“Familia medikuen artean gaztelania lanpostu guztietan ezinbestekoa da Osakidetzan lan egin ahal izateko, lanpostuen zerrendaren arabera, berriz, euskara soilik %78ean. Ospitaleetako medikuen artean, berriz, gaztelania lanpostu guztietan ezinbestekoa da, euskara berriz lanpostuen %43an.”
Komunikabide batek ostiralean berriz ere bere portadan azaldu zuen famili medikuen artean euskararen eskakizuna %80koa dela. Datu honen argitalpenak helburu ideologikoa du, euskararen gehiegizko ezagutza dagoelako sentsazioa zabaltzeko eta, era berean, Osakidetzan pairatzen duen mediku gabezia euskararekin lotzeko.
Datuei begira ELAk hurrengoa adierazi nahi du:
Osakidetzan egun, ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua. Zerbitzu gehienetan ez dago hizkuntza irizpiderik eta herritar euskaldunek bere burua nabarmendu beharra daukate, egoera oso zaurgarrian, euskarazko zerbitzua jaso ahal izateko. Adierazitakoak moduko komunikabideetako berriek zapaldutako herritarrak kriminalizatu egiten dituzte bere oinarrizko eskubideak exijitzeagatik. Era berean, Osakidetzan profesional euskaldunek ez dute euskaraz lan egiterik.
Bestetik, Osakidetzako hautaketa prozesuetan mediku lan egokia egiteko inongo ekarpenik egiten ez dituzten merituak jasotzen dituzte (ofimatikarekin lotuta edo formazio hutsalak, adibidez), baina horiek ez dira oztopo gisa jasotzen, euskara berriz bai. Osakidetzak profesional onenak hautatzeko obligazioa du eta bi hizkuntza ezagutzeak bakarra ezagutzeak baino balio gehiago du. Beste edozein ezagutzarekin ez litzateke ezagutza eta kalitatearen arteko dikotomiarik sortuko, edo ezagutza ez litzateke oztopo gisa aurkeztuko, soilik euskararekin. Pentsamendu honen atzean supremazismo espainiarzalea aurkitzen da.
Azkenik, euskarazko zerbitzua jasotzea ez da apeta bat. Nazioarteko ikerketek argi erakusten dute norbere hizkuntzan artatua izateak ondorio mesedegarriak dituela gaixoen osasunean. Euskaldunek erdaldun elebakarrek dituzten hizkuntza eta osasun eskubide berberak izateko eskubidea dute.
Osasun eta Hezkuntza Sailen obligazioa da behar beste profesional elebidun prestatzea, egun euskararik ezagutzen ez duten profesionalentzat laguntza egokiak eskaintzea bi hizkuntza ofizialak ezagutu ditzaten eta euskara mehatxu moduan ikusi ez dadin trantsizio egoki bat zuzentzea. Hori da, hain zuzen, ELAk egin nahi duen bidea, egungo profesional guztiak kontuan harturik Osakidetzan bi hizkuntza ofizialak bermatuta egon daitezen eskakizun maila berean.