Tupust kolektiboko Ainara Aspiazu “Axpi”, Irati Eguren eta Paula Estevez ilustratzaileekin elkarlanean osatu dugu Emunen 25 urteotako ibilbidea jasotzen duen liburuxka. Emun nork osatzen dugun, nor garen eta nola lan egiten dugun azaldu asmo duen liburu ilustratua osatu dugu elkarlanean, urteotako kronologia soila baino gehiago jaso asmo duena. Irudiak hitzak baino adierazgarriagoak direla sinetsita, Emunen ahotsari ilustratzaileek modu kolektiboan egindako lanak jarri die forma, gorputza eta kolorea. Taldean egindako lana izan da, ilustratzaile bakoitzaren esku fina antzematen da irudietako bakoitzaren atzean, trazu, forma eta marrazkera propioarekin, baina irudi guztiak harilkatzen dituen tankera komuna galdu gabe.
Ariketa kolektibo baten emaitza izan da honakoa. Herri amets bati erantzuteko prestatu zen talde baten istorioa, hitzetan eta irudietan jasoa. Pasa den urriaren 6ko urteurren ekitaldian aurkeztu genuen lana eta orduan genioen bezala:
“Eraldaketarako sortu zen erakundeak eraldaketa du oinarri. Kanpoan eragiteko barruan eraldatzen baita lehenengo. Emun mugimendu betean iritsi da mende laurdena betetzera. Bertatik pasa diren pertsona guztiek utzitako arrastoek osatzen dute bere azala eta mamia. Emunkideek zein Emunekin elkarlanean aritu diren bezero eta bidelagunen arrastoek. Pertsonek osatzen dute Emun, erronka berrietara egokitzeko prestasunak, gauza berriak ikasteko gogoak, ezezaguna deskubritzeko grinak. Urak errekarria nola, mugitzen dute lanak eta erronkek Emun. Etengabe mugimenduan, etengabe eraldatzen. Eraldaketarako sortu zuten, eraldaketan ari da, eraldaketan da”.
25 urteotan egindako ibilbidea jaso eta etorkizunari begira ibilian-ibilian osatzen segi nahi dugun bidean geraleku bat izan da honakoa. Gizarteak, gure bezero eta bidelagunek Emunen historia eta Emunen lan egiteko dugun modua hobeto ezagutu dezaten.
Errekarri baten istorioa, Emunen historia. Emun Gara, Eraldaketan Gara (1997-2022)