2024-12-06 12:11
Osakidetzak arreta-baliabide hauetan egiten dituen murrizketek ondorio larriak dituzte bai langileentzat, bai herritarrentzat. Horregatik, ELAk plan bat eskatu dio behin eta berriz Osakidetzari, Etengabeko Arreta Guneetan (EAG) arreta integrala bermatzeko, azken urteetan itxi direnak berriro irekitzeko eta guztiek medikua izateko. Honek Amara Berri, Antiguo, Loiolako Erriberak, Aiete, Loiola, Martutene eta Miramoneko auzoak EAGrik gabe uzten ditu larunbat, igande eta jaiegunetan.

Azken urteotan, Osakidetzak bi motatako murrizketak aplikatu ditu EAGetan, bi aitzakia erabiliz: pandemia eta profesionalen falta.

  • Alde batetik, EAGak itxi ditu. Azken urteetan, soilik Gipuzkoan, Zumaia, Lasarte, Zumarraga, Bergara, Elgoibar, Altza eta Ondarretako EAGak itxi ditu.
  • Aldi berean, EAGak irekita mantentzeko erabakia ere hartu du, ekipo osoa izan gabe. Edo, bestela esanda, erizainek eta zeladoreek artatutako medikurik gabeko EAGak egotea erabaki du. Kontingentzia Planean islatutako erabakia da, eta bertan EAGa fakultatiborik gabe irekitzea aurreikusten da: kasu horretan, erizain gehigarri bat kontratatzea aurreikusten da. Kostuak merkatzen dituen estrategia baten aurrean gaude, askoz merkeagoa baita erizain gehigarri bat kontratatzea medikuaren guardia ordaintzea baino.

Une honetan, Sagardui Sailburuak 2022ko ekainean esan zituen hitzak gogoratu behar dira; izan ere, Osakidetzaren etorkizunaz hitz egitean, azaldu zuen erizainek artatutako anbulatorioak izango ditugula, kontsultategiak itxiko direla eta herritarrak mugitu egin beharko direla arreta jasotzeko. Bada, errealitate hori iritsi da.

EAGetako profesionalen gaitasun eta konpromiso haundia gorabehera, argi dago erizainek eta zelariek osatutako talde batek, fakultatiborik gabe, gaitasun mugatuak dituela. Horrek bi ondorio ditu:

  • Modu negatiboan eragiten dio pazienteari, eta arriskuan ere jar dezake. Gernu-infekzioa bezalako kontu errazak ezin dira ekipo osorik gabe kudeatu eta konpondu, ezin baita beharrezko diagnostikoa egin eta beharrezko medikazioa errezetatu. Kasu larrietan, gabezi horrek ondorio larriagoak izan ditzake.
  • Bestalde, gainkarga eta estresa eragiten ditu plantillan, eta horrek areagotu egiten ditu jasaten dituen arrisku psikosozialak. Fakultatiborik ez izateak, gainera, batzuetan berezkoak ez diren funtzioak eta erantzukizunak hartzea eragiten du.EAGetan aplikatutako murrizketen ondorioz, ospitaleko larrialdietara bideratu behar ez liratekeen pazienteak zerbitzu horretara joaten dira, eta, ondorioz, gero eta maizago kolapsatzen dira.

Osakidetzak ukatu badu ere, jarrera ia biktimista batekin, langile fakultatiboen eskasiaren atzean ezkutatzen den errealitatea, plangintzarik eza nabarmenaz gain, eskaintzen diren lan-baldintza eskasak dira. Une honetan, ezinbestekoa da lan-baldintza erakargarriak izatea profesionalak erakartzeko eta kalitatezko zerbitzua emateko plantilla nahikoa izateko. Osasun Sailak justu kontrakoa egiten du, eta, horren ondorioz, gero eta profesional gehiagok alde egiten dute: atzerrira, beste autonomia-erkidego batzuetara, osasun pribatura, edo espezialitate batzuetatik besteetara.

Egoera hori larriagotu egingo da datozen urteetan, erretiroen kopurua oso handia baita. Osakidetzak plantilla gehiegi kargatzen eta eskaintzen duen osasun-laguntza prekarizatzen jarraitzea beste planik ez du. Osasun pribatua sustatu beharrean, osasun publikoa nabarmen hobetu liteke urteko inbertsio egokiak jasoko balitu.

ELAk EAGetarako plan integrala eskatzen dio Osakidetari itxitakoak berriz irekitzeko eta guztiek medikua izateko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.