2025-01-10 11:40
ELAk ordubeteko lanuzteak deitu ditu urtarrilaren 13 eta 27rako eta otsailaren 10erako Servicios Arga Valdizarbe SL enpresan. Enpresa hau Izarbeibarko Mankomunitaterako hondakin bilketa eta ur hornidura kudeatzeaz arduratzen da. Enpresa hitzarmena berritzeko negoziazioa duela urtebete hasi zen, eta blokeatuta dago enpresak ez baitu erosahalmena bermatu nahi.

Servicios Arga Valdizarbe SL enpresak 37 langile ditu, administrazio, ur (iturginak eta elektromekanikoak) eta hondakin ataletan banatuta, ELAko 3 ordezkarik ordezkatuta.

Duela urtebete hasi ziren lan baldintzak arautzen dituen enpresa hitzarmena berritzeko negoziazioak. Aldarrikapen nagusiak honako hauek dira: soldata KPIaren gainetik igotzea, lanaldiaren murrizketa, guardien konpentsazioa handitzea eta baldintzak hobetzea, errelebu kontratua arautzea, telelana aplikatzea eta antzinatasunagatiko ordainketa hobetzea. Guardien banaketa desberdina hobetzeko antolaketan aldaketak ere aldarrikatzen dituzte.

Baina negoziazioak ez du aurrera egiten Servicios Arga Valdizarbe enpresak uko egiten baitio soldata igoeretan erosahalmena bermatzeari. Egoera honen aurrean, langileek ordubeteko lanuzteak deitu dituzte urtarrilaren 13an eta 27an eta otsailaren 10ean. Lanuzteekin batera hainbat mobilizazio egingo dira. Urtarrilaren 13an, astelehena, elkarretaratzea egingo dute Izarbeibarko Mankomunitatearen bulegoen aurrean (Mendigorria 1 errepidea, 31.100 behea, Gares), 11:45etik 12:15era.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.