2024-07-29 13:15
Osakidetzaren Mahai Sektorialak gaur, uztailak 29, egindako bileraren ondoren, frogatuta geratu da Mahai Sektorialak Osakidetzaren alde bakarreko erabakien berri ematen duela, besterik ez. Hala baieztatu du behintzat ELAk. Izan ere, eta berriro ere, bilera egin aurretik indarrean sartu den jarraibide bat onartu du Osakidetzak; jarraibide horren edukiaren berri komunikabideen eta plantillaren bitartez izan du ELAk. Gauzak horrela, pentsatuko duela ea merezi duen mahai sektorialean jarraitzeak. "Berriro ere, sindikatuak gutxietsi egiten dira, eta ez da errespetatzen legez behartuta daudela plantillari eragiten dioten neurri guztiak mahaian negoziatzera", deitoratu du. Gogoratu behar da 2023an sindikatuek hilabete luzeak eman zituztela bertara joan gabe, ez zegoelako benetako edukirik.

Sindikatuaren esanetan, ez dira onargarriak neurriaren premiazkotasunari edo daten konplexutasunari buruz emandako azalpenak, medikuen sindikatuak berak adierazi baitu uztailaren 17an Osasun Sailburuarekin izandako bileran jakinarazi zitzaiela neurri hori hartzeko asmoa zutela. “Zalantzarik gabe, Eusko Jaurlaritza berriaren erabaki politiko baten aurrean gaude; izan ere, pasa den astean, sektore publikoko langileen soldata-igoera onartu zuen, Mahai Orokorra ere deitu gabe, nahitaezkoa den bezala”.

Osakidetzako Zuzendaritzak planteatutako neurri zehatzei dagokienez, ELAk salatu du betiko errezeta berak aplikatzen jarraitzen dutela, eta soberan frogatu dela ez direla eraginkorrak. Zehazki, Lehen Arretako, Etengabeko Arretako Guneetako eta Larrialdietako medikuei aparteko orduak egiteagatik (autokontzertazioa) ordainduko zaien zenbatekoa hobetu da. Berriro ere, profesionalei gainkarga ezartzen zaie, eta zerbitzua lanaldi arruntetik harago lan egiteko borondatearen mende uzten da. ELAk behin eta berriz salatu du egiturazko konponbideak jorratzen ez diren bitartean, arazoak larriagotu egingo direla, gertatzen ari den bezala. Izan ere, Lehen Arretak urtean 180 egun funtzionatzen du murrizketekin.

Azkenik, azpimarratu du onartutako Instrukzioak aukera ematen duela praktiketan ari diren langileek (BAME) Lehen Arretako, EAGko eta Larrialdietako medikuen eginkizunak egiteko. Prestakuntza oraindik amaitu ez duten (nahiz eta egiteko gertu egon) eta, beraz, horrelako lanpostu bat betetzeko baldintzak betetzen ez dituzten langileei funtzioak esleitzeaz gain, Osakidetza eskulan merkea erabiltzen ari da bere egiturazko arazoak konpontzeko. Izan ere, aparteko orduen ordainketa medikuen zenbateko berean jasoko badute ere, gainerako ordainsariak praktiketako langileei dagozkienak izango dira.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.