2025-04-24 17:01
Premiazko neurriei buruzko Foru Lege Dekretuak eta LEP partzialak ez diete erantzuten apirilaren 9ko grebaren aldarrikapen sindikalei.

ELAk urteak daramatza Nafarroako Gobernuari eskatzen azken hiru urteetan betetako lanpostu guztiak, plantillan egon ala ez, lan-eskaintza publikora atera ditzan eta enplegu publikoa finkatzeko ezohiko prozesuak egin ditzan, behin-behinekotasuna % 8ra murrizteko.

Hala ere, eta Egonkortze-legearen ostean, behin-behinekotasun tasak oso goian darrai Administrazioan, eta bereziki larria da Osasunean eta Hezkuntzan. Hori da apirilaren 9an Mahai Orokorreko bost sindikatuak grebara eraman zituen arrazoietako bat.

Greba egin eta bi astera, Gobernuak behin-behinekotasunarekin lotutako bi neurri proposatu ditu, % 8ra jaisteko balio ez dutenak ELAren ustez. Proposatutako foru lege dekretuaren kasuan, Administrazioak araudia aldatu behar izan du, maiatzean hiru urte beteko dituzten ehunka kontratu azkentzea saihesteko. “Jakina, ELA aldi baterako langileen eskubideen defentsan buru izango da – orain arte egon den bezala –, baina gai zehatz honek Nafarroako Gobernuak berak langileen arloan urteetan egindako politika okerrari erantzuten dio”, dio sindikatuak.

Hori esanda, dio, dekretu hau baliatu da beste gai batzuk sartzeko, hala nola borondatezko eszedentzietaz disfrutatzeko gutxieneko iraunkortasuna eskatzea edo lekualdatze-lehiaketetan baremazio-irizpide berriak sartzea; hemendik aurrera, deialdiaren xede den lanpostuko antzinatasuna eta, hala badagokio, hizkuntzak soilik baloratuko dira. Hala, langile publikoek egindako prestakuntza-ikasketak kanpoan geratuko dira.

Proposatutako LEPari dagokionez, ELAk uste du Gobernuarekin zorrotz jokatu behar dela. Horregatik, dio, edozein berri, hala nola plaza berriak sortzea, ezin da ospatu testuinguruan jarri gabe. Eskainitako plazak hiru urte beteta daramatzatenak dira, eta Administrazioaren egiturazko beharrizanak betetzen dituzte. Hau da, hasieratik egon behar lukete plantillan. “Ondorioz, ez dugu ikusten Administrazioak aparteko ahaleginik egiten duenik plantilla egonkortzeko; aitzitik, legeak exigitzen duena betetzen ari da”, kexu da.

ELAk dio urteak direla politika publiko murriztaileak aplikatzen ari direla, gastu-mugak eta erreposizio tasak besteak beste. Horregatik, konparatzerako orduan, nahikoa ez den zerbait ontzat emateko arriskua dagoela uste du. “Enplegu publikoa sortzeko premia larriaren aurrean, beti izango da hobea zerbait sortzea ez sortzea baino”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.