2024-11-14 12:11
Langileek manifestazioa egin dute Plaza Berritik Aldundira, lan-baldintzak nabarmen hobetzeko eskatzen jarraitzeko. Grebak eragin handia izan du egoitzan, gutxieneko zerbitzuak –%70– abusuzkoak izan diren arren. Greba egin zezaketenen %80k bat egin du deialdiarekin.

Colisee Miñaoko langileek laugarren greba eguna egin dute. ELAk oso positibotzat jo du lanuztea; nahiz eta enpresak xantaia egin eta gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan, jarraipena masiboa izan da.

Langileek, ELA sindikatuaren babesarekin, urteko lanaldia nabarmen jaistea eta sail guztietarako soldata hobetzea eskatzen jarraitzen dute. Onartezina da LGStik beherako oinarrizko soldata duten sailak egotea.

ELAk lehen enpresa hitzarmena negoziatzea eskatzen du, Estatuko egoitza eta etxebizitza komunitarioen hitzarmenak dakarren prekarietatearekin amaitzeko. Aurrerapenik ez dagoen bitartean, langileek manifestatzen eta grebara deitzen jarraituko dute helburuak lortu arte.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.