2024-12-26 11:42
ELAk itsasoko sektorearen arazoak salatu ditu; besteak beste, komenentziazko banderak erabiltzea erregulazio laxoagoa aplikatzeko eta lan baldintzak gutxiago kontrolatzeko.

Langile bat hil da Bilboko portuan, arrazoi ez traumatikoengatik. Guztira, 64 pertsona hil dira aurten Hego Euskal Herrian lanean, eta 20 arrazoi ez-traumatikoengatik. Istripu hilgarria abenduaren 21ean gertatu zen, Osalanek emandako informazioaren arabera. Portuko agintaritzaren larrialdiak kontrolatzeko zentroak adierazi duenez, Bilboko portuan atrakatuta zegoen STINNES ZEPHIR kargaontziko 65 urteko tripulatzaileak bihotzekoa izan zuen, ezagutzen ez diren arrazoiengatik.

ELAk dio badela garaia itsas sektoreak bizi dituen arazoei heltzeko; besteak beste, komenentziazko banderen erabilerari eta horrek dakartzan bizi eta lan baldintzen prekarizazioari. Kasu honetan, armadorea alemaniarra izan arren, ontziak Antiguako eta Barbudako bandera zuen. Komenientziako bandera hori eta beste batzuk erabiltzen dituzte erregulazio laxoagoa aplikatzeko. Ondorioz, lan baldintzak okertzen dira eta horren gaineko kontrola lausoagoa da, herrialde horietako araudia aplikatzen delako. Horrek, aldi berean, ahalbidetzen du armadoreen erantzukizuna saihestea eta tripulazioaren baldintzak prekarizatzea. Gainera, nazioarteko araudia ez betetzea errazten du gehienetan; adibidez, lan-orduak ez dira behar bezala kontrolatzen, lanaldi amaigabeak egitera behartzen dituzte... Lan arriskutsuak dira eta atsedena hartu behar dute; ez dute, ordea, behar adina denbora deskantsatzeko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.