ELAk azken egunotan eztabaidatzen ari den proposamen fiskala ez babesteko eskatu die EAEko alderdi politikoei; izan ere, ez du diru bilketa handituko, eta ez du murriztuko ez iruzurra, ez sistemak duen izaera bidegabea. ELAk behin eta berirro salatu du zerga sistemak diru gutxi biltzen duela, bidegabe egiten duela eta iruzur fiskalarekin permisiboa dela; beraz, gai horiek lantzen eta leheneratzen ez dituen erreforma batek ez luke aurrera atera beharko, sindikatuaren arabera.
ELAk gogorarazi du EAEko bilketa Europar Batasuneko batez bestekotik oso urrun dagoela eta urtean 6.400 milioi euro gehiago bildu beharko liratekela zenbatekoa berdintzeko. Hau da, Eusko Jaurlaritzaren 2025erako aurrekontuaren % 40. Gainera, Eusko Jaurlaritza zor publikora jotzen ari da aurrekontuari aurre egiteko, eta horixe da gehien hazi den partida 2025eko aurrekontuetan (1.025 milioiko zor publikoa), bilketa eskasa dela erakutsiz.
Gainera, lan errentek zerga sisteman gero eta ekarpen handiagoa egiten duten bitartean (2.000 milioiko hazkundea 2007 eta 2023 artean), enpresek gero eta ekarpen txikiagoa egiten dute (400 milioi gutxiago aldi berean). Zehazki, enpresek beren kontabilitate mozkinen % 9 inguru ordaintzen dute, eta langile klaseak, berriz, bilketaren zatirik handiena bere gain hartzen du lan atxikipenen eta kontsumoaren bidez (BEZ).
ELAk azaldu duenez, EAEko zerga sistema oso permisiboa da iruzurrarekin: sozietateen gaineko zerga ordaindu zituzten enpresen % 46k galerak aitortu zituzten eta beste % 18k 6.000 eurotik beherako mozkinak, “datu sinesgaitzak emaitza enpresarial onak egon diren egoera batean”, sindikatuak dioenez. Ogasunek onartzen dute iruzur fiskalari aurre egiteko baliabide falta, baina gero ez dago hori konpontzeko borondate politikorik.
EAJk eta PSEk adostutako hasierako erreforma proposamenaren aurka agertu zen ELA, egungo sistema bidegabea sendotzeko baino ez baitzuen balio, PFEZko eta Sozietateen gaineko Zergako kenkarien katalogo bat planteatuz, bilketa eskasa gehiago murrizteko zuena. ELA joan den abenduaren 14an mobilizatu zen egungo zerga-sistema injustua salatzeko eta kapitalari eta enpresei zerga gehiago eskatzeko.
EAJren eta PSEren arteko akordioak enpresen tratu pribilegiatua mantentzen duela azpimarratu du ELAk. Ildo beretik, EAJk energia enpresen gaineko zergaren aurka bozkatu zuen Espainiako Kongresuan, eta enpresa horiek urteak daramatzate mozkinen errekorrak hausten. ELAren ustez, horrek erakusten du Josu Jon Imazek (Repsol) ordezkatzen dituen enpresa-interesen mende dagoela. Izan ere, Imazek enpresaren inbertsioak gelditzeko mehatxua egin zuen, zergak bere horretan jarraitzen bazuen.
Gainera, Elkarrekin Podemosekin lortutako akordioak ukitu batzuk baino ez zituen barnebiltzen diru bilketa are gehiago murrizteko. ELAren iritziz ez da ulergarria ezkerreko alderdi batek bere gain hartzea zerga bilketa murrizten duen eta enpresa etekinei zergak handitzen ez dizkien erreformaren esparrua. Horrez gain, EAJk eta PSEk propaganda egin besterik ez dutela egiten ohartarazi du, errenta baxuenak eta etxebizitza eskuratzeko aukerak hobetzeko asmoz. Izan ere, erreforma horrek zerbitzu publikoak hondatuko lituzke, eta kalte egingo lieke gehien behar dutenei: langile klaseari.
Gauzak horrela, ELAk egungo proposamena bertan behera uzteko eskatu du, eta benetako eztabaida bat irekitzea planteatu du, sindikatuen eta gizartearen parte-hartzearekin. Eztabaida horren helburua da diru bilketa handitzea, enpresek gutxienez irabazien % 25 ordaintzea, kapital errentek lanaren errenten aldean duten tratu pribilegiatua ezabatzea eta iruzur fiskalaren aurkako kontrol publikoa handitzea.