Hemen sindikatuen oharra:
Aurreko udaberrian iragarri bezala, 2024-2025 ikasturtearen hasiera oso ezohikoa izan da, konfrontazioz betea, eta gure aldarrikapenei erantzun ezean, hala izaten jarraituko du . Egoerak eraman gaitu horretara, baina Nafarroa Garaiko arlo publikoko irakasleok, hezkuntza komunitatearen gainerako kideen laguntzaz, indar erakustaldi itzelak eman ditugu erantzun modura.
Joan den iraileko eta urriko grebek ez dizkiote, nonbait, begiak irekiarazi hezkuntza departamentuari. Antza denez ez du ulertu zeintzuk diren Nafarroako hezkuntzaren benetako beharrak. Izan ere, sindikatu guztiok egiten ari ginen negoziazioa (hala deitzerik badago) alde bakarrez utzi baitzuen bertan behera. Zertarako eta soilik hiru sindikatuekin langileen gehiengoaren beharrei erantzuten ez dien akordio eskas bat sinatzeko.
Hori dela eta, pasa den azaroaren 27an gehiengo sindikala osatzen dugun STEILAS, LAB, CCOO eta ELA sindikatuok beste greba jardunaldi bat deitzeko erabakia hartu genuen, eta gaur goizean erregistratu dugu Hezkuntza Departamentuan bertan.
Mobilizazioen prestaketan buru-belarri dihardugu oraintxe, eta datozen egunetan emango dugu horien berri. Gure ustez, Nafarroa Garaiko hezkuntza sistemaren gaur egungo baldintzak eta kalitatea hobetzea lortuko badugu, mobilizazioa da bide bakarra; indar erakustaldien bidez soilik lor baitaiteke Departamentuak bere jarrera aldatzea eragingo duten baldintzak sortzea.
Gu egiazko negoziazio bati ekiteko prest gaude, bai eta horretarako behar diren baldintzak sorrarazteko ere. Horretarako, ordea, irakasle guztion laguntza behar dugu beste behin ere. Segi dezagun borrokarekin!
Urtarrilaren 30ean irakasleak grebara!