ELAk gaur aurkeztu du 16. Kongresu konfederala, ekainaren 2 eta 3an Bilboko Euskalduna Jauregian ospatuko dena "Langileria antolatu, gizartea eraldatu" lelopean. Leloak berak adierazten duen bezala, helburua langile klasea eragile aktibo eta eraldatzaile gisa antolatzea da, gizarte justuago bat lortzeko. Izan ere, "Sindikatu gehiago, bizitza gehiago" da ELAk lau urtean behin gauzatzen duen Kongresu honetarako aukeratu duen leloaren bigarren zatia. Gainera, ELAk probestuko du 1976ko Eibarko kongresuan onartutako printzipioak eguneratzeko.
2021eko kongresuan, ELAk lan sakona egin zuen ildo estrategiko sendo batzuk identifikatu eta zehazteko: prekaritateari aurre egitea, militantzia landu eta sendotzea, lan zentroak sindikalizatzea, genero ekitaterako antolakuntza eraldatzea eta lan planifikatua egituratzea. Lau urte hauetan, ELAk aurrerapauso nabariak eman ditu, baina bide hori ez da inoiz amaitzen. Beraz, ildo estrategiko berberei eutsiko die ELAk.
Gauzak horrela, sindikalismo feminista eraikitzeko bidean, emakumeek pairatzen duten diskriminazioari aurre egiteko barrura eta kanpora begirako planak garatzea planteatzen da, eta genero begirada sindikatuaren egiteko guztietan txertatzea, emakumeen parte hartzeari eta ardura hartzeari leku egiteko.
Hortik harago, ELAk maila guztietan parte hartze esparruak sortu eta sendotu nahi ditu, pertsonak ideologiko, teknikoki eta organizazionalki trebatu, ardurak eman eta ahaldundu. Militantziaren ekintza eremua zabaldu nahi du sindikatuak: enpresetan, noski, baina baita esparru sozial eta politikoetara hedatuz ere. Militantzia integrala sustatu nahi du ELAk.
Lan esparruan, ELAk azpimarratu du inoiz baino aberastasun handiagoa sortzen ari dela langile klasea. Urtez urte enpresek irabaziak handitzen dituzte, baina aberastasunaren banaketan lan errentek pisua galtzen dute eta desberdintasunak eta pobrezia hedatzen ari dira. Horri buelta emateko, KPItik gorako soldata igoerak eta lanaldi murrizketaren alde borrokatzen jarraituko du ELAk. Horretarako, ezinbestekoa izango dira langileen parte hartzea, antolakuntza, mobilizazioak eta grebak.
Batzorde Eragile berrian Mitxel Lakuntza aurkeztuko da idazkari nagusi; Kongresuaren aurkezpenean adierazi duenez, “ELA euskal lehen sindikatua da, eta bere sendotasuna eta kohesioa erakutsiko du 16.Kongresuan; 104.000 afiliatu baino gehiago eta EAEn % 40tik gorako ordezkaritza ditu. ELAk bere nortasun ezaugarriak eta konfrontazioko eredu sindikal autonomoa indartuko ditu. Konfrontazio gaitasuna boterea da; mobilizazioak egiteko eta grebak bultzatzeko ahalmena. Patronalari eta gobernuari gustatzen ez zaien errealitatea da, baina ezin da ezkutatu: grebek hitzarmen hobeak ekarri dituzte”.
Kongresuan eztabaidatuko duen ponentzian, ELAk salatzen du EAEn eta Nafarroan autogobernuaren higadura eta hustearen aurrean euskal erakundeak ematen ari diren erantzuna oso ahula dela. ELArentzat funtsezkoa da lan harremanen euskal esparrua, euskararen estatusa, nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea eztabaidan txertatzea; hau lortzeko, gizarte zibilaren parte hartzea eta mobilizazio sozial indartsuak ezinbestekoak izango dira.
