloke geopolitikoarentzat betetzen duen funtzioa ulertzea ezinbestekoa da.

Israelek NATOk ordezkatzen duen bloke geopolitikoaren interesak babesten ditu Ekialde Hurbilean. NATO-k historikoki mendean hartu nahi izan duen eta horretarako bertako herriei burujabetza ukatu dien eskualdean ezinbestekoa du bere politikentzat akuilua izango den agente bat; hori da, hain zuzen ere, Israelek betetzen duen funtzio nagusia. Horregatik, Israelgo Estatua premisa antidemokratiko baten bitartez sortu zuten. Eta, era berean, horregatik tematu izan dira militarki eta ekonomiko hornitzen. Bide beretik, ezinbestekoa zaie Israelek Palestinarekiko duen jarrera zilegiztatzea eta mendebaldeko gizarteetan onarpen soziala lortzea.

Perspektiba horretatik ulertzen ditugu ere palestinar herriarekiko elkartasuna adierazten duten ekimenen aurka Europako zenbait gobernuk hartutako jarrerak. Ikusi izan dugu nola debekatu izan diren mobilizazioak, eta nola horiek burutu direnean polizia manifestarien aurka oldartu den. Euskal Herrian ere honen adibideak ikusi ditugu, zenbait espaziotan palestinar banderak konfiskatzea kasu.

Hala eta guztiz ere, txoko askotan inoizko mobilizazio jendetsuenak burutu dira. Euskal Herrian ere izugarria izan da artikulatu den herri erantzuna; horrek berriz ere Euskal Herria Palestinaren alde kokatu du. Argi geratu da aski gihar mobilizatzailea dagoela eta orain hori Palestinar herria ahalik eta onuragarrien diren posizioetara bultzatzeko baliatzea dagokigu. Hauek hiru puntu nagusitik igarotzen dira:

  1. Sarraskiari behin betiko amaiera ematea.
  2. Okupazioaren amaiera, deskolonizazioa eta autodeterminazio eskubidearen aitortza.
  3. Israel interpelatu eta honen erantzukizuna markatzea.

Alta, ezin izango dugu posizio horietara heldu Israelgo Estatuaren jarrera aldaketarik gabe; hori da, hain zuzen ere, zentroan jarri beharrekoa. Hau da, Israel erantzule gisa markatu eta berau genozidioari amaiera ematera behartzeko neurriak ezartzea, eremu ekonomikoan, politikoan eta instituzionalean eragiteko. Horregatik, une honetan, hiru eremu horietan Israelgo Estatuarekin harremanak etetea ezinbestekoa da. Horrek, Palestinako Nazio Askapen Mugimenduak eta Israelgo Estatuak osatuko luketen negoziazio batera eraman beharko gintuzke.

Beraz, auziak behar duen erantzukizun eta begirune osoarekin herri aktibazioa bultzatzen jarraitzea dagokigu, espazio guztietatik Palestinarekiko elkartasuna ehuntzen jarraitzea eta bide horretan Israelgo Estatua mugiarazteko, nazioarteko komunitatearen posizio aldaketa bat exijitzea, atzera egin dezan.

Euskal Gazteria bide horretan topatuko dute, historikoki egin izan dugun bezala, Palestinar herriarekiko elkartasun internazionalistaz lanean. Eta dei egiten diogu Euskal Gazteriaren osotasunari datozen egunetan printzipio horien pean Palestinaren askatasunaren alde mobilizatzen jarraitzera. Bide horretan, dei egiten dugu azaroaren 7an Gernika-Palestina plataformak antolatutako mobilizatzeko egunean parte hartzera. Ikastetxe, unibertsitate eta herrietan elkartasuna ehuntzen jarraitzera.

The post Euskal Gazteria Palestinarekin! appeared first on Ernai.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ernai, Ezker Abertzaleko gazte antolakunde iraultzailea da, eta Euskal Herri gazte, aske, sozialista, feminista, ekologista eta euskalduna du helburu.