2025-03-06 13:44
Arabako ehungintza eta oinetakoen sektoreko langileek kaleak hartu dituzte berriro, ARTE marka handien patronalak Hego Euskal Herrian inposatu nahi duen Estatuko lehen hitzarmenaren aurka.

ELAk positibotzat jo du Arabako ehungintza eta oinetakoen merkataritzako greba eguna, jarraipen handia izan baitu. Natura, Woman 's Secret, Mayoral, Parfois, Bershka, H&M eta Primark dendetako langileek babestu dute deialdia, eta itxiera partzialak eta erabatekoak egin dituzte Arabako hainbat dendatan.

Plantilla 2023tik ari da borrokan, ARTE marka handien patronalak estatuko lehen hitzarmenaren negoziazioa sustatu zuenetik. ELAk aldarrikatu du Hego Euskal Herria aplikazio eremutik kanpo geratzea eta borrokari eta antolaketa sindikalari esker lortutako lan baldintza hobeak jasotzen dituzten hitzarmen probintzialak ezartzea.

ELAk gogorarazi du ARTE patronalaren estatuko hitzarmena Hego Euskal Herrian aplikatuko balitz, lan baldintzak ez ezik, probintziako hitzarmenen negoziazioa bera ere jokoan egongo litzatekeela.

Bihar ARTE patronala sindikatuekin bilduko da Madrilen, Estatuko lehen hitzarmena negoziatzen jarraitzeko. Horren aurrean, Gipuzkoako eta Bizkaiko ehungintza eta oinetakoen merkataritzako plantillek mobilizazioak egingo dituzte.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.