ELA, LAB, CCOO, UGT eta STEILAS sindikatuek prentsaurrekoa eman dute otsailaren 15ean Nafarroako sektore publikoan greba deialdia iragartzeko.
Sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea eskatzen dute, ezinbesteko baldintza baita zerbitzu publiko hobeak eraikitzeko. Besteak beste, sektore publikoko pribatizazio politikarekin amaitzea eta orain arte pribatizatu dena iraultzea, Nafarroako Gobernuak bere autogobernu eskumenak gauzatzea, enpleguaren egonkortasuna eta behin behinekotasuna % 8tik behera murriztea eta plantillaren dimentsionamendu egokia eskatzen dituzte.
Hobekuntza horiek langile guztientzat egin behar dira, eta horretarako legez ezarritako mahai eta foroetan negoziatu behar dira. Horregatik, deialdi honen bidez, Nafarroako Gobernua behartu nahi dute Mahai Sektorialetan eta Mahai Orokorrean negoziazio erreal eta edukizkoa egitera.