Erakunde batean kontziliazio erantzukideaz hitz egiten dugunean, hiru eremutako beharrei erantzuten dien ardura partekatuan oinarritutako kultura indartzeaz ari gara: erakundearen, familiaren* eta pertsonaren beharrak aintzat hartzeaz.
Zertarako izan beharko ginateke erantzukideak gure erakundearekiko? Eta zein da erakundeak bizitzekiko duen erantzukizuna?
Kolektiboak osatzen du, eta neurri batean baita sostengatu ere erakundea bera. Zentzu horretan, kolektiboaren eta erakundearen arteko harremana osasuntsua izan dadin, harreman interdependenteen etengabeko eraikuntzan eta hartu-eman orekatuan oinarritu beharko da. Izan ere, gure erakundea jasangarria ez baldin bada, ezingo baitigu bizitzak sostengatzeko baldintza duinik eskaini. Hala nola, kolektiboak erakundea osatzen duen neurrian, eta interdependentzia harreman horretan, ezinbestekoa eta erantzukidea da, erakundea osatzen duen pertsona horren ongizatearen kargu egitea erakundea. Eta zentzu horretan, kontziliazio erantzukide baterako aukera, ongizate horren baldintzetako bat izango da.
Lankidetzaren balioak erakundea eta pertsonak jartzen ditu erdigunean eta kontziliazio erantzukidea familia eredu konbentzionalen beharretatik haratago ulertzen du.
Pertsona profesionala, eraginkorra eta orekatuak izateko, besteak zaintzeko baldintza egokiak izatearekin batera, norbere burua zaintzeko beharrezkoak zaizkigun jarduerak ezin dira alde batera utzi.
Horregatik, proiektu profesionala osatzen duen lantalde guztiaren ardura izango da pertsona bakoitzaren bizitzako fase bakoitzaren beharrei modu kolektiboan erantzutea, proiektu profesionalei modu eraginkor batean erantzuten diogun bitartean.
Zentzua al dauka familia eredu konbentzionalari begira jarraitzeak? Pertsonen arteko desorekak sortuko ez dituzten familia edo babes sareak.
Tradizionalki egin den lanaren banaketa sexualak gizonek eta emakumeek arlo profesionalarekiko duten inplikazioan desoreka sortzen du. Zaintza lanek eskatzen duten denbora eta energiak emakumeen garapen pertsonal eta profesionalean, lidergoan, osasunean zein aukera ekonomikoetan inpaktu larriak ditu. Horregatik, kontziliazio erantzukidearen lanketa emakume eta gizonen zein pertsona guztion aukera berdintasunean oinarritu behar da.
Honenbestez, jarrera arduratsu eta erantzukide batean oinarrituta kontziliaziorako markoa eraikitzea da gure proposamena, honako irizpide hauek kontuan hartuta:
Azken finean, hiru eremuetako beharrak (familia*, pertsona eta erakundearena) jasoko dituen kontziliazio erantzunkiderako markoak denon ekarpena eta ardura eskatzen du, bai erakundearena, bai berau osatzen duen kolektiboarena eta baita bidelaguntzan ari garen eragileona ere, elkarlanaren bidez gizartean eragiten dugun inpaktu soziala biderkatu egiten delako.
Familia*: pertsona batek dituen lotura afektiboen (emozionalak eta/edo sozialak) multzoa, esaterako, elkarren artean zaintzarako borondatezko konpromisoa eskatzen duena.