2020-11-16 09:18
Ignacio Zubiri EHUko Ekonomia katedraduna dugu bertoko fiskalitatea hobekien ezagutzen duten adituetako bat; bada, berak esan ohi du “enpresek gutxi ordaintzen dute, edo bat ere ez”. Borondate oneko baten batek pentsa dezake askotxo esatea dela, egunero ikusten baititugu albistegietan gure agintariak enpresaburuekin, edo lantegiak bisitatzen. Hor agertzen dira ere elkarrekin omenaldi, sari banaketa eta era guztietako jaialdietan; agerikoa da gure erakundeetako arduradunek benetan nortzuen interesak defenditzen dituzten.

Petronor da horren adibiderik argiena. Esan ohi da Bizkaiko Foru Ogasunaren zergadunik handiena dela. Urkullu lehendakariak eta Arantxa Tapia industria sailburuak findegira bisita egin zuten joan den ekainaren 16an. Handik egun batzutara Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiak aurkeztu zituen Petronorreko presidentearekin batera egin asmo dituzten proiektuak. Beraz, publiko-pribatu delakoaren arteko sintonia perfektua.

Aurtengo irailean esan dute azken urtean “Petronorrek euskal ogasunei 770 milioi euroko sarrerak” ekarri dizkiela; halaxe errepikatzen da hedabideetan. Baina hori egia ote da? Zubirik esaten duen bezala, gutxi edo bat ere ez.

Petronorren emaitza-kontuetatik atera ditugu datuok:

  • 2019an 135 milioi euroko etekinak izan zituen Sozietateen Zerga ordaindu aurretik.

  • Haatik, Sozietateen Zergan 0 euro ordaindu zuen. Areago, ez ordaintzeaz gainera 7 milioi euro jaso zituen Ogasunetik. Beraz, Sozietateen Zerga ordaindu osteko etekina 142 milioi eurokoa izan zen. Hau ez da datu oker bat. Egoera hau ez da ulergarria, baina posible da zerga-araudiak abantaila mordo bat ematen dielako enpresa handiei, horrela hauek ingenieritza fiskala ariketak egin ditzaten, gizarte demokratiko batekin ezkongarriak ez direnak.

  • Tokiko zergetan 14 milioi euro ordaindu zituen.

  • Dirulaguntza publikotan 38 milioitik gora jaso zuen.

Beraz, propaganda alde batera utzita, errealitatea da Petronorrek Sozietateen Zergarekin dirua irabazten duela (kasu honetan 7 milioi euro), nahiz eta 135 milioi irabazi. Eta erakundeek Petronorri askoz diru gehiago ematen diote (38 milioi) enpresak zergetan ordaintzen duena baino (tokiko zergetako 14 milioi eskasak).

Petronorren ekarpena aipatzen denean litekeena da gogoan dutena enpresako langileek ordaintzen duten PFEZa izatea. Zergak ez baititu enpresak ordaintzen, beharginek baizik. Agian kontuetan gehituko dira ere ogasunek Hidrokarburoen gaineko Zerga Berezia edo BEZ medio dituzten sarrerak. Zerga hauek ere ez ditu enpresak ordaintzen, geuk baizik, gure ibilgailurako erregaia eskuratzen dugun aldiro. Beraz, esan dezakegu Petronorrek gutxi ordaintzen duela, edo bat ere ez. Zubiri irakaslearen esaldia benetan zuzena da.

Jakin nahiko genuke Urkulluk, Rementeriak eta albisteari oihartzuna ematen diotenek honen berri ba ote duten. Sinesgaitza da ez jakitea, eta oso larria litzateke. Baina are larriagoa da benetan zer dagoen jakinik enpresen aurpegia garbitzeko operazioan parte hartzea, hauek ongizate sozialaren alde ezer egiteko prest ez daudenean.

Beste ondorio bat da tarte oso handia dagoela enpresek etekinengatik ordaintzen dituzten zergak igotzeko, batik bat dozenaka eta ehunka milioiko irabaziak dituzten korporazio handiei dagokienez. Petronorrek zergak ordaindu beharko lituzke, baina araudiak horri iskin egiteko aukera ematen dio. Eta araudia nortzuk egiten dute? Petronorreko buruekin argazkian ageri diren horiek. Hortaz, botere politikoa eta botere ekonomikoa elkar hartuta daude Petronorrek eta beste enpresa batzuek etekinei lotutako zergarik ordain ez dezaten.

Enpresei zergak igotzeko aukera ukatzen dutenei eskatuko genieke hipokrita ez izateko, batez ere egungo egoeran, eta egia esan dezatela. Ondo al deritzote Petronorrek egundoko etekinak lortu arren zergarik ez ordaintzeari? Bada, hala esan dezatela; kitto. Baina ez dezatela, arren, esan ez dela une egokia enpresen etekinen, ondarearen, kapitalen eta errenta altuen gaineko zergak igotzeko. Inoiz ez da egokiera ona; gure agintarien ustez egundo ez da komeni aberatsenen poltsikoa (apur bat bada ere) arintzea.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.