Zalantzari leiho bat ireki diogu Emunen 25. urteurrenean eta tartean, Elkarlanaren gobernantza online saioan elkartu genituen pasa den ekainaren 16an, Quim Brugué, Goizalde Atxutegi eta Irati Mogollón ikerlari eta adituak, elkarrekin jarduteko modu berrien inguruan hausnartzeko.
Bezero asko, herritar gutxi
Quim Bruguéren hitzetan, “demokrazia liberalaren paradigmak sinestarazi nahi izan digu ez garela gai gainerako pertsonekin elkarlanean aritzeko; zertarako galduko dut denbora nireak ez diren pertsonekin eztabaidatzen ez bagara inoiz adostasunera iritsiko? Eta horregatik, banakako parte hartze mekanismoak asmatu ditugu herritarren borondatea bideratzeko.
Demokrazia deliberatiboak, berriz, ezberdinen artean elkar topatzeko, entzuteko eta hitz egiteko gai izateko ahalmena aitortzen digu gizakioi. Ez dugu zertan denean ados egon behar, baina gure diferentziak diferentzia, aurrera egin dezakegu elkarrekin.
Deliberazio prozesu orok bi zati dauzka: argudioak plazaratzea, eta besteenei lekua egitea. Zer gertatzen da, baina? Ohituagoak gaudela hitz egitera entzutera baino. Eta gehiegitan parte hartzea ulertu dugu erreklamazio mahai baten modura. Hortaz, herritartasuna lantzea eta elikatzea ezinbestekoa da”.
Zer eraiki daiteke lubakietatik?
Goizalde Atxutegik bere esperientzia baliatu nahi izan zuen adierazteko elkarlanera, sarritan, kasualitatez baina bidea eginda iristen direla erakunde publikoak. Gure kultura politikoaren ondorioz elkarlana lubakitatik eraiki izan dugu; alde batean, administrazioa eta erakundeak, eta, bestean, herritarrak.
Erakundeen lubakian, etsipena sentitu izan duela aipatu zuen; oso argi ez izatea elkarlanean zein den erakundearen lekua, ordaintzetik haratago. Huts egitearen beldurra ere badagoela eta prozesuan erabakitakoa ezin aurrera eraman ahal izatea, arrazoi ezberdinak medio. Hori guztia ziklo politikoekin oso lotuta dagoela eta sortu ditugun markoak administrazioen neurrikoak ez direla gehitu zuen; txiki gelditzen zaizkiela. Hala, ziklo politikoen denborek ez diete uzten erakundeei gauzaz patxadaz egiten.
“Elkarlanaren inguruan, noren edo zeren bila gabiltza? Askotan herritar arruntenagana iristeko nahi horretan, herritar abstraktu baten bila gabiltza (antolatua ez dagoena, parte hartzeko ohiturarik izan ez duena orain arte, auskalo zein ezaugarri jakin duena, …), eta hori kimera bat da, ez da existitzen. Bestalde, badaude herritar inplikatuak, gai jakinen gainean autoeratu direnak eta horretan jarduten dutenak. Ez ote dira askotan horien gainetik pasatzen administrazioak bestelako herritar ideal horren bila…”.
Herritarren lubakian, ordea, ez beldurrez, baina bai zuhurtziaz jokatzen dela aipatu zuen: “Zure diru-iturriari kontra egitea oso zaila da. Ederra da administrazioek elkarteak eta iniziatiba sozialak diruz laguntzea, baina elkarlanerako orduan, ez ote du horrek berak elkarlana baldintzatzen? Euskal Herrian hainbeste kokatu gara lubakietan, gure elkarrizketa eta abarrak, oihuka egitera ohitu garela. Elkarrizketak beste leku batzuetatik eraikitzen ikasi behar dugu. Eta, egiteko, parte hartzeko, eztabaidatzeko modu batzuk desikasi behar ditugu”.
Elkarlana da elkarrekin sortzea. Ez da galdera-erantzunen joko soila, baizik eta sortze prozesua bera.
Ze fitxek osatzen dute jokalekua?
Iratik Mogollónek, aholkulariaren roletik, elkarlanaren joko horretan partaide diren fitxen errepasoa egin zigun:
Horri lotuta, ondoko hausnarketak ere gehitu zituen: “Ko-eraikitzeko prozesuei mimoa eskaini behar zaie. Honek denbora baliabide, eta baliabide ekonomikoak eskatzen ditu. Agian, gobernantza kolaboratiboan oinarritutako prozesu bat ezin da hiru urte baino gutxiagokoa izan.
Prozesuak sostengarriak izan behar dira, horiek garatzen dituzten pertsonentzako, (teknikariak eta abar) eta baita, prozesuetan parte hartzen duten pertsonentzako ere. Sostengarritasun kontzeptua gureganatu beharko genuke. Izan ere gobernantza da pauso txikiak ematea, eta horretan aurrera egitea”.
Aurrera egitea da bidea
Iritzi-trukean etorkizunera begirako gogoeta laburra hemen: “Gehiegitan ohitu gara ”dena ala ezer ez” eskemetara, eta ez da justua. Emaitza jakin batek ez du zertan prozesu guztia baliogabetu behar. Gobernantza kolaboratiboa gobernu-ariketa bat da. Eta gobernua boterearen erabilera da. Horregatik, elkarrizketek ez dute zertan adostasunean amaitu behar. Bai, ordea, amaitu egin behar dutela, elkar ulertuta hartu diren erabakietan, nahiz eta ados ez egon. Adostasunaren eta kontsentsuaren ideiak gehiegi mitifikatu ditugu”.
Elkarlanean oinarritzen bagara, inteligentzia kolektiboaren bidez, gauza handiak egiteko kapazak gara. Elkarlana eraldaketarako oinarria da eta eraldaketa kolektiborako ezinbestekoa da lehenik, norbere baitako eraldaketa. Horretaz guztiaz jardungo dugu datorren urriaren 6an Arrasaten antolatu dugun Topaketan: Norbere baitan hasten da eraldaketa goiburupean kanpoko esperientziak ezagutu eta gure baitara bidaia bat egingo dugu. Gonbidatuta zaude! EMAN IZENA.