2024-06-28 12:03
Tuterako Udalak Udaltzaingorako 3 lanpostu betetzeko deialdian emakume izangaientzako proba fisikoak gogortu egin zituen propio, eta horrek Polizia kidegoetarako sarbideari buruzko Nafarroako eta estatuko legedia urratzen du. Hala ebatzi du Nafarroako Administrazio Auzitegiak (NAA), aintzat hartu baitu ELAk beste bi sindikaturekin batera erabaki haren kontra jarri zuen helegitea. ELAren helegiteak agerian utzi du Toqueroren taldeak izan zuen jokabide arbitrario eta abusuzkoa; sarbide-probak aldatzean legea urratu zuten

Ebazpenak 1. eta 4. probak indargabetu ditu; hauek 2021. eta 2022. urteetako deialdietan baino maila fisiko handiagoa eskatzen zuten, inolako justifikaziorik gabe eta soilik emakumeen kasuan. Gainera, Auzitegiak aukera ematen du deialdia alda dadin eta probak aurreko parametroen arabera egin daitezen. NAAren ebazpenak dioenez, Tuterako 3 udaltzain hautatzeko deialdian lau proba fisikoetatik bitan aldaketa nabarmenak sartu ditu, baina soilik emakume izangaientzat; eskakizun fisikoa gizonen aldean areagotu egiten du. Hala salatu dute Tuteran egindako agerraldian Iñigo Campok (Erriberako arduraduna), Saioa Urrizak (Ekintza Sozialeko arduraduna). "Eskatzen den maila fisikoa gizonen kasuan bere horretan geratzen da, baina emakumeei gogortu egiten zaie, emakume izateagatik, esanez proba fisikoan abantaila ematen zitzaiela”.

Hain zuzen, NAAk Tuterako Udalaren argudioa zuzentzen du, izan ere, gogora baitakar 23/2018 Foru Legeak galdegiten duela “emakumearen egoera genero kontuengatik okertuko duten neurririk ez sartzea, hasieratik dauden aldeak ez areagotzea eta benetako aukera berdintasunaren inguruko aurrerapausoen kontrako norabidean ez joatea, emakumea funtzio polizialean sar dadin neurri nahiko eta eragingarrian; aitzitik, ez da eragin behar urruntzea”. Horregatik, NAAk deialdi hau Nafarroako Polizien Foru Legearen aurkakoa dela ebazten du, Udalak “neurriak kontrako norabidean hartu dituelako, emakumeei funtzio polizialerako sarbidea eragozteko”.

NAAren ebazpenak dio, halaber, “emakumearen kokapena, aldatu ziren proba fisikoetan, okerragoa da Tuteran Foruzaingorako edo Iruñeko Udaltzaingorako probetan baino”.

Azken batean, ELAren iritziz nabarmena da UPNko Alejandro Toquero alkatearen udal taldeak izan duen jarrera matxista eta abusuzkoa; hark irmo eutsi dio bere asmoari, legea urratzeraino, emakumeei enplegu publikorako sarbidea galaraztearren. Frogatu da Udalak eta Tuterako Udaltzaingoko arduradunek baldintzatu egin nahi izan zutela 3 lanpostu betetzeko deialdia (azkenean 7 lanpostu izan ziren) emakumeen sarbidea mugatzeko, prozesua soilik gizonezkoak gaindi zezaten.

Udaltzainetarako LEPetan legea urratu izana ez da lehenengoz gertatu: 2021ean auzitegi berak 230. ebazpenean aintzat hartu zuen helegite bat, eta inspektoreorde lanpostu baterako deialdi baten oinarriak aldatzeko erabakia indargabetu zuen, motibaziorik ez zegoelako. Gainera, 2023an NAAk ontzat eman zuen Udaltzaingoko lau lanpostutarako hautaketa prozesuaren kontra jarri zen gora jotzeko errekurtso bat, irregulartasun bat atzeman baitzuen lehiakide baten uretako proba ebaluatzean.

Hiru helegiteok oinarri berbera dute: Hartu diren erabakiek ez dutela inolako justifikaziorik eta guztiz modu arbitrarioan jokatu da.

Honen ondorioak Tuterako herritarrei leporatuko zaizkie, beren poltsikoetatik ordainduko baitituzte udal-gobernuak galtzen dituen auzibideen kostuak; baina kalte handiena eragiten die hilabetetan oposizio bat prestatu dutenei, hau guztiz edo partzialki indargabetuta gera bailiteke erabaki politiko okerren ondorioz, erabakitzaileak zigorrik gabe geratzen direlarik beti ere.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.