2024-06-28 12:58
ELAk jasotako lehen datuen arabera, langile bat larri zauritu da Haizea Wind enpresaren instalazioetan, Santurtziko portuan. Langilea kurbatzeko makina batean lanean ari zela, eta piezaren eta makinaren artean harrapatuta geratu da.

ELAk askotan salatu du langileek segurtasun-baldintza txarrekin lan egin behar dutela. Bereziki salatu ditu arriskugarritasun handiko makina horretan erabiltzen diren lan-prozedurak; makina horrek 20 eta 30 tona arteko piezak kurbatzen ditu, eta erabilitako prozedurak ez dira egokiak lan-osasunaren ikuspegitik. Langileak 50 urte ditu, azpikontrata bateko langilea da eta oso denbora gutxi zeraman makina horretan lanean.

Prekarietateak eragin oso negatiboa du lantokietan, eta lan-baldintzak urtetik urtera okerragoak dira. Patronalak arrisku larrian jartzen ditu langileen bizitza eta osasuna ekoizpenaren onurak handitzeko. Ez da lehenesten laneko segurtasuna. Ez da behar adina inbertitzen laneko prebentzioan eta/edo segurtasunean, ez zaio garrantzirik ematen informazioari eta/edo prestakuntzari. Eusko Jaurlaritzak eta lan-osasunean inplikatutako erakundeek lehentasuna eman beharko liokete lan-baldintzak hobetzeari eta lantokietako prekarietatea ezabatzeari, pairatzen dugun ezbehar-tasa onartezina errotik aldatzeko lan-baldintza egokiak bermatuz.

ELA lanean ari da datu gehiago biltzeko, baina dagoeneko 28 langile hil dira Hego Euskal Herrian 2024an lan-istripuen ondorioz. Zehazki, Bizkaian 6 dira, eta makinek edo piezek harrapatuta, 4.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.