Euskal sektore publikoko sindikatuek eta langileek erakundeei behin eta berriz eskatu arren lan baldintzak Euskal Herrian erabaki ditzaten, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, hiru foru aldundiek eta udalek bere eskumenei muzin eginez, 200.000 langileri aplikatzen diete Madrilen sinatutako sektore publikoaren gaineko akordioa. CCOOk, UGTk eta Estatuko Gobernuak 2022an sinatutako ‘XXI. mendeko Administrazio baterako Esparru Akordioa’-ren aplikazioak ekarri du euskal langileek azken hiru urteetan %5,8ko erosahalmena galtzea, eta %20a 2010etik.
"Akordio historiko" honek langile publikoen pobretzea, behin-behinekotasun tasa onartezinak eta zerbitzu publikoen ahultzea besterik ez duela ekarri salatu du ELAk, eta lan baldintzak Euskal Herrian erabaki daitezen, grebak, mobilizazioak eta hainbat ekimen bultzatzen jarraituko duela ohartarazi du. Horren adibide dira datorren astean hezkuntza publikoan egingo diren grebak eta lanbide arteko gutxieneko soldata hemen erabakitzeko Herri Ekimen Legegilea.
Guzti horrengatik, Euskal Herrian lan baldintzak erabakitzeko neurriak eskatu dizkie ELAk alderdi politikoei eta erakundeei.