16. Kongresuaren aurkezpenean, ELAk berretsi du Euskal Herriko langile klasearen erreferente izaten jarraitu nahi duela eta egoera okerrenean daudenentzat itxaropena izan nahi duela. ELAko zaharberritutako printzipioek dioten bezala:
“Elkarrekin, sindikatua eginez, oraina eraldatzeko eta etorkizunerako bideak urratzeko gauza izango gara. Euskal Herri burujabe, feminista, euskaldun, sozialista, anitz eta solidarioaren alde lan egiteko helburua ez ezik, itxaropenerako arrazoia eta konpromiso zein mobilizazio kolektiborako etengabeko gonbitea ere badugu. Gora ELA!”
Batzorde Eragilea. Izenak eta funtzioak
Batzorde Eragileko pertsonen eta funtzioen zerrenda proposatu du Nazio Batzordeak, Kongresuan bozkatuko dena. Exekutibarako 3 kide berri proposatzen dira:
- Ane Bilbao Alzelai (Gasteiz, 1993). 2017tik afiliatua, zerbitzu juridikoetan hasi zen ELAn, eta Hezkuntza sektoreko arduraduna izan da.
- Unai Oñederra Egaña (Donostia, 1973). 2009tik Manu Robles-Arangiz Fundazioan lan egin du, eta azken urteetan zuzendaria izan da.
- Luis Fernández Centeno (Iruña, 1973). 1995etik ELAn afiliatua, federazio ezberdinen ardurak izan ditu, eta egun Ezkerraldea-Kadaguako eskualde arduraduna da.
Beraz, kongresuak onartzen badu, hau izango da ELAren Batzorde Eragile berria:
- Mitxel Lakuntza Vicario (Idazkari Nagusia)
- Amaia Muñoa Capron-Manieux (Idazkari Nagusiaren albokoa. Nazioartea)
- Ane Bilbao Alzelai (Zerbitzu Juridikoak)
- Luis Fernández Centeno (Sindikalizazioa, Militantzia, Ekintza Konfederalak)
- Leire Gallego Lopez de Goikoetxea (Ekintza Soziala. Migrazio Politikak. Genero berdintasunerako politikak)
- Iván Giménez Gil (Komunikazioa)
- Pello Igeregi Santamaria (Negoziazio Kolektiboa. Lan Osasuna. Euskara)
- Alazne Mantxola Mintegi (Diruzaintza)
- Aitor Murgia Esteve (Politika Sozialak. Azterketa Bulegoa. Ingurumena)
- Unai Oñederra Egaña (Prestakuntza. Iparraldea. Estrategia Soberanista)
- Leire Txakartegi Iramategi (Antolakuntza)
- Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña (Afiliazioa, Hauteskunde Sindikalak, Informatika, Kudeaketa Sistema eta Genero Ekitaterako Plana).
Kongresuaren datuak:
Sindikatuaren estatutuei jarraiki, ELAko 736 delegaturen artean eztabaidatuko da Batzorde Eragileak aurkezturiko kudeaketa txostena, baita datozen lau urteetako lan ildoak zehaztuko dituen ponentzia ere. Prozesu hau oso aberasgarria izaten ari da, bertan ehunka delegatu parte hartzen ari direlako. Kongresurako hautatutako 736 delegatuak batetik sindikatua osatzen duten eskualde edo lurraldeetatik datoz, eta bestetik, federazio sektorialetatik (Industria eta Eraikuntza, Zerbitzuak eta Gizalan), betiere talde bakoitzaren afiliazioaren arabera. Hau da, eskualde eta lurraldeka 350 lagun izendatu dira eta beste 350 federazioetatik. Gainontzeko 36 pertsonak Nazio Batzordeko kideak dira.
Kongresuan izango diren 736 delegatuen artean, 344 gizonak dira eta 392 emakumeak (%53,2). Horrek agerian uzten du sindikatuaren genero berdintasunaren aldeko apostua. 2008. urteko kongresuan emakumeen parte hartzea % 30,3koa izan zen; 2013an, berriz, % 33,4koa, 2017an, % 42,8koa, eta 2021ean, %47,2koa. Datu hauek guztiak eta bestelako nobedade guztiak, propio sortutako webgunean izango dira eskuragarri: www.ela.eus/kongresua.