2023-05-12 14:24

Maiatzaren 28an Hego Euskal Herrian udal eta foru hauteskundeak ospatuko dira. Hauteskunde berri horietara zibilizazio krisi bete-betean iritsiko gara. Sistema kapitalista zisheteropatrialkalak eta horren mesedetan diharduten estatu zapaltzaileek erreproduzitzen duten krisia da hau. Egungo antolaketa sozial, ekonomiko eta politiko sostengagaitzak ekarri gaitu honaino. Hori irauliz soilik lortuko dugu zibilizazio krisia gainditzea eta pertsona guztien bizitza duinak bermatuko dituen jendartea eraikitzea.

Krisia modu berezituan gorpuzten da gazteongan. Gugan belaunaldi krisiaren forma hartzen baitu. Gure bizitzen gaineko prekarizazio prozesu orokortuak ezaugarritzen du belaunaldi krisia, horrek dakarren etorkizunarekiko espektatiben galerarekin batera. Lan eremuko esplotazioa edota ikasketak era duinean garatzeko ezintasuna, zein emantzipatzeko zailtasunak dira, besteak beste, gure egunerokotasunean bizi ditugun problematikak. Gainera, bizi eredu patriarkala, heteronormatiboa, indibidualista eta autoritarioa da sistemak hedatu nahi duena. Gazteok ez dugu beste erralitaterik ezagutu, gurea krisian hazi eta hezi den belaunaldia da. Horrek guztiak gazteriarengan egoera jasanezina bihurtzen du eta gazteon artean bi joera ezberdin hedatzea dakar: batetik, etsipena eta apatia; baina baita ere, jendartearen eraldaketa bilatzen dugunongan, parte hartze politikoa eta aktibazioa handitzea.

Etsipena eta apatia hedatzeko asmoz politika instituzionala arrotza izango balitz bezala irudikatzen digute. Sistema neoliberalak gazteok politikatik urrun behar gaitu, eta horretarako, gazteon despolitizazioan sakontzen dute. Baina guk ez dizkiogu gure gaineko erabakiak inori oparituko. Gazteok militatzen dugu, herri eta gazte mugimenduetatik alternatibak sortzen ditugu eta politikaz arduratzen gara. Instituzioetan hartzen diren erabakietan ere eragin nahi dugu, bertan egongo gara eta gure behar eta neurrira moldatuko ditugu.

Gazteria polititzearen norabide horretan kokatzen dugu ere 16 urterekin bozkatu ahal izateko eskubidearen aldarria: 16 urterekin betebeharrak ditugu, politikaz arduratzen gara eta militatzen dugu. Gure bizitzen eta erabakiaren jabe izan nahi dugu eta horretarako bozka eskubidea 16 urtetik aurrera aitortu behar zaigu.

Mundu hau irauli daiteke, beste koordenada batzuetan kokatuko den jendartea eraikitzea posible da eta gaurdanik eraiki dezakegu. Gurean, bi estatuen asimiliazio konstatearen mehatxupean bizi den herri batean, mundua iraultzea prozesu independentista eraldatzailearen forma hartzen du. Burujabetza kuota geroz eta handiagoak eskuratu eta Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraiki. Prozesu hori jendartearen gehiengo batek gidatu behar du, horrek herritarren eta gazteon parte-hartze politikorako joera indartzea eta alternatiba posible izatearen ideietan sakontzea eskatzen digu.

Norabide horretan kokatzen ditugu maiatzaren 28an ospatuko diren udal eta foru hauteskundeak. EH Bildu da prozesu independentista eraldatzailea gidatuko duen jendarte sektore zabalen erreferentzia politiko-instituzionala. Bide horretan, EH Bilduren aldeko bozka aldarrikatzen dugu. EH Bildu da gazteok ordezkatzen gaituzten balore eta ideien erreferentzia. EH Bilduren bozka; bozka independentista, feminista, ezkertiarra, ekologista eta euskalduna da. Prozesu independentistak aurrera egin dezan, aldagai garrantzitsuenetariko bat EH Bilduk ahalik eta instituzio gehien gobernatzea eta botereguneak irabaztea da. Botereguneak eta instituzioak independentista bilakatzea.

Azkenik, maiatzaren 28ko hauteskundeen inguruan 4 gako ere mahaigaineratu nahi ditugu:

  1. Lehenengoa, udalgintza estrategikoa da gazteon bizitzak hobetu, zein Euskal Herriko burujabetza prozesua aurrera eramateko. EH Bilduren jardunak erakusten digu udalgintzaren gaitasun eraldatzailea.

  2. Bigarrena, Nafarroan Erregimena erabat botatzeko ezinbestekoa da sakoneko aldaketa eragitea.

  3. Hirugarrena, EAEn EAJ-k duen hegemonia politikoa ez da inondik inora ere gazte mailan erreproduzitzen, gazteen artean EH Bildu indartsuagoa baita. Joera hori indartu eta egonkortzea estrategikoa da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan behar dugun erroko aldaketarako.

  4. Azkena, EH Bildu da burujabetza eta eraldaketa sozialaren alde gaudenon eta independentzia ortzi-muga dugunon erreferentzia. Hori horrela izanda, norabide horretan kokatzen diren herri mugimendu eta gazte mugimenduen ahotsa izateko EH Bilduk duen ardura ere azpimarratu nahi dugu; burujabetza prozesua ahal bezain beste azkartuta.

Beraz, maiatzaren 28an bete ditzagun bozka independentistaz hautetsontziak, EH Bilduren aldeko bozkaz. Euskal Herria bertatik ere eraikitzen dugulako, dena aldatu nahi dugulako. Gazteok parte hartu nahi dugulako, ez dizkiegulako gure bizitzen gaineko erabakiak oparituko eta, batez ere, alternatiba egon badagoelako.

M28an Gazteok EH Bildu!

The post Dena aldatzeko hitzordu bat appeared first on Ernai.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ernai, Ezker Abertzaleko gazte antolakunde iraultzailea da, eta Euskal Herri gazte, aske, sozialista, feminista, ekologista eta euskalduna du helburu.