2022-02-07 12:03
FIASAko Enpresa Batzordeak duela denbora bat salatu zuen lankide batek jasandako sexu-jazarpena eta abusua eta ondoren enpresak izandako jarrera. Hala ere, egoera ez da aldatu. FIASAk jarraitzen du esaten bere jarduna eredugarria izan zela, bizi izandako egoera arinkeriaz eta erantzukizun kezkagarririk gabe tratatzeaz gain. Hori dela eta, Batzordeak otsailaren 10ean, osteguna, enpresako ate nagusiaren aurrean kontzentratzea erabaki du (Langraiz Oka, 13:30).

ELAk, LABek eta UGTk osatutako Enpresa Batzordeak lau puntu nabarmendu nahi ditu:

  • FIASAn ez dago sexu abusuen aurkako protokolorik, nahiz eta arauak hala behartu. Ez du orain, eta ez zuen salaketaren unean. Beraz, enpresak legislazioa urratzen du. Ezinezkoa da existitzen ez den zerbait aplikatzeari uko egitea.
  • Berdintasun planean adostutakoa ere ez da bete. Duela hilabete batzuk bi bilera egin genituen, eta bilera horietan jasota geratu dira eman beharreko pausoak. Baina adostutakoa ez da bete, eta hortik harago ez dago edukirik. Bilerak, gainera, hilabeteak daramatzagu egin gabe enpresaren interes ezagatik.

  • Enpresak hilabeteak behar izan zituen langileari erantzuteko gertaeren berri eman ondoren, egoerak duen garrantzia eta larritasuna txikituz. Nola izan daiteke pandemia horrelako gai bati ez heltzeko aitzakia?

  • Enpresak burututako ekintza bakarra erasoa jasan duen pertsonaren lanpostua, eginkizunak eta lantokia aldatzea izan ziren. Erasotzaileak, ordea, gaur egun ere bere lanpostuan jarraitzen du, lehengo estatusari eutsiz, erasotua bi aldiz biktimizatuz.

Enpresaren jarrera ikusita, Enpresa Batzordeak mobilizazio batzuk hastea erabaki du. Lehenengoa otsailaren 10eko kontzentrazioa izango da.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.