Igogailu eta eskailera mekanikoak fabrikatzeaz arduratzen den Zardoya-Otis konpainiako langileak elkarretaratzea egin dute enpresaren egoitzaren aurrean, Bilbon, Estatuan 16 langile kaleratu dituztela salatzeko eta uztailean bi eguneko greba egingo dutela iragartzeko.
ELAk salatu duenez, pandemia lehen pertsonan jasan ondoren eta enpresak langileen osasuna zaintzeko ardura bere gain hartu gabe, Zardoya-Otis konpainiak 16 pertsona kaleratu ditu Estatuan. Euskal Herrian oraingoz kaleratzerik egon ez den arren, langileak haserre agertu dira gertatutakoaren aurrean. COVID-19k eragindako osasun krisiaren ostean eta hitzarmenaren negoziazioaren atarian egin dituzte kaleratzeak.
Euskal Herriko langileek lanpostu guztiak mantentzea eta lan-baldintzak hobetzea exijitzen dute. Adierazi du ez duela kaleratzerik eta murrizketarik onartuko, eta uztailean egingo diren grebekin bat egingo dutela.