2024-09-19 15:23

Eusko Jaurlaritzaren Kudeaketa Planak otsoa lurralde osora hedatzea sustatzen du eta mendiko abeltzaintza alboratu egiten du

Abeltzaintzaren aurkako erasoak arintzeko neurriak itxurakeria besterik ez dira

Euskadi, 24/9/19.-Atzo argitaratu zen EHAAn Euskal Autonomia Erkidegoan otsoa kudeatzeko plana jendaurrean jartzeko ebazpena. Euskal nekazal eta abeltzain sindikatuok uste dugu, dokumentuaren azterketa sakonago baten faltan, plan honek berriro ere alboratzen duela mendiko abeltzaintza, sakoneko arazoari heltzea saihestuz eta sektore horri laguntzeko egitura-neurriak ezartzeari uko eginez, azken ondorioek arriskuan jartzen dituzte bai abeltzaintzaren eta gaztaren sektore osoa, ardi latxan oinarritua, bai larre menditarren habitatak, Europako araudiek babestu eta sustatu behar dituztenak. Mingarria da aurreko gobernu taldearekin bilera ugari egin eta lehen sektoreko erakundeek egindako ekarpenak kontuan hartu ez izana.

Aurkeztutako dokumentua aztertuta, alderdirik larrienetako bat otsoaren populazioa handitzen, eta lurraldean hedatzen laguntzeko Planaren asmoa da, animalia horien mugimenduak ahalbidetuz, espeziearentzat egokiak diren fauna-pasabideak jarriz.

Otsoaren kontserbazio-egoeraren azterketari dagokionez, dokumentuak dio “otsoaren harraparitzak eragindako abelburuen kopurua oso txikia dela abeltzaintzako erroldarekin alderatuta”, eta argudiatzen du Arabako eta Bizkaiko abeltzaintzako ustiategien % 5 baino ez dagoela kaltetuta. Deigarria eta bidegabea da kalkulu horietarako lurralde horietako ustialeku guztiak kontuan hartzea, erasoak eskualde oso zehatz batzuetan pilatzen direnean. Sindikatuon iritziz, dokumentuak norberari tranpak egiten dizkio, eta ez du jasotzen benetako eragina, ez eremu espezifikoetan, ezta erasoek lurraldearen kontserbazioan zein landa bizitzarako dituzten ondorioak ere.

Kalteak ekiditeko neurriei dagokienez, orain arte ezarritakoez gain, laguntzeko giza taldeak sortzea aurreikusten da, bai profesionalak, bai boluntarioak. Lehen sektorea sektore profesionala da, eta egiturazko neurri serioak behar ditu, ez boluntarioen esku geratzea. Mastin txakurrek artaldeen defentsan egiten duten lana nabarmentzea irtenbide magiko gisa, errealitateak erakutsi digunean mastinek, konponbidea baino gehiago, arazoak areagotu ditzaketela euskaldunak bezain gizatiartuak dauden mendietan, mendizale, pasealari, txirrindulari, mendiko runner eta abarren populazio gero eta ugariagoarekin elkarbizitza zaila dutelako.

Zeregin horietako batzuei dagokienez, hala nola, erasoen ondoren abereen egoera egiaztatzea, prebentzio-mekanismoak egiaztatzea edo aditu-ikuskapenetan laguntzea, ez da laguntza berezirik behar, abeltzainok egunero egiten dugun lana baita. Gainera, proposatzen diren planen zati bat, artzaintzarako laguntza profesionala, adibidez, abeltzainok ordaindu behar dugu. Ez da nahikoa kalteak jasatea eta otsoaren inposizioa jasan behar izatea; jarduera horien kostuak ere gure gain hartu behar ditugu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Baserritar elkartea