2024-05-14 17:17
ELAk salatu du Bilbobuseko negoziazio mahaian UGT, CCOO eta USO sindikatuek patronalarekin adostu dituzten edukietan ez dela bermatzen erosahalmena, eta soldata igoerak sektore publikoko Madrileko legeen menpe utziko direla. Gauzak horrela, ELAk adierazi du borrokatuko duela eduki horiek aurreakordioan izan ez daitezen.

ELAk ez begi onez ikusten gaur, maiatzak 14, Bilbobuseko negoziazio mahaian UGT, CCOO eta USO sindikatuek eta patronalak adostutako eduki ekonomikoa. Izan ere, aurreakordiora eramateko prest dauden edukietan ez dira urtekako KPIaren araberako soldata igoerak jasotzen. Ondorioz, langileek ez dute erosahalmena bermatuta izango. Bestetik, soldata igoeren erreferentzia Madrilgo legeek ezartzen duten funtzio publikoko soldata igoeraren araberakoa izango da. “Onartezina da, negoziazio esparru propioa neutralizatu eta soldatak estatuko legeen menpe ipintzen direlako”, kexu da ELA. Bide beretik, sindikatuak aipatu du ez dagoela neurri zehatzik langileak prekarizatzen dituen kontratu partzialekin amaitzeko.

UGT, CCOO eta USO sindikatuek erabaki dute bi egunez greba etetea. ELAk, ordea, ez du bat egiten erabaki horrekin. “50 greba egun baino gehiago egin ondoren, enpresari eduki horiek oparitu eta greba etetea ulergaitza da”.

Gauzak horrela, ELAk azken momenturaino borrokan jarraituko du langileen erosahalmena bermatu eta negoziazio esparrua defendatzeko. Deia egiten die gainerako sindikatuei ildo beretik jo dezaten.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.